Borrar
Josu Zabaleta itzultzailea, Ion Arretxe zenaren argazkia eta 'Intxaurrondo, la sombra del nogal' gaztelaniaz argitaratu zuen El Garaje Ediciones-eko Manuel Blanco Chivite. michelena
«Euskal gizarte bat nahi badugu, gure historia euskaraz kontatu behar dugu»

«Euskal gizarte bat nahi badugu, gure historia euskaraz kontatu behar dugu»

'Intxaurrondo. Intxaurraren hostopeko itzala', Ion Arretxe Gutiérrezek Intxaurrondoko kuartelean jasandako torturen testigantza, euskarara ekarri du Josu Zabaletak, Ereinen eskutik

n.azurmendi

Sábado, 15 de mayo 2021

«1985eko azaroaren 26ko goizaldean, 21 urte ozta-ozta nituela, Intxaurrondoko kuarteleko, Gipuzkoako Guardia Zibilaren 513. komandantziaren egoitzako guardia zibilek atxilotu ninduten», idatzi zuen Ion Arretxe Gutiérrezek (Errenteria, 1964), gaztelaniaz, 2015 urtean Madrilgo El Garaje Ediciones argitaletxeak plazaratu zuen 'Intxaurrondo, la sombra del nogal' liburuan.

Ion Arretxe ez zen izan Guardia Zibilak gau hartan atxilotu zuen bakarra; Mikel Zabalza eta haren neska-laguna eta lehengusua ere atxilotu zituzten, bakoitza bere etxean. Arretxek ez zituen gainerakoak ezagutzen, baina denak ETAko komando bereko kide bihurtu zituen Guardia Zibilak, horrela bazuelako nori egotzi Pasaian ordu batzuk lehenago hiru hildako utzi zituen atentatua.

Ion Arretxe ez zen izan gau hartan eta hurrengo egunetan torturatua izan zen bakarra; plastikozko zaku baten barruan zeukaleta burua erreka batean behin eta berriro sartu zioten bakarra ere ez zen izango. Atxilotu eta hogei egunera, alegia, Bidasoako uretan agertu zen Mikel Zabalzaren gorpua. Arretxe hiru egunez torturatu zuten, Lege Antiterroristak ahalbidetzen zuen ilunpean. Arretxe hiru egunez torturatu zuen, baina bizirik atera zen, eta denborarekin iritsi zitzaion bizitakoa kontatzeko unea.

Garai hartan Arte Ederretako ikaslea zen Arretxe. Gerora, komikigintzan eta sorkuntzarekin zerikusia zuten lan ugaritan ibili zen, zinemaren arloan batik bat. 2018 martxoan hil zen, 52 urte zituela, hiru liburu utzita: haurtzaroko Errenteriari buruzo 'Parole, parole'; 'Intxaurrondo, la sombra del nogal' eta argia egilea hil ondoren ikusi zuen 'Los mismos bares'.

Intxaurrondon jasandakoa lehen pertsonan kontatzeko idatzi zuen liburuak hedapen zabala izan zuen gaztelaniaz. Euskarara Josu Zabaletak ekarri du. El Garajeko editore eta Arretxeren lagun min Manuel Blanco Chiviterekin eta Ereineko Inazio Mujika Iraolarekin partekatu zuen aurezpenean, liburua euskaratzean izan dituen zalantzaren batzuk aipatzeaz gain –esaterako, nola jarri euskaraz mintzatzen Intxaurrondoko guardia zibilak?–, Zabaletak esan zuen itzultzaileak baduela eskubidea galdetzeko «zer arraiotarako ari gara hau itzultzen denok entenditzen badugu?».

«Horri ere erantzun egin behar zaio –esan zuen–, eta ni uste dut itzulpenak Euskal Herrian bete behar duen funtzioetako bat horixe dela, gure herrian euskaraz esan ez diren gauzak euskarara ekartzea. Geure buruaz hitz egin dugu, ez gara isildu, baina gauza asko gaztelaniaz edo frantsesez esan ditugu. Euskal gizarte bat eraiki nahi badugu, gure memoria, gure historiaren errelatoa euskaraz egin behar dugu».

Eta memoria horren zati da, horrenbestez historiaren errelatoan egon behar duena, euskaraz, Ion Arretxe Gutiérrezek idatzi zuen liburua, «historia ausarta, beharrezkoa, literatur balio anitz dituena eta protagonista guztiek kontatzerik izan ez dutena, zoritxarrez».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Euskal gizarte bat nahi badugu, gure historia euskaraz kontatu behar dugu»