Jesus Mari Olaizola 'Txiliku', liburu aurkezpenaren aurretik. Jose Mari López
Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' | 'Urte urdin ihesak'

Atzera begirako ariketa «ez dagoen mundu bat ezagutzeko gogo edo grinetik»

Jesus Mari Olaizola 'Txiliku'-k 'Urte urdin ihesak' (Elkar) eleberria argitaratu du

Jon Agirre

Donostia

Miércoles, 5 de febrero 2025, 13:09

Denbora igarotzeko jolas bezala kalean honi eta hari begira jarri zen egun askotan Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' amarekin batera, maiz aspaldiko garaietako istorioak ere mintzagai izanda: orduko baserri eta tabernak, lan eta jolasak, ikarak eta ametsak... «Kontakizuna munduko gazarik garrantzitsuena da, norbaiti adierazteko egin duguna, ezagutzen duguna. Badago behar bat, jarraitzen du eta beti jarraituko duena», azaldu du Jesus Mari Olaizola 'Txiliku', idazleak. Orduko horiek bildu ditu asteazken honetan aurkeztutako 'Urte urdin ihesak' (Elkar) liburuan.

Publicidad

Eleberria da izatez, istorio bat kontatzen duelako, baina atalak independenteak dira eta banaka irakur daitezke, ia ipuinak balira bezala. Hala ere, Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak galdetuta, ipuin-bilduma sailean baino, eleberrian sailkatuko luke idazleak.

'Urte urdin ihesak'

  • Egilea: Jesus Mari Olaizola 'Txiliku'.

  • Argitaletxea: Elkar.

  • Orrialdeak: 168.

  • Prezioa: 17,5 euro.

'Txiliku'-k bere «geografia hurbilera eta memoria intimora» jo du testuan, eta emaitza oso pertsonala bada ere asko du «unibertsaletik», biek nabarmendu duten bezala. «Garai eta lekuak zehatzak izan arren, unibertsaltasun bat arnasten da», adierazi du Mendigurenek. Era berean, atzera begiratze horretan nostalgia ukitu bat badela azaldu dute, baina ez duela liburua erabat blaitzen, gehiago duela «atzera begiratu eta ez dagoen mundu bat ezagutzeko gogo edo grinetik». Ildo horretan, memoriak egin ohi dituen tranpak mahaigaineratu ditu idazleak eta, beraz, 'Urte urdin ihesak' ere baduela «gezurretik». «Oroitzapen liburu bat da, baina beti esan ohi da memoria gezurtia dela eta badu gezurretik ere. Oroitzen ditugunak zehatz-mehatz ez dira egia, bakoitzak berea du».

Jasotako istorio eta kontakizunetan askotarikoak aurkituko ditu irakurleak, denak ama bizi izan zen garaikoak, XX. mendea eta XXI.eko hasiera, tartean gogorrak ere, agerraldian hausnarketarako tartea eman duena. Urte luzez ohikoa izan da zenbait gairi buruz ez hitz egiteko joera, liburuan amak idazleari esaten dio ere «hau ez kontatu» bezalakorik. Besteak beste kontu kriminalak edo oso gogorrak, esaterako Iturriotzeko bentatik 300 metrotara zegoen Mugaratz baserrian gertatutakoari buruzkoak. «Kontatu behar ez zen istorioa zen, baina bertsoak atera eta saldu ziren eta... »

Azken izenburua 'Urte urdin ihesak' izan bada ere, Lizardik bere poema batean erabilitako lerroak baliatuz, liburuak «istorio luzea» duela azaldu du egileak eta bidean «gauzak aldatzen» joan direla. Hala, lehenik 'Zu hemen zaude' izan behar zen liburua, gerora atal bateko izenburua dena, eta «leku bat eta horri lotutako sentimenduak, ingurua» kontatzea zuen helburu. Ostean 'Oroimenen topografia' antzeko bat izan zen, baina «pretentziosoa» iruditu zitzaion eta behin Lizardiren aipuarekin topo eginda argi ikusi zuen. «Niretzat jaso zuen».

Publicidad

Agerraldian Mendigurenek goraipatu duen bezala, «harrigarria» da 'Txiliku'-k «gai zabalei buruz duen jakintza». «Esan ohi da zientzietakoa edo letretakoa izan behar dela, biak hartzen ditu guztiz eta zabal. Goi kultura deitzen zaiona baduen bezala, herrikoia edo esaerak, garai bateko tresnak, ohiturak... edozein kontu xehe eta xume dominatzen du», gehitu du.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad