Hasier Larretxea idazlea, aurkezpenaren aurretik. Usoz
Hasier Larretxea | 'Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da'

Iraganeko zenbait uneri eta aitari «mintzatzeko» liburua

Hasier Larretxea idazleak 'Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da' saiakera (Alberdania) aurkeztu du, pandemia garaian gorpuztua

Jon Agirre

Donostia

Viernes, 8 de noviembre 2024, 09:39

Itzulera ariketa bat iraganeko zenbait uneri «mintzatzeko» eta «aurrez aurre begiratzeko», baina bertan iltzatuta begiratu gabe, aurkeztu du Hasier Larretxea (Arraioz, 1982) idazleak 'Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da' saiakeran (Alberdania). Jardun horretan bi ardatz dira nagusi, elkarrekiko oso estuki lotuak daudenak: homosexualitatea, «bilaketa afektibo-sexuala, familiaren eraketa prozesua, bizikidetza eta errespetatua izatea», eta aitarekin, herri kiroletan ibilbide luzea egindako Patxi Larretxea, izan zuen eta duen harremana. «Egurketaria zen, mendira eramaten ninduen zurarekin aritzera, zura neurtzera». Hari eskainitako testuak «hunkigarri eta aipagarriak» direla goraipatu du Oier Etxebeste Alberdaniako kideak.

Publicidad

Orrietan barrena «bilaketa» bat dago. Landa eremua eta katolizismoa «arras presente» ziren 80ko eta 90eko hamarkadan Arraiozen eta aita «herri kiroletara lerrokatzen saiatu zen, bere gisako gizona izan nendin». Ez duen lortu eta jaso gabeko maitasun keinu horiek «elkarren arteko urruntasunera» eraman zituen. Are gehiago nerabezaroan murgildu ahala homosexualitatea «deskubritu» zuenean egileak. «Horri buruz ere mintzo naiz, baina modu argitsuan. Itzulerako begiradarekin, jakinki aita nondik datorren, zein izan zen bere testuingurua, zer espero zen beregandik. Profil bat erakutsi behar izan zuen».

Modu argitsuan baina, era berean, «saiakera gordina» da Alberdaniako kideak kontatu bezala. Pertsonala eta autobiografikoa izanagatik irakurleari zenbait atal «oso gertuko» eta «kontu asko oso ezagunak» egingo zaiola argi du Etxebestek.

'Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da'

  • Egilea: Hasier Larretxea

  • Argitaletxea: Alberdania.

  • Generoa: Saiakera.

  • Orrialdeak: 107.

  • Prezioa: 15,50 euro.

Egun Larretxea Madrilen bizi da eta hiriak garrantzia handia izan du 'Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da' saiakera ontzeko prozesuan, egileak hainbatetan azpimarratu bezala. «Liburu autobiografikoak, memoria barrenetik idatzitakoak, biziki maite izan ditut irakurle gisa. Iraganean ariketa egiten saiatu naiz, baina ez nuen ahots bat erdiestea lortu. 2020an etxeratze agindua heldu zen eta idatziak nituen testu asko atontzen hasi nintzen», azaldu du.

Etxean egunez geratu behar izanak «denbora eta elementuen ikusmira anplifikatuarazi» zuen eta, hein batean, oraineko hainbat gairekin uztartu, besteak beste egungo Madril, bizi duen gentrifikazioa, hiriaren antsietatea eta estresa, heldutasuna, lan esparruko prekaritatea edota idazketari buruzko hausnarketak. Horiekin batera irakurleak erreferentzia mordoa aurkituko ditu, bai garaiko gertakariei buruzkoak zein musikari buruzkoak, «biziki presente» dena, eta ez direnak soilik «iraganari atxikitzeko». Esaterako dira testuan zehar Anariren 'Desnúdame, desnúdame', «nerabezaroko bakardade arratsalde horietan funtsezkoa», Zea Mays, Mikel Urdangarin eta Kirmen Uribereren 'Maiatza', Rafa Rueda, zein nazioartekoak.

Publicidad

Larretxeak aurkeztutako saiakera ez da argitaratu duen lehen lana, agerraldian Etxebestek oroitu duen bezala. Batik bat poeta bezala nabarmendu da euskal letren munduan eta arraioztarrak ere onartu du genero horretan sentitzen dela «erosoen. Nik betidanik poesiagintza izan dut bidaide». Hala, sei poema liburu argitaratu ditu -'Azken bala' (2008), 'Atakak' (2011), 'Barreras' (2013), 'Niebla Fronteriza' (2015), 'De un nuevo paisaje' (2016), 'Meridianos de tierra' (2017) eta 'Hijos del peligro' (2023)-, nahiz eta bestelako lanak ere badituen, esaterako 'Larremotzetik' (Erein, 2013) narrazioa. Azken honekin alderatuta «argitsuagoa» dela azpimarratu du. «'Larremotz' iluna zen eta prozesu baten garapenean honako hau da erantzun heldua».

Aritz Galarraga editoreak esan bezala Larretxeak «tarteka ateratzen du barnean daraman kontalari sena. Genero aldetik ez da sailkatzen erraza, dietario baten trazak izan arren (data eta abarreko formalismorik gabea beti ere), baduelako pertsonaia baten eraikuntzatik; narrazioak bildu arren, baduelako poetikotasunetik; idazlearen esperientzia propioak jaso arren, baduelako kontakizun kolektibotik».

Publicidad

Saiakera aurkezteaz gain, Larretxeak aurreratu du azken boladan guraso eta senarrarekin batera eskaintzen ari den 'Itzulerako bideak/Caminos de retorno' emanaldi performatiboari jarraipena emango diola aita alboan duela. Hala, Elizondoko Txokoto ostatuan urriaren 13ko eguerdian aurkeztuko du 'Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da' eta, oraindik data zehaztu ezin izan badu ere, abenduan Iruñean izango dela aurreratu du. «Berraurkitze baten konposaketa» izango da Larretxearentzat, aurkeztu berri duen liburua «iraganeko isiltasunak osatzera» dator eta.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad