

Secciones
Servicios
Destacamos
FELIX IBARGUTXI
Lunes, 22 de octubre 2018
Kepa Altonagak beste saiakera bat plazaratu du: 'Duvoisin kapitainaren malura. Bonaparte printzearen itzalean'. 'Itzalean' hitza ageri da izenburuan, baina 'kartzelan' idaztea ere bazeukan saiogile bizkaitarrak, izan ere hau adierazi baitu kazetarien aurreko aurkezpen ekitaldian : «Uste izan dugu Duvoisin itzultzaile bat izan zela, Biblia euskaratu zuelako, baina Duvoisin, batik bat, literato frustratu bat izan zen, Bonaparte printzearen kaiolan sartua». Eta liburu barruan argi esaten da: Duvoisin kapitainak lapurteraz gorako beste hizkuntza bat nahi zuen bere itzulpenetarako, baina Bonapartek ez zion utzi lapurteraren esparrutik irteten. Hau da, Duvoisin preso egon zen lapurteraren kaiolan.
Kepa Altonagak (Loiu, 1958) Biologian doktore da eta Zoogeografia eta Ornogabe Ez-Artropodoen Zoologia irakasten du Euskal Herriko Unibertsitatean. Lehengo astean Euskadi saria eman zioten, euskarazko saiakeraren arloan, iazko 'Patagoniara Hazparnen barrena' liburuagatik.
Jean Duvoisin (Ainhoa, 1810 – Ziburu, 1891) ezaguna da, batik bat, Biblia euskaratu zuelako, Bonaparte printzearen eskariz. Printzea 1856an ezagutu zuen, hark Donibane Lohizunera bidaia egin zuenean. Handik bi urtera, Duvoisinek utzi egin zuen aduanetako lanpostua, itzulpen lanetan buru-belarri murgiltzeko. 1959an ekin zion Biblia lapurteratzera.
«Aspalditik neukan begiko Duvoisin kapitaina. Villasanteren 'Historia de la literatura vasca'-n bi idazle klasiko laiko agertzen dira, Etxepare medikua eta Duvoisin kapitaina», esan du Altonagak. «Gizon probidentziala bihurtu zen Bonaparte. Eskerrak gugana hurbildu zela. Baina gizon honen inguruan badaude argi-itzalak, gure intelligentsiak ikusi ez dituenak, ez ordukoak ez oraingoak. Bonaparteren kolaboratzaileek beren artean idatzitako eskutitzak irakurriz gero, ikusiko dugu tentsioak daudela, soka-tira, desadostasunak, asimetria».
Hona liburuaren kontrazalean datorren testua : «Uste denaz kontrara, soka-tira gogorra gertatu zen Bonaparte printzearen eta Duvoisin kapitainaren artean, gure itzultzaileak argi ikusten baitzuen ezinbestekoa zela prosa supradialektala, euskarari proiekzio kulturalik txertatzekotan. Printzeak orratzez entomologikoki fixatu nahi du aniztasun dialektala; Duvoisinek, ostera, literatura egin nahi du euskaraz».
Soka-tira horixe bera bizi izan omen zuten printzearen gainerako korrespontsalek ere, hala nola Klaudio Otaegik, Johane Arxuk eta Uriarte frantziskotarrak. «Klaudio Otaegik, bere obrarako, beste eredu bat erabili zuen, ez eredu dialektala. Ez da egia batua baino lehenago dialektoz idazten zela; hizkuntza supradialektalean idazten zen, ez bazen txokoren bateko katixima ».
Bestalde, ezagunak dira Kepa Altonagak egungo prosaren ahulezien inguruan plazaratu izan dituen kezkak, eta hor dago gai horretxen inguruan idatzitako 'Back to Leizarraga' saiakera. «Ez daukagu prosa praktikable bat», adierazi du. Bera, berriz, «prosa kilikorrean» idazten saiatzen omen da. Larramendiri hartutako hitza omen da hori. Honek «musika kilikorra» aipatu zion lagun bati eskutitz batean.
Pamiela argitaletxearen 'Upaingoa' bilduman eman du argitara lan hau. Bertan, aurretik, beste hiru liburu zituen publikatuak: 'Darwin geurean', 'Back to Leizarraga' eta 'Patagoniara Hazparnen barrena'. Altonaga esker oneko agertu da: «Oso bilduma egokia da, neurriarengatik. Eta gainera mimatu egiten naute».
Pamiela etxearen izenean, Jose Angel Irigarayk esan du bi dohain dituela saiogile honek: «Ikerketa egiten du, ondo finkatzen du gaia, eta gainera prosa atsegina du. Gizon honen saiakerek badute literaturatik, zentzu onenean. Irakurketan aurrera eta aurrera eramaten zaitu, thriller batean bazeunde bezala».
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.