Secciones
Servicios
Destacamos
Lurretik ernatutako hazien antzera, Castillo Suarezen jaioterriko paisaiaren iruditeria osatzen dute idazle nafarraren liburu berrian jasotako poemek. Zazpi urteko isilaldiaren ondoren, 'Irautera' argitaratu du Altsasukoak, orain arteko libururik «biribilena», Elkar etxeko Xabier Mendiguren editorearen arabera.
Suarezen paisaia sentimentala ez da hermetikoa. Ezta orain arteko lanek irudikatu duten bezain arina ere. Ezagun egin duen pop ukituko poesiaz harago, basora egin du salto liburu berrian. Ironiak jarraitzen du bere lekua edukitzen idazlearen ekosistema poetikoan, «erosotasunaren seinale» eta «sedukziorako tresna» gisa. Azken urteek, hala ere, ahotsean eragin diotela uste du, eta haurtzaro eta nerabezaro garaiko irudiak ordezkatu ditu, oraingoan, biziraupenaren inguruko hausnarketak.
Poema narratibo luze batean ari zen lanean landa ikuspegia zeukaten sormen lanekin zerikusia duten proiektu bati ekin zionean. Hasi zen irakurtzen landa eremuari buruzko lanak, paisaiari buruz idazten duten egileak, eta halaxe Angel Erroren poema batekin topo egin zuen. Bertan, Errok kontatzen du lehorreko idazleek marinelen inguruan idatzi ohi dutela maiz, eta horri buelta ematearren, ondoen ezagutzen duenera bidaia egitea erabaki zuen Suarezek. Bere jaiotetxea Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko muga-mugan egonda, pinutik hariztietarako aldaketa, baso naturaletik ustiatutakora, eta bertakoaren eta inbaditzailea denaren arteko dikotomia arakatu ditu, beharra eta desiraren artekoa, gupida eta sexuaren mugetarako joan-etorrian.
Abandonua jorratzen du liburuan, eta galera baten ondoren irauten duena. Hitzak neurtu ditu, aurkezpenean aitortu duenez, naturaren inguruko irudi bukoliko edo erromantikoetan ez erortzeko. Basoko irudiak erabiltzen ditu bere-bereak dituen aferen inguruan idazteko. Inspirazio iturri izan ditu Jon Gerediagaren 'Argia, lurra, zuhaitza, zerua', Jose Luis Otamendiren 'Lur bat zure minari', eta Olga Novo zein Yolanda Castaño poeta galegoak, hain zuzen, paisaiarekin duten «harreman zintzoagatik».
«Irauteari buruzkoa da liburua. Galera baten ondotik, txikizio baten ondotik geratzen diren gauza horiei buruzkoa. Zuhaitz eta landareek lotura sortzen dute, hari bat» liburua josi duena. Alde horretatik, osotasun bat lortu duela deritzo, eta ez «poema sorta soila».
Bi hilabetean idatzi du lehenago denbora luzean ondutako ideien bilduma. Ez du sortu erredentzio modura, ezta terapeutikoa izan den prozesuan ere. Erosotasunetik eraiki ditu, eta horrek ukitu berritzailea eman dio, Mendigurenen hitzetan, pertsonala bezain unibertsala den liburuari. Poema irakurgarriak sortu ohi dituen idazletzat du Suarez editoreak, irakurtzerrazak direlarik, sinpleak ez direnak. «Irudiak eta esaldiak erraz sartzen zaizkio idazleari, baina bueltaka gelditzen zaizkio gero barrenean». Oraingoan, gainera, Suarezek bere burua ohi baino gehiago erakutsi duela uste du.
Idazleak berak, bere idazteko teknikak eragina duela horretan defenditu du: ez du barrenekoa botatzen sentitu bezain laster, bere egiten du, ondo xehatu. Egitura zehatzeko liburua da, lau zatiz osatua, bakoitza 15 poemarekin. Liburu zaindua da, neurri zehatzekoa olerki bakoitzetik liburuaren azalera; 1858an kontsul frantses batek Gipuzkoan egindako ilustrazioa da. Ormaiztegiko iratzea, garoa.
2012koa zen Suarezen azken liburua, 'Urtebetetze festa'. Aurrekoa, 'Souvenir', 2008an kaleratu zuen. Ez da idazle berritzailea gaietan, mantendu du bere unibertso poetikoa, baina adierazpena aldatu du, berrituta dator. Trilogia izan zitekeena itxi eta desegin du aldi batez, beste uztai bat sortu da enbor berean.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.