Secciones
Servicios
Destacamos
«Eztia biltzen duten nekazari zuri pobreak, ibaian bainatzen diren andre beltz mardulak, eta mundua bere magia guztian deskubritzen duen haurraren begiak, bizitzari nahiz heriotzari begira». Horiek dira, Elkarrek argitaratu duen 'Ibaiertzeko ipuina' eleberri laburraren berri ematen duen oharraren arabea, Oihane Amantegi Uriarteren (Amorebieta-Etxano, 1985) aurreneko liburuaren osagai nagusiak.
Horien guztien jolalekua, berriz, ibaia; 100 orrialdeko ipuin luzea edo eleberri laburra zeharkatzen duen zaina. «Hasieran aitzaki bat zen, historia ardazteko lekua, baina denboragaz bilakatu da gaia, protagonista, metafora...», zehaztu du idazleak.
Ibai ederra du Amantegik jaioterrian, Ibaizabal kementsua, baina urrunagoko baten bila abiatu zen, «hasiera batean, behar nuen distantziaren bila. Gero ikusi nuen behar nuela atmosfera jakin bat, tenperatuta eta hezetasun jakin bat, eta hor agertu zen ibai hori».
Estatu Batuetako Georgiako ibai bat, alegia, Amantegik batik bat zinemaren, literaturaren eta liburuan garrantzi handia duen musikaren bitartez jasotako doinu eta irudiekin eraiki duen pasaia.
Denboraren joanarekin eta bizitzaren eta heriotzaren arteko mugarekin lotzen dira ibaiak kultura eta mitologia askotan. Ikasketaz antropologoa den eta nagusiki euskararen eta kulturaren inguruko lanetan diharduen Amantegiren liburuan ere bai. «Gai zentrala heriotza da, haur baten ikuspuntutik kontatua. Eta, heriotzarekin batera, haurraren inozentzia, naturarekin duen harremana», azaldu du aurkezpenean. Horixe izan zen hain zuzen bere hautua, «mundua deskubritzen ari den haurraren lekutik kontatzea historia, heriotzari ere hortik begiratzea. Begirada hori errekuperatzea erresistentzia leku gisa, munduari begiratzeko leku gisa».
Garaiak, berriz, ez du espazioak besteko garrantzirik. Han eta hemen aurkituko dituen zantzuak baliatuz irakurleak berak irudika lezake noiz gertatzen diren 'Ibaiertzeko ipuina' nobelan kontatzen direnak, baina berdin dio ez badu ariketa egiten eta den-dena uzten badu egileak hobetsi duen «garai mitiko» batean. Inguruak, batez ere egunotan, iradokitzen dituen arrazismoari eta beltzen eta zurien arteko elkarbizitzari lotutako arazoak, era berean, izaera sinboliko indartsua duen liburutik at gelditu dira.
«Ez da nobela errealista bat», nabarmendu du Xabier Mendiguren editoreak, zeinak ongietorri beroa egin dion «euskal letren plazara» heldu berriari. Mendigurenek adierazi du «liluragarria, berezia, nortasun handikoa» dela liburua, dotorea eta zaindua idazkerari dagokionez, «liburu inportante bat». Oihane Amantegik, berriz, esan du idazten hasi zela «zertan sartuko nintzen eta zertan bukatuko nuen jakin gabe, intuizioz idatzen, inongo asmo konkreturik gabe». Ibaiertzera ere intuizioak eraman omen zuen.
Testua behin betiko bertsiora, berriz, idazlearen eta editorearen arteko elkarlanak eraman du, eta «prozesu luze» horretan liburua asko aldatu da. «Zati osoak erori» dira prozesu horretan, baina ez dira alferrik galdu. Jasota dauzka zati horiek idazleak, eta «beste historia posible» baten oinarri edo osagai izan daitezkeela uste du. Badabil lanean, «baina nahiko lasai, ariketa koralago bat egiteko aurreneko urratsetan».
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Las zarceras tras las que se esconde un polígono industrial del vino en Valladolid
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.