![Eraikitako habiak eta horietatik ihes egitearen tentsioak sortutako poemak](https://s1.ppllstatics.com/diariovasco/www/multimedia/2023/05/24/apella-kUJB-U200385838344kVF-1200x840@Diario%20Vasco.jpg)
![Eraikitako habiak eta horietatik ihes egitearen tentsioak sortutako poemak](https://s1.ppllstatics.com/diariovasco/www/multimedia/2023/05/24/apella-kUJB-U200385838344kVF-1200x840@Diario%20Vasco.jpg)
Secciones
Servicios
Destacamos
Kolektibo baten parte izan ala ez izanak sortzen duen tentsioa, eraikitzen ditugun habia horien eta habia horietatik ihes egiteak dakarren tentsioa dira Julen Apellak asteazken honetan aurkeztu duen 'Postal bat desertuan' poesia-liburuan ardatz nagusia. Egilearen hitzetan, poemetan barrena, batzuetan esplizituago eta besteetan oihartzun modura «deserrotze antzeko bat, etengabeko bidaiaren eta desertuaren figurarekin lotua dagoena» nabarituko du irakurleak, «harremanekin, elkarri jartzen dizkiogun mugak edo eremu horietatik aldentzeko sortzen zaigun beharrarekin» batera.
Azalpen argi eta zuzen honen oinarrian hausnarketa dago, ez da beroan eta ohiko galderatik, 'Eta nola azalduko zenuke zure poesia-liburua?' itaunetik, nolabait ateratzeko erantzuna. Pasa den martxoaren 21ean jakinarazi zen Donostia Kultura VI. Poesia Sarian epaimahaiak aurkeztutako proiektua nabarmendu zuela eta ordutik erantzuna bilatzeak, 'Postal bat desertuan' laburtzeak, sortu dizkio buruhauste batzuk. «Bi esalditan azaltzea traizio egitea bezala sentitzen dut, sentitzen ez dituzun gauzak esaten amaitzen duzu, futbolariek partida amaieran ematen dituzten erantzun horien oso antzekoak izaten direnak».
Aipatutakoa ez du egituratuta aurkituko irakurleak, poemak errenkadan baitaude bata bestearen atzetik. Honek bi arrazoi ditu: batetik, askotariko gaiak lantzen direlako; bestetik, halako tonu edo «ardatz transbertsala» dagoelako eta honek poemen artean «oihartzunak» sortzen dituelako. «Niretzat garrantzitsua zen egituraren bitartez jario hori ez etetea eta irakurleak berak topatu behar izatea oihartzun horiek bere kabuz». Azkenik, liburuak ez du «genesis» zehatz bat erez. «Ez dut poema liburu bat idatzi bere horretan. Hasieran poema bilaketa bat bezala bizi izan nuen eta gerora eman diogu ordenamendu bat. Ez da hasieratik deia konkretu eta zehatz baten inguruan zentratutako lana», xehatu du Apellak.
Testuetako gehienak unibertsitate garaian idatzirikoak dira. Berrirakurtzean ikusi zuen egileak antzeko estilo eta kezkak zituztela. Orduan antolatu zituen hauen arabera eta sariketara aurkeztu. Gaitegi aldetik, aipatutako deserrotze antzeko horrez gain, Aritz Gorrotxategi Balea Zuriako kideak pluraltasuna goraipatu du. «Jazza, ukitu soziala, gai intimoak, paisaiak... jorratzen ditu, baina osotasuna ematen dioten elementuak baloratzen ditut nik gehien, hor nabari da lanketa literarioa, osagaien bidez ondo trinkotzen duelako».
Elementu horiek hiru direla gehitu du: zapatak, oinak, bidea; hegoak, mugimendua; eta denborak, erlojuak. «Ikusten da idazleak ez duela soilik zer kontatua, hori esaten asmatu eta irakurlearengana heltzea lortzen duelako». Izan ere hori da lanaren puntu gorenetako bat, lanketa, sentimendu edo kezkak mahai gainean jartzetik harago joateko gaitasuna. «Horrek azken emaitzari biribiltasun bat eman dio». Gainera, askotariko literatur erreferentziak, zitak, keinuak eta omenaldiak ere gehitu ditu egileak. «Ganbara irakurketaz beteta eta keinu edo omenaldiak direla-eta erreferentziak ateratzen doaz eta beharrezkoa da hori», are gehiago Gorrotxategiren aburuz literaturak hezkuntzan pisua galdu duen aro honetan.
Egilea: Julen Apella Santamaria.
Argitaletxea: Balea Zuria.
Estiloa: Poesia.
Orri-kopurua: 70.
Prezioa: 13 euro.
Eleberrietan ez bezala, non pertsonaiek gorpuzten duten jorratu nahi dena, Apellaren lanean «ahots poetikoak» egiten du lan hori.
Asteazken honetan aurkeztutako poesia-liburua Apellaren lehen argitalpena da eta bidean «zapaldu gabeko lorategi bat zapaltzen» ari zenaren sentsazioa izan duela onartu du. Hori bai, Aritz Gorrotxategi Balea Zuriako kideak nabarmendu bezala «poemetan barrena lirikotasun handia eta ahots sendoa» erakutsi du egileak, «agian oraindik erabat definitu gabea, baina lema oso ondo jarria» duena.
Donostia Kulturak epaimahaiaren erabakia jakinarazi zuenetik edizio lanetan buru-belarri aritu da Apella. «Askotan esaten da idazteak asko duela berridazketatik eta nire kasuan hala izan da, poemak aldatuz, moldatuz, finduz, laburtuz, gauza batzuk gehituz eta Aritzekin iritziak elkarbanatuz ere. Horrek zure lanari buruko beste perspektiba bat ematen dizu», azaldu du.
Aurkezpenean Arantza Urkiak, Donostia Kulturako liburutegi zerbitzuko zuzendari teknikoak, esan bezala sariketaren seigarren edizioa izan da, orain arte «ibilbide oso polita» izan duena. Horren seinale da, Urkiaren aburuz, irabazle izan direnek «poeta bezala bidea» egin dutela. Iaz, 2022an, Izaskun Igoak erdietsi zuen 'Hotza bazkatzen' lanarekin eta aurrez sarituak izan dira Maialen Berasategiren 'Eskuan beti zerbait' (2021), Lizar Begoñaren 'Aro beilegia' (2020), Gorka Salcesen 'Iraganaren izterrak' (2019) eta Esti Martinezen 'Azalberritze bat' (2018).
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.