'Txipiroiak bere beltzean'

JAVIER ROJO

Martes, 21 de enero 2020, 13:06

Ia berrogei urtez luzatzen da Rafa Egigurenen literatura-ibilbidea, baina egia esan berrogei urte honetan ez du idazlan askorik argitara eman. Urtez luzea bezain kopuruz laburra baita ibilbide hori. Hala ere, kopuru labur horretan beti kalitate berezi baten marka utzi du, obrak ontzen eta umotzen uzten dituen egile baten aurrean gaudelako froga. Bere literatura ezagutzen dutenak konturatuko ziren ekialde urruneko munduaren lilura eta aztarna agertzen direla oso maiz Egigurenek idatzitakoetan, sinadura moduko bat ia. 'Txipiroiak bere beltzean' izenburua jarri dion narrazio bilduma honetan ere halako sinadura aurkitzen dugu. Narrazio batzuk ekialdeko mundura daramate, besterik gabe Txina edo Japon bezalako tokietan kokatuta baitaude argumentuak. Baina besteetan zeharkako erreferentzien bidez nabaritu dezakegu hango munduak sortzen duen lilura, adibidez, narrazioetako pertsonaiaren batek hango liburu bat irakurtzen duenean. Edonola ere, mundu exotiko hori hondoan dagonean ere erreferentzia-puntu-tzat har daiteke.

Publicidad

Txipiroiak bere beltzean

Egilea:Rafa Egiguren

Argitaletxea: Susa

Orrialdeak: 208

Prezioa: 18,00 euros

Ezaugarri honekin batera, beste ideia bat topatzen dugu maiz hemengo narrazioetan, kasu honetan narrazioen barne mugimendua zuzentzen duen ideia, honela laburbildu daitekeena: aldez edo moldez, bizitzea paper bat jokatzearen parekoa da, bizitza bera simulazio handia izango bailitzan. Teatroaren aipamena izan daiteke, edota besteek norberarengandik espero duten bezala jokatu beharra; ametsaren eta esna egotearen artean dudak planteatzea, edota maskararen atzean benetako aurpegia gorde-tzea, halako moduan non maskara eta aurpegia nahasirik gelditzen diren... pertsonaien bizitzetan beti dago irudikatu beharra, esaldi ezagunaren bidez adierazten dena: bizitza teatro hutsa da. Eta honek uzten du bizitza bera fartsa edo broma ikaragarria delako inpresioa.

Rafa Egigurenen narrazioek, bestalde, dagoeneko desagertuta edo desagertzear dagoen mundu bat ekartzen dute begiradara, mundu bat, non erlijioa edo, hobeto esateko, eliza erdigunean dagoen. Eta idazleak teknika eta estilo aniztasunaren erakusketa eskaintzen duen bitartean, irakurleek narrazioen gozoa dastatzeko aukera izango dute orrialde hauetan zehar.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad