Secciones
Servicios
Destacamos
DV
Jueves, 30 de mayo 2024, 17:01
Ez zen hala moduzkoa izan Joan Mari Torrealdaik sortutako dokumentazio zein artxiboa soziologia ikuspuntutik euskal kultur sistema, besteak beste, aztertuta. Tamainakoa izan zen jaso zuen kolpea atxiloketan, beste gauza askoren artean lapurtu ziotenean. Gertakari hori abiapuntu zuen Metrokoadroka sormen laborategiko Idoia Beratarbide eta Oier Guillanek kideek aurkeztutako 'Artxibo biluzia' proiektuak, euskaltzale handiaren izenpean Usurbilgo udalak eta Jakin Fundazioak 2022an sortutako beka jaso zuena, eta gaur aurkeztu dute emaitza Usurbilen egindako agerraldian. «Oso egun berezia da, pozik izango zen», azaldu dute hitzartze ia guztietan.
Aurkezpenean Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkateak oroitu duen bezala udalak eta Jakin Fundazioak duela bi urte abiatu zuten beka Joan Mari Torrealdairen «izena eta izana sustatuko zituen egitasmoa abiatzeko nahiak batuta, Usurbilek eta Euskal Herriak egin ziezaiokeen omenaldirik onena zela sinetsita». Izan ere, idazle, soziologo eta euskaltzale handiaren obsesioetako bat «transmisioa, katea ez etetea eta pentsamendua bateratzea herriaren zerbitzura jartzea» ziren. Hori bai, ikertzea «praktikara begira, egiteari begira teorizatzen, ez ikertu ikertzeagatik, ez ideietan loratzeagatik edo liburuetan, lainoetan edo akademia munduan uzteko. Ekiteko eta batez ere herriari eskaintzeko», azaldu du Torrealdairen hitzak zitatuz.
Beratarbidek xehatu duen bezala lehen unetik argi izan zuten 'Artxibo biluzia' lanak ildo ezberdinak izango zituena eta modu ezberdinetara, oholtza gainean, ikastaro bitartez eta dokumentu fisiko bezala, emango zena. Ostegun honetan aurkeztutakoak artxibo itxura du -400 ale kaleratu dira, denak zenbakituak- eta irakurleak barnean bost liburuxka aurkituko ditu, bata bestearengandik ezberdinak, «artista bakoitzari pauta ezberdinak» eman baitzaizkie prozesuan zehar.
Lehena Metrokoadrokarena da eta kideek «antzezlana eta proiektua osatzeko» eduki dituzten «gogoeta eta egindako ikerketa» jasotzen dira. Bigarrenean Maria Elorzak egindako dokumentala islatzen da,«aukera izan zuen proiektu guztiaren informazioa edukitzeko elkarrizketetatik hasita besteen lanera, baita oholtza gainean egindakoa ere», azaldu du. Elorzak kontatu duenez dokumentalaren bitartez «artxibo biluziaren ideia oso sugerente horri irudiak jartzea» izan da asmo nagusia eta, Torrealdairen bizizaren erretratua egitea baino haren «figurarekin elkarrizketan aritzea, artxiboarekin zuen harreman horretatik abiatuta irudiak eta ikus-entzunezko narrazioa bilatzea». Bide horretan Danele Sarriugarteren zein Nagore Legarretaren piezetatik asko edan duela onartu du eta informazio hori guztia «esperientzia propioaren bitartez filtratzea, pieza konkretua baina poetikoa ere izan zitekeena sortzea» bilatu duela. Bide horretan bi kontu nabarmendu ditu, batetik Torrealdairentzat artxiboa «nolabaiteko utopia, ideala edo ametsa» izan zela, baina aldi berean «azken fasean zauria ere bihurtu» zela. «Dikotomia horrekin egin dut lan».
Hirugarren liburuxkan Sarriugartek oholtza gainean egiten ari ziren lanean parte hartzeko aukera izan du eta idazle eta itzultzailea «oso pozik» azaldu da emaitzarekin. Testua «eguneroko» bezala planteatu duela azaldu du, batik bat «bildutako sentsazioak, prozesua» elkarbanatzeko asmoarekin. Hala, irakurleak «geltoki eta urtaro ezberdinak» nabarituko du, obrak berak izandako oholtzaratzeen isla bezala.
Laugarren liburuxkak Nagore Legarretaren ekarpena jaso du. Prozesutik proiektuaren kontakturik izan ez duen bakarra da. «Gutun bidez bidaltzen genion informazioa soilik jaso du», azaldu du Beratarbidek, eta horien erantzuna argazki bidez bidaltzen zuela. Azkenik, 'Artxibo biluzia' osatzeko, bosgarren atalak publikoaren erantzunak jaso ditu, antzezlanetan 'zer historio nahi zenuke historiara pasatzea?' galdetzen baitzitzaien.
Metrokoadroka sormen laborategiko kideek bekaren lehen deialdiren bitartez ondutako lana aurkezteaz gain, agerraldian bigarren deialdia ere azaldu dute. Lorea Agirre Jakin Fundazioko lehendakariak oroitu duen bezala Torrealdaik 1976an hasi eta 2017ra arte gauzatu zuen euskal liburugintzari buruzko ikerketa -ostean lankideek hartu diote lekukoa- eta hori «aitzakia» hartuta antolatu da «bi adar» kontuan izanda. Batetik, «liburugintzaren azterketa bera berrikustea» eta, zenbait «pista edo galdera» eman ditu Agirrek -Torrealdaik Scarpini segika egindakoari, humanitate digitalek halako ikerketetan eta datu trataeran egin dezaketen ekarpena gehi daiteke ere, produkzioz harago nolakoa den euskarazko liburuaren zirkuitua, etab.-; eta, honi paralelo baina liburugintzara mugatu gabe azterketa «kulturgintzaren beste adierazpen edo diziplinetara» zabaltzea.
Hala, Haritz Azurmendi Jakineko kideak xehatu duenez bigarren deialdi honetan ere «emaitza askotarikoa» izan daiteke. Hala, Torrealdaik egindako liburuen eredu edo adibideez gain «webgune interaktibo, erakusketa...» izan daitezkeela azaldu du. Lehen deialdian bezala, proiektuak norbanako bezala zein taldean aurkez daitezke eta hartarako azken eguna 2024ko urriaren 21a izango da, guztiak jmtbeka@jakin.eus helbide elektronikora.
Ostean, jasotako proposamen guztien artean «ebaluazioa itsua» izango da oinarrietan zehaztua dagoen «anonimazio» bitartez eta arduradunak Maialen Akizu, Ibai Iztueta, Amaia Lasa eta Edu Apodaka izango dira eta idazkari lanetan jardungo du AZurmendik berak, «berdinketa kasuan» hura ere hausteko. Epea amaitu eta hilabetera jakinaraziko da irabazlea eta proiektua gauzatzeko 18 hilabete izango dituzte hartarako 14.000 euroko laguntza jasota, erdia esleitzean eta beste erdia amaitzean.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.