Iban Zaldua idazlea Donostian egindako aurkezpenaren aurretik. JOSE MARI LOPEZ
Iban Zaldua | 'Ipuina engainua da'

Etapa «berriari» atea irekitzen dion bilduma

«25 urteren ostean estilo propioa garatu dudala uste dut», adierazi du Iban Zalduak 'Ipuina engainua da' lanaren aurkezpenean, 16 testu anitzez osatutako liburua

Jon Agirre

Donostia

Lunes, 12 de septiembre 2022, 15:06

«Liburu honek etapa berri bat markatzen du, 25 urteren ostean edo agian horien buruan estilo ezagungarri eta karakteristikoa garatu dudala uste dut». Ez da esaldi makala, are gutxiago Iban Zaldua bezalako idazle oparo batek bere azken lanaren, 'Ipuina engainua da' ipuin-bildumaren aurkezpenean botatzeko. Idazle donostiarrak azaldu duenez «lehen aldiz» aitortu dio bere buruari. «Horrekin beti izan dut gutxitasun sentimendu bat eta, zentzu horretan, nire buruarekin bakeak egitea suposatu du».

Publicidad

Bilakaera horretan idazle bezala konfort zonatik irten da Zaldua ipuin luzeagoen mesedetan, antzeko orrialde kopurua duten aurreko liburuekin egindako alderaketak argi uzten duen bezala. Besteak beste, 'Inor ez, inoiz' ez bildumak 38 ditu eta 'Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak' lanak 32. Astelehen honetan aurkeztutako 'Ipuina engainua da' bildumak, aldiz, 16. «Beti oso eroso mugitu naiz hiru, bost, zortzi orrialde dituzten ipuinetan. Azken lau urteetan halakoak idatzi ditut ere, noski, baina luzeagoak hautatu ditut, garapen gehiagokoak». Erabakian pisu handia izan dute bolada horretan irakurri dituen ipuinek eta hauen egileek, besteak beste Eider Rodrigez, Ana Malagon, Uxue Apaolaza, Santi Leone, Iñigo Astiz, Urt Zubiaurre, Aintzane Usandizaga, Garazi Arrula, Iñigo Aranbarri edo Gotzon Hermosilla.

Agerraldian zehar euskal ipuingintzaren aldarrikapena egin nahi izan du Zalduak, 'Ipuina engainua da' idazterakoan «konpetentzia baino akuilu» egin zaizkiolako aipatu egileak. «Inguruko literaturekin alderatuta ipuingintza ekosistema bereziki oparoa dugula pentsatzen jarraitzen dut eta lan honek euskal ipuingintzaren gorazarrea izan nahi du», azaldu du idazle donostiarrak. Horrela eman du Zalduak idazle bezala konfort gunetik aldentzeko pausua, «baina ez guztiz. Hori nobela edo poesia egitea izango zen», bota du ohikoa duen umore eta ironiarekin.

'Ipuina engainua da'

Estiloa: Ipuin-dildima.

Argitaletxea: Erein.

Orri-kopurua: 280.

Prezioa: 22,5 euro.

'Ipuina engainua da' bildumak idazle donostiarraren «sustrai fantastikoak eta zientzia fikziozkoak» mantentzen ditu, agian dosi txikiagoarekin, baita gaien eta pertsonaien aniztasuna ere. Izan ere ipuinak idazterakoan Zalduak ez du proiektu zehatz bat, salbuespenak salbuespen. «Bakoitza bere momentuan doa sortzen eta pertsonaiak ez dira nobela batekoak bezala. Ipuinetako pertsonaiei begi ertzarekin begiratzen diegu, nobelakoekin bizi egiten gara, haien biografia osoa daukagu».

Hala izan behar baitu ipuinlari peto baten lanak Zalduarentzat: «askotarikoa». Eta gero, bide guzti horiek diren ipuinak lotzeko modua topatu. «Ohikoa ordenarekin edo hurrenkerarekin lortzea da, bilduma honen kasuan estiloarekin», zehaztu du. Pello Lizarralde idazlearen ustetan erabat asmatu du Zalduak helburu horretan. «Ez dago kirrika egiten duen ipuinik, koherentzia handia dago lanean zehar».

Publicidad

«Bildumetan ohikoa ipuinak ordenarekin edo hurrenkerarekin lotzea da, honen kasuan estiloarekin egin dut»

Ez da agerraldian izan duen hitzartzean nabarmendu duen kontu bakarra. Lizarralderen aburuz ironia oso presente dago, ipuinetan zehar lehenago agertu diren beste bi konstanterekin batera: gezurrak edo beldurrak. Zalduak klasikoa duen 'Gauza' ere badela esan du, baina bigarren maila batean. Honen harira idazle donostiarrak tarteka entzundako kexa bati erantzun nahi izan dio. «Ez dut uste espezializazio hori nire probetxurako erabili izan dudanik. Beti izan da nire produkzioaren parte, baina inondik ere gehiengoa», azaldu du. Are gehiago, agerrarazten duenean maiz nagusia ez dela nabarmendu du. «Eta hori ondo ikusten da lan honetan, ez dago beti lehen planoan», gehitu du 'Ipuina engainua da' liburuari erreferentzia eginda.

Era berean, oso argi du literaturak ezin duela inoiz bere zeregin kritikoa galdu eta ez dela «militantea edo panfletarioa» izan behar. Ildo horretan ipuinek eta fikzioak dituzten bertuteak defendatu ditu. Lehenarengandik «galderak sortzeko duen ahalmena» azpimarratu du; eta, bigarrenetik norberetik idaztea ahalbidetzen duela norbera lehen lerroan jarri gabe, hots egozentrismoan erori gabe. Norberetik baina ez norberarentzat. «Bertute hori liburu honen ikur izatea nahiko nuke. Saiatu naiz, baina ez dakit lortu dudan».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad