

Secciones
Servicios
Destacamos
nerea azurmendi
Miércoles, 20 de abril 2022
2012an 103 urte zituela hil zen Rita Levi-Montalcini neurologo italiarraren aipu batek irekitzen du Pamielak argitaratu duen 'Azken etxea', Arantxa Urretabizkaiaren bosgarren nobela: «Ezin dugu bizi zahartzaroa gaztaroa gogoratuz, baizik eta planak egiten gelditzen zaigun denborarako, egun bat izan edo hilabete bat edo urteak izan (...)».
Hitz horietan dago beste mota bateko literatura lanetan aritu den hamarkadaren ostean ekarri duen nobela berriaren arima. Ezpain gorriak nagusi diren Xabier Idoateren azalean ere bai. Zeren eta zaharrak baitira eleberriko protagonistak, baina ez «ohiko zaharrak»; are gutxiago «zahar maitagarri eta entrañableak».
Deskribapen horretatik oso urrun dago, esaterako, protagonista, gainerako pertsonaia gehienen modura ezohiko bizimodua izan duen zahar ezohikoa. Bizitzaren azken urteak igarotzeko azken etxearen, azken habiaren, bila dabil. Hendaia aldeko etxe bat joko du begiz, tematuko da, eta edozertarako prest egongo da hori lortzeko, iraganeko mamuak iratzartzearen truke bada ere.
Oraingoz azken nobela zuen 2010eko '3 Mariak'-eko protagonistek ere zahar izateko modu tradizionalari uko egiten zioten, baina oraingoan beste urrats bat egin du laster 75 urte beteko dituen idazle donostiarrak. Horixe nabarmendu du editore lanetan aritu den eta Urretabizkaiak atzoko aurkezpenean lagun izan duen Iratxe Retolaza literaturan aditu, literatur-kritikari eta UEUko Literatura sailburuak.
Editorearen hitzetan, Arantxa Urretabizkaia 1979an 'Zergatik panpox' nobelarekin eraikitzen hasi zen unibertso literarioan erabat txertatuta dago 'Azken etxea' –«espero dezagun ez dadila izan azken nobela, beste etxe bat baizik»–, baina idazlea ez da konformatu hor jarraitzearekin.
Urretabizkaiaren lanetan, alegia, «beti dago giza harremanen ikuspegi berezia, bizi-ibilbide eta bizi-hautuetan oinarritua, lotzen duena besteen begiradak eta besteen ahotsek duten eraginarekin». Unibertso literario horren oihartzuna argia da 'Azken etxea' nobelan, baina idazlea joan da «koska bat haratago. Kontatzeko beste modu bat dago, beste tonu bat».
Izenburua. Azken etxea.
Idazlea. Arantxa Urretabizkaia.
Argitaletxea. Pamiela.
Orrialde kopurua. 160.
Salneurria. 12,90 euro.
Ohi duen moduan, hainbat pertsonaien ikuspegitik kontatu ditu 'Azken etxea' nobelako gorabeherak, baina kontatzeko eran arrisku ere izan daitezkeen erronkak hartu ditu bere gain. Uko egin die, esaterako, solaskideak txandakatzen doazen elkarrizketa marratxodunei, nahiz eta badakien irakurle asko uxatu egiten dituela horien faltak. «Elkarrizketak destilatu egin ditut, ahozko hizkeran egiten dugun bezala, eta saiatu naiz dena orainaldian idazten, gertatu ahala jakin dezan irakurleak zer ari den gertatzen», esan du Urretabizkaiak, aitortuz azken hautu horrek zenbait eragozpen sortu dizkiola, «euskarak baduelako denari iragan kutsua emateko joera».
Bide erosoari eutsi beharrean, modu oso kontzientean egin du urrats berria, nahiz eta jendartearen begietara zahartzaroa ez izan berritzeko, saiatzeko eta arriskatzeko garairik aproposena.
«Zailtasunekin borrokan ibili naiz, baina hau egiteko gogoa neukan, eta egin egin dut –azaldu du idazleak–. Esaten dute zaharroi tokatzen zaigula deskantsatzea eta disfrutatzea, baina ni ez nator horrekin bat. Harrera ona ez bada, kontu korrontean ez du eraginik izango, baina bestela ere ez. Autoestimuan agian bai, baina literaturan ez naiz batere arrazionala, senari heltzen diot».
Nobelan badagoenez «pertsonaien bizi-ibilbideetan oinarritutako intrigazko eremu txiki bat» –'thriller krepuskular' gisa definitu omen du norbaitek– ez zuten askorik kontatu eleberriko pertsonaia eta gertaeren inguruan, ez bada esateko denek eraman dituztela «bizimodu ez tradizionalak, estereotipoetatik urrun».
Arantxa Urretabizkaiak oso argi utzi du halaber azken bost urteotan esku artean izan duen eleberria –pandemia garaietan idatzia izan arren pandemiaren arrastorik ez duena–, ez dela inondik ere autobiografikoa. «Ez da autoezer. Nik ez nuke hartuko protagonistak hartzen duen bidea. Ez dakit haien laguna izango nintzatekeen ere...», esan du, irakurleen aurreneko iruzkin eta iritziak jasotzen hasteko irrikaz.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Favoritos de los suscriptores
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.