Durangoko Azoka
Sortzaile eta kulturazaleen topalekuDurangoko Azoka
Sortzaile eta kulturazaleen topalekuItziar Altuna
Durango
Sábado, 7 de diciembre 2024, 10:28
Durango. Herritarrek Landako bete zuten Azokaren bigarren egunean ere. Euriak ez zituen atzera bota, eta goizeko hamarretatik ilarak sortu ziren Azokaren gune desberdinetan, izan ere, edukiera beteta, sarrera mailakatu behar izan zen, bisitarien esperientzia «ahalik eta erosoen» izan zedin, antolatzaileek adierazi zutenez.
Publicidad
Ikasleei eskaini zitzaien lehenengo eguna eta atzokoan gazteak izan ziren protagonista, egitarauan beraiei zuzenduriko ekintza ugari txertatu baitziren, belaunaldi berriak erakartzeko helburuarekin. Hala ere, familiak eta lagun taldeak izan ziren nagusi Landakon egun osoan zehar. Kulturazale askok gutxienez egunen batetan Durangora hurbiltzeko ohitura dute aspalditik, Iñaki eta bere kuadrillak bezala. «Gasteizetik urtero etortzen gara. Hona iristean banandu egiten gara, bakoitzak bere kabuz Azokan nahi duena ikus dezan, eta ondoren bazkaltzera elkarrekin joateko elkartuko gara». Atzokoan, Elorriora joan ziren, Durangoko jatetxe eta tabernak ere jendez gainezka izaten baitira egun hauetan.
Hainbat erakusmahaietan ilarak izan ziren idazleekin hitz egiteko eta hauek liburuak sinatzeko. Jon Arretxe pozik ari zen Touréren bildumako azken liburua irakurleei erakusten; alboan Toti Martinez de Lezea, aurten bere azken lanarekin, 'L´Arratien'; Mikel Reparazek 'Amerikaren arrakalak' liburuaren hainbat ale sinatu zituen; Uxue Alberdik 'Hetero' lana aurkeztu zuen eta Ane Labakak 'Murmur'. Musikariek ere zaletuekin egoteko aukera ez zuten galdu eta beraiek izan ziren gazteengan ikusmin handiena sortu zutenak. Besteak beste, Izaro bere gabonetako disko berriarekin izan zen; Sünek bere estreinako bakarkako lana, 'Amaineman', eraman zuen, eta Gorka Urbizuk 'Hasiera bat' proiektua aldarrikatu zuen.
Esti Markezek bigarren aldia du erakusmahai propioarekin Azokan. Lehengo urtean 'Hitzekin jolasean' diskoarekin izan zen eta aurten bigarrenarekin, 'Atemporal'. Jendeak orain «gehiago» ezagutzen duela ohartu da, «lehen Mikel Markezen alaba nintzen...». Bere aita ez zebilen urrun, beste sortzaileekin elkartzeko egunak baitira hauek beretzat, «beste esparruetako artistekin egoteko aukera bikaina eskaintzen du Azokak», zioen.
Aurtengo edizio honetan guztira 933 kultur nobedade daude Azokan, eta lan berriak aurkezteko 200 ekitaldi inguru programatu dira. Aurkezpenen artean, atzo Euskaraldiaren laugarren edizioaren kanta aurkeztu zen Bulego taldeko kideekin, beraiek izan baitira kantuaren egileak. Euskaraldiko koordinatzaile den Goiatz Urkijorekin batera izan ziren ekitaldian talde azkoitiarreko kideak, Tom Lizarazu, Xabi Arrieta eta Ruben Lizarralde.
Publicidad
'Gure bihotzaren taupadak' izenburupean, Euskaraldiaren izaera anitzarekin «bat egiten duen kanta» sortu dute, «edonork entzuteko moduko abesti herrikoia eta polita», azaldu zuen Tom Lizarazuk. Eskertutak azaldu ziren azkoitiarrak Euskaraldiaren kanta sortzeko aukera izanagatik. «Hainbeste eman digun hizkuntzari bueltan ematen ari garela sentitzen dugu», esan zuen eta euskarak bizi duen «larrialdi linguistiko honetan» kantu hau «gure alea da».
Lizarazuren hitzetan, euskara Bulegoren nortasunean errotua dago. «Uste guztien kontra ikusi dugu gure hizkuntza dela atzerrira joaten garenean beste talde batzuen aurrean bereizten gaituen ezaugarri garrantzitsuenetako bat, eta horrek ateak irekitzen dizkigu», aitortu zuen. Horregatik, «norbanako bezala euskararekiko dugun ardura beharrezkoa» dela aldarrikatu zuen aurkezpen ekitaldian.
Publicidad
Bulego taldeak «herriarentzat», egin duen kanta da 'Gure bihotzaren taupada', Goiatz Urkijoren esanetan, «edonork entzuteko modukoa», udaberrian egingo den Euskaraldian dagoeneko lanean ari diren guztiek barneratuko dutena, baita partaideek ere.
Abestiarekin batera, bideoklipa ere aurkeztu zen, Mey Monteroren zuzendaritzapean Cosmictree ekoiztetxeak egin duena, eta Leganesen grabatu zutena.
Baina aurkezpenez gainera, beste hainbat ekitaldiren bilgune da Durangoko Azoka. Honela, gaur Nestor Basterretxeari esker ona erakutsiko dio Gerediaga elkarteak Landako Areto nagusian antolatu duen ekitaldian (10.30ean). Hitanoa praktikazeko 'Hikadromoa' ere egingo da 16:00etan Landako eskolan; Kurdua eta euskarari buruzko mahaingurua ere aurreikusi dute 16:30ean Museoan, eta leku berean, 18:30ean Europako hizkuntza gutxituetako editoreen topaketa hasiko da. Egunari amaiera emango dio Ahotsenean artista kurduen eta euskaldunen arteko musika emanaldiak 22:30ean.
Publicidad
Ibon Martin Idazlea
Azokako egunak idazle guztientzat «garrantzitsuenak» direla dio Ibon Martinek. Horregatik, egunero hurbiltzen da Landakora liburuak sinatzera eta bere irakurleekin hitz egitera. Izan ere, jarraitzaile asko ditu idazle donostiarrak, haur eta helduak, eta ilaran itxaron behar dute denek beraien txanda idazleak liburua sinatzeko. Txikienek Onin, eta orain Sira-ren abenturak dituzte gustuko, Olatz eta Oierrek bezala. Leioatik hurbildu ziren atzo Durangora eta idazlea ezagutu nahi izan zuten. Bakoi-tzak liburu bana erosi zuen eta idazlea gertutik ikusteko aukera izan zuten.
Helduek aldiz, bere misteriozko nobelak nahiago dituzte, eta bati baino gehiagori penatu zion bere hurrengo nobela, 'Alma negra', oraindik argitaratu ez izana. «Urtarrilaren 7an aterako dugu», gogoratzen zien idazleak.
Publicidad
Ane Odriozola Idazlea
Salmentekin «pozik» zegoen atzo Ane Odriozola. 'El valle del hierro' bere azken nobelako hainbat ale eraman ditu idazle legazpiarrak bere erakusmahaira, baita famatua egin duten Gibolako trilogia. Izan ere, irakurleek lau liburuak eskatzen dizkiote. «Ba-tzuk trilogia ezagutzen dute eta nobela berria erostera etorri dira, baina badaude ere nire lana azken liburuarekin ezagutu dutenak, eta orain trilogiaren bila datozenak».
Nerearen kasuan, Portugaletetik hurbildu zen azken nobela erosteko asmoarekin, «aitari oparitzeko, asko gustatu bait zaizkio aurreko liburuak», kontatu zion idazleari.
Irakurleekin sortzen den harreman estua nabarmentzen du Odriozolak, eta datorren urtean liburu berri batekin joatea aurreikusten du. «Dagoeneko idazten ari naiz eta argitaletxeari asko gustatu zaio...».
Noticia Patrocinada
Pello Reparaz Musikaria
Ordubete baino gehiago itxaron zuten ilaran, eta euripean, Aratz, Eneritz eta Izarok Zetak taldeko Pello Reparazekin hitz egiteko. Argazki bana zeramaten musikari nafarrak sinatzeko, baita 'Aaztiyen' diskoa.
Irribartsu eta hiztun zebilen Reparaz bere zaletu guztiekin. Aurten ez dute lan berririk aurkeztu Azokan, baina urtarrilaren hasieran Navarra Arenan eskainiko duten Mitoaroa emanaldirako espresuki diseinatutako zapiak asko ari ziren saltzen.
Publicidad
Lau egunak Durangon igaroko ditu Reparazek, Azokak duen garrantzia nabarmena baita euskal kulturaren arloan. «Euskararen gotorleku izan behar du honek», zioen lehenengo egunean bizitako esperientzia aipatuz. Ikasleei eskainitako egunean, hainbat gazte «espainolez hurbildu zitzaizkidan». Atzo, sentsazioak, bestelakoak ziren.
Mikel Urdangarin Musikaria
Ostegunean sukarrak jota etxean geratu zen, baina atzo eta gaur Azokan izango da Mikel Urdangarin, «gaur beste gorputz batekin nabil eta ondo doa eguna, saltzen ari gara, lagunak eta kideak agur-tzen... Azoka izaten den era horretan», zioen Gasteiztik hurbildu zen Iñakiri bere azken diskoa, 'Mundua eder', sinatzen zion bitartean. Gaur eguerdian Ahotsenean aurkeztuko du bere lana. Euskal artisten uzta ezagutzera emateko plaza aproposa dela Durangokoa dio, «argi dago zure lana bultzatu nahi baduzu errazagoa dela eman bazaude», baita euskararen «arnasgune potentea», gure hizkuntzak oraindik behar dituenak. «Hizkuntza txiki baten inguruan horrelako festa erraldoi bat egitea ez da ohikoa. Horregatik ezohiko mirari bat da sortzaileontzat Euskal Herrian zorionez hau gauzatzea».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.