Urgente Las 10 noticias clave de la jornada
'Iratxo Txikia eta Ibarreko munstroa' albumeko laginak, Ayuk jasotzen duen bisita eta abenturaren hasiera. Astiberri

Haur eta gazteentzako badirelako ere «liburu sinpleak» ez direnak

Kurtso hasierarekin batera hainbat argitaletxek berritasun ugari dakartzate 4 eta 12 urte bitartekoentzat, ipuinetik album ilustratura, eleberrietatik igarota

Jon Agirre

Donostia

Domingo, 27 de octubre 2024, 08:49

Irakurle gazteentzat idazteak ez du esan nahi istorioak edo haien narrazioak sinplifikatu behar direnik». Haur eta gazte literaturako editoreen artean ezarritako marra gorri hau kontuan izanda, udazkenari begira ez dira gutxi datozen berritasunak. Noski, ez da argitaletxeek asmatu duten kontu berri bat, aurrez 'Alice Mirarien herrialdean' edota Rebecca Dautremerren 'Printzesak' bezalako lanek ildoa jada ezarri baitzuten.

Publicidad

Astiberri

Ez dira irakurle tontoak

Helduek bezala «kontakizunak» behar dituztela defendatzen du Marion Duc Astiberriko haur eta gazte bildumako editoreak, «tontoak ez beste edozer direlako». Hala, entretenitzeaz gain, «ahalik eta orekatuen hazten» lagunduko dieten proposamenak lantzen saiatzen dela dio. Ikuspegi horren baitan koka daiteke Astiberri argitaletxeak 2020an ireki zuen bide berria. Ducek azaldu bezala irakurle gazteen inguruan, txikienengandik nerabeengana, antolatutako proposamena aurkezteko beharra ikusi zuten. «Garai hartan nabari zen irakurle asko titulu gehiagoren zain zeudela eta martxan jarri ginen». Pandemia tartean zertxobait atzeratu bazen ere orduan jaio zen Txikiberri bilduma eta haren baitan heldu ziren zortzi tituluak, esaterako Biga, Zipotz edo Iratxo Txikia protagonista dituzten album ilustratu.

Azken hauek titulu berri bana dakarte, 'Zipotz' eta 'Iratxo Txikia eta Ibarreko munstroa', hurrenez hurren. Josephine Mark marrazkilariarena da lehena, Naroa Zubillagak itzulia, eta «egokitzen ez den auzokide» baten istorioa kontatzen du. Onarpenaren eta tolerantziaren inguruko albuma da, mapatxeena izandako etxera auzokide berri bat heltzen denean auzokideek bero hartzen badute ere, Zipotzek ez du ulertzen zer dela-eta ezagutu behar duten.

Bisitatik ere asko du Álvaro Ortizen Ayu protagonista duen Iratxo Txikiko bigarren aleak. Protagonistak laguntza eske dator atzerritar bat jasoko du, haren ibarra arriskuan baita eta Ayuk lehen liburuan lortutako ezpata omen da irtenbide bakarra. Espero bezala, apenas pentsatuta ekingo dio gure iratxo txikiak abenturari.

Ez dira, noski, Astiberriren katalogoan dauden bakarrak Emilio Ruiz eta Ana Mirallesen 'Waluk', Martin Romero komikigile eta animazio-zuzendariaren 'Uxío eta lagunak', «txikienentzako album perfektua», Raina Telgemeierren 'Irri egin' ere helduko baitira. Inprimategira bidean doaz, Durangoko Azokarako heltzeko Alice Oseman ingelesaren 'YA Heartstopper' sail ezaguneko lehen bi liburukiak. Bigako zaleek zertxobait gehiago itxaron beharko dute, 2025 hasieran helduko baita hurren.

Publicidad

'Zipotz'

  • Egilea: Annette Pehnt

  • Itzultzailea: Naroa Zubillaga.

  • Estiloa: Komikia.

  • Orrialdeak: 96.

  • Prezioa: 12 euro.

Erein

Klasikoak eta bilduma berriak

Erein

Ildo beretik mintzatu zen Toti Martínez de Lezea idazlea 'Nur' bildumako 18. alearen aurkezpenean. «Irudimena erabiliaraziko dien ipuinak idazten saiatu naiz, haur onik eta txarrik ez dagoen lekuan». Izan ere, infantilizazioaz gain bigarren arrisku batez ohartarazi zuen idazle arabarrak: moralismoaz. «Hemen ez dago ikasgairik, ipuin askotan dagoen 'ume ona bazara, hau gertatuko zaizu, ume gaiztoa bazara, bestea gertatuko zaizu'. Dibertitu besterik ez, bidaiatu eta herrialdeez, jendeaz, ohiturez, kantuez hitz egin».

Aipatutako Nur bildumaren 18 aleez gain –azkena 'Nur eta Afrikarako bidaia'–, Ereinek beste idazle jantzi baten bi lan berreskuratu ditu, Bernardo Atxagaren 'Sugeak txoriari begiratzen dionean' eta 'Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian', jada klasiko diren hauen lehen argitalpenetik 40 urte betetzen baitira. Eskaintza osatzera etorri ziren Patxi Zubizarretaren 'Munduketariak', Harmonyren ikasgela abiapuntu izanda eskola publikoaren izaera ireki eta inklusiboa aldarrikatzen duena; Goiatz Labandibarren 'Putzua', neska baten lehen hilekoari buruzko hausnarketa; eta Antton Kazabonen 'Nire musika-kutxa', eraman ditu liburu-dendetara. Eta udazkeneko oparien artean bi dakartza Nerea Loiola idazleak, biak enigma, aukeratu zure abentura eta ihes-liburua uztartzen dituztenak. Batetik, jada gazteek ezagun izango duten Eskapu bildumako hirugarren alea eta honen anai txiki kontsidera daitekeen 'Miraren mendekua', gainera zortzi urtetik aurrerakoentzako Eskapu Txiki bildumari hasiera emango diona. «Enigmak konplikatuegiak izango liratekeela iruditu zitzaigun eta istorio bat eta honen enigmak neurrira, adin-tarte horretara, egokitzea okurritu zitzaigun».

Publicidad

'Izpirituen ahotsa'

  • Egilea: Haritz Larrageta

  • Ilustratzailea: Marko.

  • Adin gomendatua: 9-12 urte.

  • Orrialdeak: 120.

  • Prezioa: 14,5 euro.

Alberdania

Euskadi - Eslovenia

Abenturatik asko du ere Alberdaniak abiatutako Bibiland proiektuak. Esloveniako Malinc eta Sodobnost argitaletxeekin argitaletxeekin elkarlan eta trukearen bidez 'Tirrin-tirrin istorioak' eta 'Ogi banatzailea' euskaratu dituzte Gerardo Markuletak eta Juan Kruz Igerabidek eta azken honen 'Grigor eta erlea' (2018) eta Kris Etxaberen 'Ilezuri' (2021) eslovenierara eraman dituzte. Igerabidek esan bezala, Jorge Giménez Bech-en lan «nekaezina» dago ekimenaren atzean. «Hiruok uste dugu irakurketa-mota guztien aniztasunaz kontzientziatzeak (literario, bisuala, entzumenezkoa, generokoa, ekologikoa, soziala), aberastu gaitzakeela, bai indibidualki, bai sozialki», nabarmendu zuen Oier Etxebeste Giménez Alberdania argitaletxeko kideak.

'Ogi-banatzailea'

  • Egilea: Peter Svetina.

  • Orrialdeak: 40.

  • Prezioa: 14,90 euro.

Elkar

Familia, bullying-a...

Haurrentzako bildumak aipatuta Miren Agur Meaberen Katta ezin ahaztu. Etxeko txikiekin hainbeste abentura bizi izan dituen urtxintxaren beste bi ale jada argitaratu ditu Elkarrek, 'Artezaleak' eta 'Anderea', eta beste bi iragarri, 'Robotekin' eta 'Bihotza'. Erreferentziazkoa den Xaguxar bildumaren baitan taldean aurkeztu zituzten lan berriak Iñigo Astizek ('Zizare ia hegalaria'), Jokin Mitxelenak ('Puka, Ananse armiarma eta bi erraldoi') eta Ruben Ruizek ('Pellokeriak'). Azken honek eskola, familia edo bullying-a ditu gai eta Mikel Zarate saria eskuratu du.

Publicidad

Lan kolektibotik eta aniztasunetik ere asko du 'Klera' albumak. Jon Mayaren ideia batetik abiatuta, lengoaia artistiko ezberdinak –literatura, ilustrazioa, musika eta dantza– koaderno batean biltzen ditu eta, «artearen poetikotasunetik, gerraren ondorioei buruz» gogoeta egitera gonbidatuko du irakurlea. Leire Bilbaoren testuak eta June San Sebastianen ilustrazioek Maite Larbururen musika eta Kukai Dantzaren koreografiak izango dituzte lagun. Dantza eta musika QR kodigoen bidez azalduko dira koadernoan.

Oraingoz trilogia izango den beste bilduma bat abiatu du gaztetxoagoentzako Amancay Gaztañagak 'Martin Martina' lanarekin; Miren Gorrotxategik Limaren hurrengo abentura dakar, nolabait Maia ama jainkosak emandako botereak kontrolatzen hasiz 'Urrezko orraziaren misterioa' liburuan eta eta itzulpenen artean Harry Potterren zaleek laugarren liburua, 'Harry Potter eta Suaren Kopa' jada eskura dute

Publicidad

Eskolako laborategian izandako istripu handi baten ondorioz plastilinazko bihurtu zen Linaren bigarren abentura ondu du Izaro Arroitak, berriro ere Joseba Larratxe 'Josevisky'-ren marrazkiekin.

'Pellokeriak'

  • Egilea: Ruben Ruiz.

  • Orrialdeak: 60.

  • Prezioa: 11,8 euro.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad