Borrar
Joan Mari Irigoien, Donostiako Parte Zaharrean, liburua eskuetan duela Lobo Altuna
Futbol zaleak ez direnek ere gozatzeko moduko 'Derbia' idatzi du Irigoienek

Futbol zaleak ez direnek ere gozatzeko moduko 'Derbia' idatzi du Irigoienek

Esklerosiaren gainetik idazten jarraitzen du Joan Mari Irigoienek, eta liburu umoretsua kaleratu du oraingoan: 'Derbia'

Amalia Ibargutxi

Donostia

Jueves, 30 de mayo 2019, 19:19

Txefe Biain eta Klara Idarreta, Telmo Uriona eta Genoveva Aizpurua: bi bikote, Donostiako Kross auzoan bizi direnak, kale berean –bikote bat alde batean, bestea bestean–. Protagonisten aurkezpenarekin hasten da Joan Mari Irigoienen liburu berria, 'Derbia' izenburuduna. Bikote bat Realaren aldekoa da, bestea, aldiz, Athleticen zalea. Abiapuntu horrekin, kontakizun «jostalari» eta «ganberroa» sortu du Altzakoak. Joxe Mari Apaolaza kiroletako irrati esatariak aurkezpenean nabarmendu du, hala ere, «futbol zalea ez denak ere irakurri beharrekoa» dela.

Liburu aurkezpenean Xabier Mendigurenek, Elkar editoreak gogora ekarri du nobelista gisa Irigoienek egindako ibilbide luzea. Izan ere, ipuin eta olerkigintza ere landu baditu ere, 'Babilonia' (1989, Elkar), 'Arma, tiro, bammm!' (2013, Elkar) eta 'Kalamidadeen liburua' (1996, Elkar) eleberriek egin dute ezagun, besteak beste.

Hain zuzen, 'Kalamidadeen liburua'-rekin lotu du editoreak Irigoienen azken liburua, biek ala biek dute eta komunean, haren hitzetan, «umorearen tonu lotsagabea». Barre egiteko liburua da, azaldu duenez. «Bikote bi dira protagonista, elkarren etsai eta bizilagun direnak, zein baino zein sutsuago, zein baino zein burugabeago edo buruberoago».

Realzale eta Athleticzaleen inguruko topikoak agertzen dira liburuan, gipuzkoar eta bizkaitarren arteko lehia zaharra, konpleju eta harrotasun historiko horien sorta. Hala ere, ohartarazi dute ez dela futbolaririk agertzen liburuan, eta ez dagoela futbol eszenarik ere. Nobelako protagonistentzat –azaldu du Apaolazak–, futbola inportantea da, baina istorioak aurrera egin ahala, berehala ikusiko dute, seguru aski, inporta ez zaizkien gauzen artetik garrantzitsuena dela futbola«. Irigoienek, horrela, mezua zabaldu duela uste du: »arazoak azaltzean ikusten da, bikote horientzako ere, futbola ez dela halako problema«.

«Futbola maite du, jolasa maite du, baina kirolak bere inguruan duen muturreko alde hori ez du atsegin, futbolaren negozioak hartu duen bolumena, hain zuzen», gaineratu du kazetariak.

Liburuak gogoeta hori eragingo duela uste du, eta Imanol Irigoien idazlearen anaiak bat egin du ideia horrekin. Ez dira bere hitzak, hala ere. Joan Marik idatzitako testua irakurri du Imanolek, hark hala eskatuta. Gogora ekarri du egunkari honetako kazetari batek galdetu ziola ea nondik ateratzen zuen aurrera egiteko kemena, idazten jarraitzekoa, esklerosiak eguneroko martxa guztiz zailtzen dionetik. Erantzun dio ahal den bitartean eutsiko diola. Azpimarratu du irriak sendagai direla.

Eskerrak eman nahi izan dizkio, konplizitatez, 'Xabier arkaingerua' deitzen dion editoreari, izandako pazientziagatik. Joan Mariren liburu guztiak zuzendu ditu Beasaingoak. «Perurena ikusi nahi nuke pazientziaren harritzar hori jasotzen!», irakurri du Imanolek barre artean.

Irigoienek askotariko lanak sortu ditu forma eta gai aldetik. Azken hau, ordea, bere neurrira egin du, hain gustuko dituen jolasa, umorea, eta dena biltzen duen egunerokotasuna osagai nagusi dituelarik.

Horregatik, uste du Apaolazak, futbolzale eta zale ez direnek irakurtzeko modukoa da. Zaleak gaiak berak harrapatuko ditu, eta «futbolzale ez denari bere ustea sendotzeko balioko dio», esan duenez, zeren eta, Mendigurenek gaineratutakoaren arabera, «parodia bat da liburua. Gehiegikeriei barre egiten die, forofoak barregarri agertzen dira».

Aski ezaguna du gaia Joan Mari Irigoienek. Sansen «jolastu» zuen, baina ez «jokatu», zehaztu du.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Futbol zaleak ez direnek ere gozatzeko moduko 'Derbia' idatzi du Irigoienek