Urgente Las 10 noticias clave de la jornada
Nerea Loiola, 'Zebrak eta bideak' (Erein) ipuin-bilduma aurkeztu aurretik. Iñigo Arizmendi
Nerea Loiola | 'Zebrak eta bideak'

Bizitzak ezarritako «erronka eta bidegurutzeei aurre» egin beharko dieten sei emakume

Nerea Loiolak 'Zebrak eta bideak' (Erein) ipuin-bilduma aurkeztu du, estilo propioz eginak eta «ahots eta egitura desberdinak» probatuz

Jon Agirre

Donostia

Miércoles, 6 de noviembre 2024, 14:46

Bizitzak ezarritako «erronka eta bidegurutzeei aurre» egin behar izan diote Nerea Loiolak idatzitako 'Zebrak eta bideak' (Erein) ipuin-bildumako pertsonaiek. Sei testu dira osotara, «bata bestearekiko oso ezberdinak», hein handi batean «istorio bakoitzari bere espazioa» eskaini diolako «libre uzteko, izan nahi edo izan behar duenari askatasunez izaten uzteko». Izan ere, 2021eko udazkenean hasi zuen prozesua, ia lehen narrazio-bilduma, ('Epizentroa', Erein) aurkeztu zuenean. Raul Guerra Garrido literatur bekaren laguntzarekin idatzi du bigarrena.

Publicidad

Bildumari azken narrazioak ematen dio izenburua, batik bat duen «sinbologiagatik» eta zenbaitetan errepikatzen diren elementuak -zebrabideak, bidegurutzeak- barnebiltzen dituelako. «Halako osotasuna ematen dio», azaldu du. Horretaz gain, behin emaitza eskuan zuela konturatu zen gai batzuk maiz azaltzen direla, esaterako «maitasuna, desioa, sexua, emakume gorputza, gizarteak ezarritako genero espektatibak, amatasuna, beldurra, antsietatea, nahiak/ardurak/ezinak». Horren gainetik, hala ere, «giza harremanetan ezarritako ardatzak eta sortutako atmosfera narratiboak» nabarmendi ditu bizkarrezur bezala. «Arreta handia jartzen saiatu naiz harremanetan, detaileetan, keinu eta ekintza txikietan. Nahi izan dut unibertsala den horretara iritsi, xehetasunetik abiatuta», azaldu du.

'Zebrak eta bideak'

  • Egilea: Nerea Loiola.

  • Argitaletxea: Erein.

  • Estiloa: Ipuin-bilduma.

  • Orrialdeak: 144.

  • Prezioa: 19 euro.

Xehetasunetan arreta jartzeko Loiolak duen gaitasuna goraipatu du Mujikak. «Kontatzeko modu lotsagabea, konplexu gabe, freskoa eta askea du, baina ez du esan nahi oso pentsatua ez denik. Oso elaboratua da». Estilo horrekin, gainera, irakurleari «sakontasun psikologiko handiko» sei argazki independente erakutsiko dizkio, pertsonaien «desira eta beldurrak» plazaratuz, hauekiko, bai nagusi zein marjinal, «enpatia eta xera handia erakutsiz», hainbeste non irakurlea interpelatua sentituko den. Aipatutako ezaugarriek osatzen dute, Ereingo kidearen aburuz, Loiolaren estilo eta «kontatzeko modu oso identifikagarria. Atzean den luma ezagun egiten da. Istorioak ederki kontatzen daki, oso interesgarriak gainera, eta atmosferak eraikitzen sinesgarri eginda».

Idazleak lehen lanarekiko ezberdintasunak ere mahaigaineratu ditu eta «ahots eta egitura desberdinak» probatu dituela aurreratu du. «Orain arte egin gabekoak egin nahi izan ditut begirada ezohiko lekuetan jartzen». Hala, ipuin batzuk «laburrak, kasik sentsazio edo une bat harrapatzen dutenak» dauden bezala, «arnas luzekoak, nobelaren pultsura» gerturatzen direnak ere badirela azaldu du, baita protagonisten ahotsetik kontatutakoak zein kanpo narratzaile batek kontatutakoak. «Geruza askoko istorioak dira, hizkuntza soilarekin eta giro eta tonuek ilunak eta dramatikoak umore erabiliz orekatzen saiatu naiz».

Liburuak aurkezterakoan, azkenik, Loiolak argi du «lehen harremana» liburuaren azalarekin egin dela eta oso eskertuta azaldu da Jon Arangurenek egindako lanarekin. Ez da lehen aldiz, aurreko narrazio-libururako ere berak egin baitzuen. «Ezaguna nuenetik miresten dut bere estiloa, soiltasun emankorra transmititzen dit». Azalpenik, aldiz, ez du gehitu nahi izan bere hitzak jarriz «artelana kaltetu, mugatu, eta txikitu» egingo duela iritzita eta, beraz, nahiago izan du «bakoitzaren gogamenean aske hegan egin dezan» utzi.

Publicidad

Hitzartzean Mujikak oroitu duen bezala idazle lanetan helduentzako idatzitako bigarren liburua da, 2021ean kaleratutako 'Epizentroa' ipuin-bildumaren ostean. Horretaz gain, haur eta gazte literaturan hainbat lan ditu -'7G udalekuak', Azken denbora', 'Miraren mendekua', 'Naian'- eta laster helduko da 'Eskapu' bildumako hirugarrena, 'Arrisku Handiko Trena'. Horretaz gain prentsan iritzi emaile ohikoa da Berrian eta gidoigile edo komikigile bezala ere aritua da.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad