Urgente Las 10 noticias clave de la jornada
June Fernandez idazle eta aktibista, aurkezpenean. Usoz
June Fernandez | 'Aingeruak eta neskameak'

Haurdunaldi subrogatuaren inguruko soinuaz harago «eztabaidara ekarpena» egiteko liburua

June Fernandezek ahots ezberdinak «jaso eta elkarrizketan jarriz» osatu du 'Aingeruak eta neskameak' (Susa) saiakera, Lisipe bildumako 14. zenbakia

Jon Agirre

Donostia

Miércoles, 22 de mayo 2024, 17:40

«Patxadaz hausnartzeko grinarekin» eta maiz gizartera heltzen diren estereotipo edo esloganetatik harago joateko ondu du June Fernandez idazleak 'Aingeruak eta neskameak' (Susa) saiakera, haurdunaldi subrogatua hizpide duena. Izenburua bera maiz zabaltzen diren bi ikuspegiren metafora da «eztabaidaren inguruan dagoen polarizazioa» islatzeko. «Neskamea Margaret Atwooden 'Neskamearen ipuinari' erreferentzia da, feminismo abolizionistak erabili duelako ikono moduan edo hedabideetan haurdunaldi subrogatuaren aurka idatzitako artikuluetan erabili delako; eta aingeruak haurdunaldi subrogatuaren bidez guraso izan direnen narratibetan ohikoa delako esatea haien gestantea haien bizitzako aingerua izan dela».

Publicidad

Saiakera ez da egilearen iritzi bilketa hutsa edo beste iritzi batzuekin alderatze lana, Jule Goikoetxea editoreak goratu duen bezala «eremu ezberdinetako emakumeak eta gizon pare bat hartu eta galdetu egin die, ahots horiek jaso, lortu eta liburuan zehar elkarrizketan jarri ditu». Eremu eta protagonistak honakoak dira: filosofiatik Tere Maldonado eta Josebe Iturrioz; kulturatik Katixa Agirre eta Irantzu Varela; gizarte zientzietatik Amaia Perez Orozco, Elixabete Imaz eta Jule Goikoetxea; ikuspegi antiarrazistatik Marimar eta Tamara Claveria, Norma Vazquez eta Cristina Zamora; ikuspegi perinataletik Ana Mendia eta Estitxu Fernandez Maritxalar; familia aniztasunetik Ianire de la Calva, Borja Muñoz eta Iosune Centero; eta legegintzatik Itziar Alkorta, Oihana Etxebarrieta eta Miren Ortubay.

Komunikatzaile eta eragile feminista transmaribollo bezala -besteak beste Pikara Magazinen fundatzailea da eta haren koordinazio taldean izan zen 10 urtez-, Fernandez elkarrizketa edo erreportajeak egiteko aspaldi murgildua da gaian. Hala ere, abiapuntua edo asmoa argia izanagatik, ez da lan sinplea izan eta agerraldian esan duenez orain idatzitako bost liburuetatik gehien kostatu zaiona izan dela. «Ireki dudan meloia zaila zen, orduan erronka izan da. Bost liburuetatik bakarra da ezin dudana defendatu argi eta garbi iritzi itxi bat. Liburuaren funtsa nire zalantzak, kontraesanak eta dilemak dira, barne eztabaida hori garatzeko modua izan da diskurtso feminista kolektibo plurala ahalbidetzea eta zabaltzea».

Eztabaida sakon horietako asko euskal mugimendu feministan jada ahalbidetu direla azaldu du eta elkarrizketatutako asko hizlari izan direla espazio horietan, aldiz, gaia gizarteratzen dena eslogan sinpleak direla. Mugarri izan zen 2023an Bilbon haurdunaldi subrogatu bidezko gurasoek antolatutako kongresua, kanpoan korronte ezberdinetako lau talde feministen protestekin. «Konplexutasuna onartzeko beharra are argiago ikusi nuen», azaldu du. Esaterako, sarritan eta liburuan ere prostituzioarekin egiten den konparazioa «interesgarria, baina arriskutsua» dela esan du eta ez datorrela bat. «Esaten badugu prostituzioa berez dela esplotazioa eta bortxaketa, dena bada bortxaketa, ezer ez dela bortxaketa».

Ildo berean, testuinguruan kokatzea ezinbestekoa jo du eta mendebaldeko diskurtsoa «unibertsalizatzearen arriskuaz» ohartarazi du, hau da, haurdunaldi subrogatua fenomeno globalizatua izanda ezin dela dena zaku berean sartu. «Ez da gauza bera Uruguain senide batentzat ernatzen duen emakumea edo Indian ospitale batean 24 orduz sartuta, kontratu abusibo bat sinatu ondoren erditu den emakumea», alderatu du.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad