Secciones
Servicios
Destacamos
Marka, pertsona, harreman edota egindako bidaiek «barruan utzitako lorratza» aspaldian nabaritua zuen Uxue Alberdik eta jakitun zen lehenago ala beranduago horri buruz idatziko zuela. Gakoa haiekiko «distantzia», «eroso» sentituko zen modua aurkitzea izan da, eta horretan aritu da azken hiru urteotan, kontatu nahi zuen horrentzako «forma narratibo bila». Astelehen honetan aurkeztu du emaitza, zortzi narrazioz osatutako 'Hetero' (Susa) ipuin-bilduma. «Propio saiatu naiz kontramoduetan arakatzen, molde diferenteko ipuinen mekanika ulertzen eta istorio bakoitzarentzat narratiba eta lengoaia bat bilatzen», azaldu du.
Leire Lopez Ziluaga Susako editoreak esan bezala «araua eta arrakalaren» arteko tentsioan kokatzen dira kontakizunetako protagonistak, bata bestearekiko ezberdinak eta anitzak, baina guztiek dute komunean «gizonek euren gorputzetan, memoria afektiboan eta egunerokoan utzitako arrastoez» ari direla, sortutako «espektatibez eta dezepzioez, unean bertan egin eta esan ez ziren horiez». Horregatik egin du idazleak bilduma 'Hetero' izendatzearen aldeko hautua, araua hor dagoela ikusarazteko. «Hain da ordena hegemonikoa ez baita ikusten. Beste izenburu bat jarri izan bagenio giza-harremanei buruzko bilduma dela esango litzateke, desirari, maitasunari edo botereari buruzkoa, eta hori ere ez litzateke gezurra», nabarmendu du Alberdik. Hautatuko izenburuak «ipuinak bestela irakurtzera» garamatzala aurreratu du Lopez Ziluagak. «Argi jakin bat proiektatzen du». Hitzartzean xehatu duenez bestelako aukera batzuk ere aztertu zituzten, ipuin bati izena ematen dion 'Gizakiaren adin guztiak' esaterako, horrek liburura gerturatzeko modua erabat aldatuko lukeelarik. «Agian irakurriko genuen hetero araua bertan edo agian ez», gehitu du editoreak.
'Hetero' izenburuak, hori bai, ez du esan nahi ipuin-bilduma «bikote harreman heteroei» buruzkoa denik, gehiago du heteroarauak «bizitza osoa» zeharkatzeko duen modutik, «nola sortzen duen munduan egoteko modu bat, norbere burua ulertzeko eta desulertzeko modu bat, gatazka jakin batzuk». Hala, pertsonaiak ordena heteropatriarkalaren baitan mugitzen dira eta eroso ez badaude ere «ez dute jokoa uzten». Susako editoreak nabarmendu bezala irakurleak aurkituko dituen harremanak askotarikoak dira: aitekin edo bikotekide ez diren beste gizonekin eraikitakoak, gaztaroan posible izan ziren heterotasun horren apurketa ez gauzatuak, edo bikotearen zentralitatea eta bikotetik kanpoko harremanak ulertzeko modu bat eta laguntasunak eraikitzekoa, esaterako. Figura horien artean aitarenak «pisu nabarmena» duela azpimarratu du Alberdik, hauek odolezkoez gain, kultural eta politikoak ere izan daitezkeelarik.
Egilea: Uxue Alberdi.
Argitaletxea: Susa.
Estiloa: Ipuin-bilduma.
Orrialdeak: 160 orrialde.
Prezioa: 17,50 euro.
Azala: Alain Urrutia.
Protagonista guztien iraganean gorputzean «arrastoa, lorratza, konfiantza hautsiarena» utzi duen une bat identifikatuko da, askotan biko harremanean hirugarren pertsona batek «uzten duen eragina eta oihartzuna, sortzen dituzten dardarak». Batzuetan «gorpuztuago» ageri da, besteetan, esaterako 'Landareek hazteko behar dutena' eta 'Alargunak' halako «marmar» bat, «hor atzean dagoena, oroitzapen bat, presentzia bat, mamu bat ia».
«Kontramoduetan» arakatuta oso testu ezberdinak ondu ditu «teknika eta ahots narratiboen aldetik, bai egituraz, erritmoz, musika eta ikuspuntuz ere». Bost ipuin narratibo ohikoagoak dira, beste bi dialogatuak, ahozkotik gertu daudenak -bat antzerki eraman emana eta bestea WhatsApp elkarrizketa- eta, azkenik, pasartez pasarte 2025etik 1975era atzerantzazko kronologia marrazten duen ipuin fragmentatua. Prozesua su motelekoa izan dela kontatu du eta irakurtzetik asko izan duela, azkenean zortzi izan badira ere bidean «ehunka» irakurri baititu. «Barruak» eskatu ahala sortu ditu Alberdik eta, gero, izenburuak bidera atera zaizkio «Ohartu nintzen Leireri ipuin bat pasatzen nion bakoitzean ihes egiten zidala desenkusa moduko batek, 'oso heteroa da' eta berak 'trankil, ohituta nago' erantzuten zidan», azaldu du barre artean.
Agerraldian Susako editoreak oroitu duen bezala, Alberdi 'Aulki bat elurretan' (Elkar) ipuin-liburuarekin estreinatu zen 2007an. Ordutik ez dira gutxi plazaratu dituen lanak eta hauen aniztasuna ez da atzean geratzen: narrazioa 'Aulki-jokoa' (Elkar, 2009), 'Euli-giro' (Susa, 2013) edota 'Belarriko kilkerra' (Elkar, 2023) lanetan; 'Jenisjoplin' (Susa, 2017) eta 'Dendaostekoak' (Susa, 2020) nobelak, kronika, hainbat emakume bertsolariren testigantzak bildu zituen 'Kontrako eztarritik' (Susa, 2019; Euskadi saria) saiakera eta haur eta gazte literaturan 'Besarkada' (Elkar, 2015; Euskadi saria), 'Hili' (Elkar, 2021) eta 'Surflaria' (Ikastolen Elkartea, 2023).
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
El pueblo de Castilla y León que se congela a 7,1 grados bajo cero
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.