Borrar
Xabier Mendiguren, Markel Olano, Lourdes Otaegi eta Alex Gurrutxaga, aurkezpenean. usoz
Hiru liburuki Xabier Lete «euskal literaturaren izen nagusien artean» dagoela bistaratzeko
Liburuak

Hiru liburuki Xabier Lete «euskal literaturaren izen nagusien artean» dagoela bistaratzeko

'Xabier Lete, poema eta abesti guztiak' bilduma argitaratu dute, orain 12 urte hil zen poeta eta kantariaren ekarpena «jende artera zabaltzeko» asmoarekin

nerea azurmendi

Jueves, 1 de diciembre 2022, 12:33

Xabier Leteren (Oiartzun, 1944-Donostia, 2010) heriotzaren 12. urteurrenean, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta bost argitaletxek indarrak batu dituzte haren poema eta abesti guztiak berreskuratu eta argitara emateko. 'Xabier Lete, poema eta abesti guztiak'-en aurkezpenean Markel Olano diputatu nagusiak nabarmendu duenez, «Euskal Herriak eta euskal literaturak izan duten erreferente artistiko garrantzitsuenetako bat» hobeto ezagutzeko eta haren lanaz gozatzeko aukera aparta eskaintzen du Lourdes Otaegi eta Alex Gurrutxaga irakasle eta Leteren obran adituek landu eta paratu duten «ibilbide osoko panoramika sakon eta osoak».

Alberdania, Elkar, Erein, Pamiela eta Txalaparta argitaletxeen izenean mintzatu den Xabier Mendiguren editoreak, argitaletxeentzat proiektuan parte hartzea «poza eta ohorea» izan dela azaltzeaz gain, transmisioaren beharra aipatu du, «gure kulturak eta herri nortasunak iraungo badute» behinik behin. «Adin batetik gorako euskaldun ia guztiek Leteren garrantziaren kontzientzia argia dute –adierazi du Mendigurenek–, baina 40 urtetik behera asko apaltzen da miresmen hori, bere garaian ez zutelako ezagutu, eta ezagutzen ez dena ezin delako maitatu».

Itsasargiaren diztira

Lete, baina, poeta eta kantari handi bat baino gehiago da, Mendigurenen ustez: «Herri biziak behar ditu mitoak, heroiak, erreferentzia partekatuak, eta Xabier Lete mito horietako bat da, gai sakonenak hurbil egiteko dohaina eta karisma izugarria izan zuena». Letek beti izan du «itsasargi baten diztira, baina faroak argia ematen jarraitzeko baliabideak behar ditu».

Hiru liburuki biltzen dituen kutxa batean datorren 'Xabier Lete, poema eta abesti guztiak' lanak izan nahi du horietako baliabide bat. Lourdes Otaegiren hitzetan «Leteren poesiaren añorantzan eta haren omenez» egina da, utzi zuen ondare ikaragarria «jende artera zabaltzeko» xedearekin. «Aurretik egindako ikerlan askoren bilketaren emaitza» den lanak badu 100 orrialdeko hitzaurre mamitsua, eta ohar ugari ere baditu, baina lan serioa izanagatik ez da adituei zuzendutako proposamena. «Edizio honetan eskaini nahi izan dugu publiko zabalarentzako lan zabal bat. Lan puska egin dugu, baina irakurle orokorrarentzat egina da, euskaldun denon ondarea den Leteren poesia dastatu eta disfrutatu dezaten».

Kutxak 50 euroko prezioa du.

Edukiei dagokienez, aipatu hitzaurrea eta Leteren hiru poema liburu elkartu dituzte aurreneko liburukian, Leteren hiru lehenengoak, 1968 eta 1981 artekoak. Bigarrenean, berriz, azken hiru liburuak aurki daitezke, 1990 eta 2008 artekoak. Hor dago azken liburua ez ezik Xabier Leteren «obrarik beteena» izan zen 'Egunsentiaren esku izoztuak' (Pamiela, 2008, hurrengo urteko Euskadi Saria). Hirugarrena da nobedade handienak dakartzana, Foru Aldundiak gordetzen duen Xabier Lete Funtsean zeuden «argitaratu gabeko bi liburu eta aldizkarietan sakabanatuak zeuden poemak» bildu baitituzte, baita abestiak ere.

Poeta eta abeslaria

Alex Gurrutxagak azaldu duenez, «lehen bi tomoetan argitaratuta zeuden poemak jaso direnez, gure lana izan da argibideak ematea irakurleari. Letek denbora tarte handian egin zuen lan, eta saiatu gara mende erdian izan zituen hizkuntzaren eta esketikaren inguruko aldaketei buruzko ohartxoak egiten ez adituentzat».

Hirugarrenak bestelako lanketa eskatu die, eta «balio erantsi handi samarra» du, «toki askotan sakanabatuta zeuden poema argitaragabeak eta abesti ez oso ezagunak» jaso baitituzte, baita itzulpenen batzuk ere. Hasieratik zeukaten argi, alegia, poemen ondoan abestiak bildu behar zituztela, Lete ezin delako «partzialki ulertu; ez dago Lete poeta ulertzerik Lete abeslaria ulertu gabe, eta alderantziz».

Lan konplexua izan dela aitortu du Gurrutxagak, eta hainbati eskertu die –Joxerra Gartziari, Anjel Lertxundiri, Joxan Goikoetxeari...– eskainitako laguntza, ez baita erraza izan kasu guztietan datak eta jatorria finkatzea. Hautaketan zorrotzak izan dira, eta «bakarrik sartu dira ondo finkatuta eta amaituta ikus zitezkeen testuak», zirriborroak-eta baztertuz.

Lete ere bere konplexutasun osoan aurkeztu nahi izan dute: «Lete bat, haren kontrakoa, eta kontrakoaren kontrakoa»; «jendeak otsoaren oihuarekin identifikatzen duena, baina espiritualagoa ere bai». Lanak aukera ematen du, halaber, «Leteren mende erdiko literaturaren bidez gure historiaren argi-ilunez hausnarketa egiteko». Zeren eta Letek «obra hunkigarria burutu baitzuen, disidentziaren, oinazearen eta maitasunaren bidegurutzeetan errotutako poemen eta abestien bidez». Bilduma landu honek erakusten du, Lourdes Otaegik esan bezala, «euskal literaturaren izen izen nagusien artean kokatzen duen» obra sortu zuela 2010ko abenduaren 4an zendu zen poetak.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Hiru liburuki Xabier Lete «euskal literaturaren izen nagusien artean» dagoela bistaratzeko