

Secciones
Servicios
Destacamos
Duela urte batzuk Frantziako Mauzac-eko kartzelara idazle bezala joateko gonbita jaso zuen Bernardo Atxagak (Asteasu, 1951). eta bisita haren ostean sortu zitzaion asteazken honetan aurkeztutako Paradisuaren kanpoko aldeak' (Pamiela) liburuaren «ernamuina». Etxetik eramandako planteamenduan Itoitz taldearen 'Desolatio' kantuko letra errezitatzea zen asmoa, baina hara iristean argi ikusi zuen ez zuela zentzurik. «'Nola irakurriko dut hemen?' pentsatu nuen. Kartzela isolatua da hura, inguruetan ez dago ezer. Toki hartan letrak beste intentsitate bat hartu zuen».
Gogoeta horietatik tiraka ikusi zuen aspalditik bere testu laburrak harilkatzeko modua, ez baitzituen hurrenkera soil batean aurkeztu nahi. «Testu horiek guztiak jende aurrean irakurriak izan zirela pentsatu nuen». Mauzac-ez gain, 'Petit tour' deitu duenaren baitan Neuvic sur l'Isleko kartzela eta 'chateau'-a eta Sain-André-d Allas herria bisitatu baitzituen. Lau horiez gain 2005ean Martuteneko kartzelan euskal literatura zaharrari buruz eskainitako hitzaldia berreskuratu du asteasuarrak. Kartzeletan izandako esperientziaz galdetuta, «izugarria» izan zela azaldu du, «ez modu soinutsu edo nabarmenean. Dena isiltasuna zen. Kartzela parke bat bezalakoa zen» eta harresiengatik ez balitz «adosatuen auzo» itxura zuena. Mauzac-eko barneari buruz hitz gogorragoak izan ditu. «Oso patetikoa zen, irtetean pentsatu nuen ea heldu nintzen presoengana. Poema hori, nahiz eta berak hartu, ez da iristen errealitatea eta drama harago dagoelako. Hitzik gabeko zona da». Eta bigarrenean zein Martutenen, gorputzaldia antzekoa izan zen. «Neuvic sur l'Islen poema komikoagoak irakurri nituen, une horretan analgesiko bat da, baina ezin zara iritsi. Ikusten dituzu patiora joaten eta ez dago erredentziorik».
Egilea: Bernardo Atxaga.
Argitaletxea: Pamiela.
Orrialde-kopurua: 144.
Prezioa: 17 euro.
Eremu eta esperientzia horietara irakurlea berarekin eramatea izan da Atxagaren «helburu literarioa» eta pozik eta asetuta azaldu da azken emaitzarekin. «Esatea 'poema hau, ipuin hau, ez duzu irakurriko normalean irakurtzen duzun bezala, lasai-lasai. Irakurriko duzu lekukoekin, izango direla presoak, herritarrak. Horiekin batera irakurriko duzu nahi eta nahi ez'». Liburua asteasuarraren obra literarioaren «nukleoa edo muina» dela azaldu du eta irudikatzeko Miguel Angelek 'La Pietá' lana aurkezterakoan «ustez» esandakoa ekarri du, marmol puskatik soilik kendu egin zuela, bertan zela eskultura. «Azken 10 urteotan pittin bat nire ibilbidea aldatu eta nire helburu nagusia harkaitz, marmol puska edo masa horretan zeuden obrak ateratzea izan da. Noski, konparazioa da, ez dut 'La Pietá' antzekorik aterako», bota zuen hain berea duen umoretik.
'Paradisuaren kanpoko aldeak' liburuak Atxagaren «esperientziaren arabera, batez ere literarioan, nahiz eta dena nahasia dagoen, pentsatutakoak, nire ustez mamitu edo gauzatu nituen testurik onenak» jaso ditu. «Narrazio, testu labur, idatzi labur eta idatzi ez hain laburrez osatutako nukleoa da», xehatu du. Hala, zaharrenak 40 urte dituela kontatu du eta berrienak urtebete inguru.
Pello Elzaburu Pamiela argitaletxeko kideak oroitu bezala, Atxagak 2019an nobela albo batera uzteko hautua hartu zuen, literaturan eta bere sormenean bide berriak jorratu nahi zituelako. Alor horretan kokatuko du 'Paradisuaren kanpoko aldeak' liburua, 'Idatzi komikoak eta tristeak' azpititulua duena. Hori bai, aurreratu du irakurleak aurreko lanen trazak ere aurkituko dituela, besteak beste «'Etiopia'-ko haizeak, 'Henry Bengoa Inventarium'-en oihartzunak, 'Paradisua eta katuak' poesiaren umorea, 'Txoriak kolpeka'-ren dramatismoa edo 'Markak' saiakeraren hausnarketa». «Atxaga, nobelagintzaren azpitik, bide bat markatzen joan da urte hauetan», laburtu du.
Bernardo Atxagak atzoko aurkezpenean aurreratu zuenez, beste proiektu batzuk ere baditu esku artean. Eleberria genero gisa utzita 2019an, saiakeran edo poesian zentratuta dago.
Bernardo Atxagak atzoko aurkezpenean aurreratu zuenez, beste proiektu batzuk ere baditu esku artean. Eleberria genero gisa utzita 2019an, saiakeran edo poesian zentratuta dago. «Hala, bistakoa da memoria batzuk aterako direla, denbora gehiago baldin badut». Bertan harkaitz horretako bizipen sailak eta horiekin sortu zaizkio hausnarketak plazaratzea du asmo. Ez zen mahai gainean jarritako proiektu bakarra. «Aterako da seguru asko pentsamenduen liburu bat, bide honetan harkaitzean topo egiten duzulako honekin, talka harekin, goxo bat jasotzen duzu hemen, mikazkeria bat han».
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.