Borrar
Beñat Sarasola idazlea, agerraldiaren aurretik. Iñigo Royo
Beñat Sarasola: «Poema batetik nobela bat egin dut»
'Coca-Cola bat zurekin'

Beñat Sarasola: «Poema batetik nobela bat egin dut»

Frank O'hararen testuak sortutako bulkadatik ondu du Beñat Sarasolak 'Coca-Cola bat zurekin', egilearen bizitzako tarte bat fikzionatuta

Jon Agirre

Donostia

Miércoles, 4 de septiembre 2024, 18:52

Historiako pertsonaia esanguratsu bat, haren bizitzako pasarte bat, dokumentazio lan itzela eta, ostean, fikzionatzea edo nobelizatzea. Prozedura horixe jarraituz ondu du Beñat Sarasola idazleak bigarren eleberria, 'Coca-Cola bat zurekin' (Susa), nahiz eta bidea ez den hain zuzena izan. Frank O'Hara poeta estatubatuar eta New Yorkeko MoMA museoko arte-komisarioa da ardatz nagusia, barne-istorioari estruktura ematen dioena, eta liburuarekin nolabait aspalditik ondoan edo gertu zuen proiektua gauzatu du Sarasolak.

Lehen liburua idatzi zuenerako, 'Kaxa huts bat' izeneko poema-bilduma (Susa, 2007) ezagun zuen jada O'Hara, umorez azaldu duen bezala. Sautrela saioan «ustez imaginatiboki» 'Lunch poems' gomendatu zuen, gaztelaniara itzuli zen lehena, hein batean bere literatur jarduna inspiratu zuelako ere. Ostean haren literaturan murgildu zen eta heldu zen 'Coca-Cola bat zurekin' eleberriaren ernamuina izan zen poemara. Testuak harrapatu egin zuen, bereziki 'Coca-Cola bat zurekin hartzea are dibertigarriagoa da Donostia, Irun, Hendaia, Miarritze, Baionara joatea baino' pasarteak. Oso berea duen «chauvinismo donostiarrari» egotzita, aipuaren zergatia jakin nahi izan zuen. «Ez zen ikerketa sakonegia behar izan», bota du bere duen estiloaz.

Hala heldu zen 1960ko udan, uztailaren 20tik irailaren 28ra, poetak MoMAn arte komisario gisa zuzendu behar izan zuen lehen erakusketaren prestaketa lanetara eta, horien harira, aipatutako hirietara egin zuen bisitaz. Espainiako pintura eta eskultura berriaren lagin on bat biltzea zen ideia, Leire Lopez Ziluaga Susako editoreak azpimarratu bezala, 'Spanish painting and sculpture' izeneko erakusketa prestatzen ari baitzen. Martxoan hasi zuen eta apirilera arte Madrilen, Bartzelonan eta Donostian -egun eta erdiz- izan zen, ostean Paris aldera joateko. Poeman azken egun horiek islatzen dira, Vincent Warren dantzari eta maitaleari idatziak. «Harreman sutsua izan zen, bere bizitzako maitasun sutsuena, baina ez oso luzea, pare bat urte, eta halako gehienak bezala oso gorabeheratsua», xehatu du Sarasolak. Era horretan, gainera, topiko bat hautsi zuela gehitu du umorez, «maitemindurik ezin dela ondo idatzi». Aro horretan idatzi zituen O'Harak poema ezagunenak, aipatutako lana edota 'Love poems' esaterako. «Kaotikoa zen, poema solteak idazten zituen eta pilatu ostean liburuak ateratzen zituen. Publikatzea bigarren mailakoa zen», azaldu du.

Bidaia erdian

1960an egindako bidaia hartan orotara 16 artista hautatu zituen eta garaian «oso kontu gatazkatsua» izan omen zen. Bi ziren talde nagusiak, Madrileko El Paso kolektiboa eta Bartzelonako Dau al Set, eta horiez gain Oteiza eta Chillida eta hautatu zituen. Susako editoreak oroitu bezala «erregimen frankista arteaz baliatu zen» eta beldurra zen errepikatuko ote zen. Tarte hori baina zabalagoa nobelatu du Sarasolak, aurreko bolada eta ostekoa ere fikzionatu baititu; zehazki 1959ko abuztutik 1961eko irailera. «Ildo ezberdin nahikotxo ditu ditu liburuak, denak elkarri hari finago edo sendoagoaz lotuak», azaldu du Lopez Ziluagak. Horietatik hiru nabarmendu ditu: jada aipatutako MoMAn egin zen erakusketari buruzkoak, Warreni idatzitakoak eta, azkenik, Oteiza eta Chillidarekin lotutakoa. Lehenaren «izaera trumoitsua eta Montevideon pasatu zituen egunak» eta bigarrenarekin izan zuen harremana jasotzen dira.

Liburuan, hain zuzen, O'Hara eta Warren nabarmendu ditu protagonista nagusi bezala, Joe LeSueur-ekin batera. Azken hau etxe eta bolada ezberdinetan pisukide izan zen eta haien arteko harremana «gure kontzepzio heterosexualetatik azaltzeko zail» bezala kalifikatu du idazleak, harreman luzeena izan baitzen eta amorante izateaz gain lagun izan zirelako.

'Coca-Cola bat zurekin'

'Coca-Cola bat zurekin'
  • Egilea: Beñat Sarasola.

  • Estiloa: nobela.

  • Orrialdeak: 328.

  • Prezioa: 22 euro.

  • Azala: Joaquin Gañez.

Azken testuarekin arantza kendu duela nabaritu da aurkezpenean. «Lagun batek esan zidan zirudiela argazki finko batzuek bizia hartzen dutela liburuan. Hori dokumentazio lan on baten emaitza da, literaturak bizia edo dinamismoa ematen die. Funtzionatzen badu, behintzat, hori egiten du nobelak», azaldu du.

Hasiera batean, hala ere, ideia ez zen eleberri bat idaztea Sarasolak aurkezpenean onartu duen bezala. «Hein batean liburua porrot baten ondorioa da, asmoa saiakera literarioa idaztea zelako», azaldu du umorez. Ofizioz unibertsitatean ikerketak egin eta lan akademikoak idaztea egokitzen zaio, «inpaktuzkoak diren aldizkarietan» zehaztu du ironia finez, eta eskatzen duten estilo zehatz hura barnetik ateratzen zaio ez-fikzioa idazten duenean. «Idazkera mota horroroso horretara jotzen dut», azaldu du. Zapore gazi-gozo horrekin, eta dokumentazio lan handia egina zuenez, nobelizatzea pentsatu zuen eta «literatura bidez zerbait garrantzitsuagoa» egin zezakeelakoan.

Ildo horretan tarteka-edo esaten den «poetak lerro gutxi batzuetan idazteko gai dena nobelagileak ehundaka orri behar dituela» dioen aipua berreskuratu du eta, bere kasura eramanda, aitortu du eleberria poema bati idatzitako lana dela. «O'Hararen 'Coca-Cola bat zurekin' 300 orrialdetara eraman dut».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Beñat Sarasola: «Poema batetik nobela bat egin dut»