Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Eric Dicharryk Donostian aurkeztu du asteazken honetan bere azken liburua. USOZ
'Eros', muturrera eramandako bizitza biluztu duen ariketa

'Eros', muturrera eramandako bizitza biluztu duen ariketa

Pamielaren eskutik argitaratu du Eric Dicharry baionarrak poema liburu berria, zeinetan «hitz bilakatu duen drama pertsonala»

nerea azurmendi

Donostia

Miércoles, 15 de julio 2020, 19:10

Bosgarren hamarkadan sartu berria da Eric Dicharry (Baiona, 1969). Hirugarren bizialdiari dagozkio pilatzen doan urtean, «bi aldiz biziaren ertzetan hilda atzeman» baitute, autobus istripu baten ondorioz aurrenekoan, «bigarren aldian Itzelako diskotekaren atarian ketaminazko gaindosiz». Beraxek kontatu ditu jazoera horiek Donostian aurkeztu duen 'Eros' poema libururako prestatu dituen atariko oharretan. Poemetan ere badute tokia esperientzia horiek, Pamielako Jose Angel Irigarayk aurkezpenean azaldu duen moduan «hamaika katramila eta infernutatik pasatako» poetak «drama pertsonala hitz bilakatu baitu, bere zaurietatik zure zaurietara eramaten zaituela».

Argitaletxe nafarrak poesia sailean kaleratu du 'Eros'. Poesiarako batik bat euskara darabilen eta gainontzeko lanetarako –eleberriak, antropologia eta arteari buruzko liburuak...– frantsesa baliatzen duen idazleak, ordea, «liburu transgenerotzat» jo du 'Eros', ez baita poema bilduma soila, askotariko baliabideak uztartzen dituen proposamema baizik. Horretan ere, eta ez bakarrik bizipenetan, Antropologian doktorea, 'poeta artista', idazlea eta ikertzailea den Dicharryren isla da 'Eros'. Isla «oso autoerreferentziala eta sintzeroa», Irigarayren hitzetan. Ezaugarri horien guztien arabera, liburua ez da oso samurra. «Batzuentzat zaila izango da», onartu du editoreak, ahaleginak saria duela aurreratuz.

2018an Pamielak 'Duchampen inguma' argitaratu zion arte, Maiatzen eskutik heldu zitzaizkien irakurleei Dicharryren euskarazko poema liburuak. Hiru, zehazki, hurrenez hurren 2012an, 2014an eta 2016an argitaratutako 'Hormatik hormaraino', 'After Banksy' eta 'Errudun'. Baliteke hortaz ezagunagoa izatea Eric Dicharry Ipar Euskal Herrian Hegoaldean baino. 'Eros'-en bidez, dena den, ezer ezkutatu gabe aurkeztu die bere burua irakurle zahar eta berriei. Batetik, berak atzo esan bezala, «idaztearen prozesua biluztearen prozesua» delako, eta lan honek autobiografiatik duelako asko. «Eraikitzen ari den obra baten seinale» ere ba omen da liburua, honaino iritsi izanaren mugarri halakoa.

Mundua ikusteko manera

Aurkezpenerako prestatuta ekarri duen testuan, Eric Dicharryk nabarmendu du beretzat poemak idaztea ez dela denborapasa edo egiteko osagarria. «Poeta izatea desbideratzea da, mundua ikusteko manera berezia», esan du. Horrenbestez, nekez bereiz edo zedarritu daitezke arloka munduari horrela begiratzen dionaren jarduerak. Berak ere ez ditu argi mugak: «Bizi dudana bizitzen dut idazteko, edo idazten dudana bizitzeko idazten dut?», galdetu dio bere buruari.

Erantzun bat aurreratu du– «bizirik nagoela egiaztatzeko eta ezkutuan zeuden bazterrak transfiguratzeko idazten dut»–, baina beste asko egon daitezke zazpi ataletan banatutako liburuan. Poemen ohiko egituretatik hurbilen dauden testuek bigarren atala hartzen dute batik bat, luzeena, 'Erospen poesiak' izenekoa. Aurretik eta atzetik ditu atal laburragoak, esanguratsu eta lagungarriak denak 'Eros' bere osotasunean jaso eta dastatzeko.

Autozentsuraren muga non kokatu behar den eta idazlea noraino biluztu behar den ere galdetu du Dicharryk, ondoren onartzeko «mugak finkatzeko zailtasunak» izan dituela. «Asko biluztu naiz liburu honetan, nahiz eta egia izan Euskal Herrian biluztea zailagoa eta arriskutsuagoa dela New Yorken baino», azaldu du, batez ere ariketa hori jendaurrean eta gordelekurik gabe egiten denean, laguntzaile bakarra delarik esposizioa eta karga partekatzeko asmatu duen «biki imaginarioa».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco 'Eros', muturrera eramandako bizitza biluztu duen ariketa