Borrar
Urgente Las 10 noticias clave de la jornada
Garcia eta Meabe, liburuak eskuetan dituztela
June Jordan eta Forugh Farrokhzad-en erresistentzia poetikoa euskaratu dute

June Jordan eta Forugh Farrokhzad-en erresistentzia poetikoa euskaratu dute

Munduko Poesia Kaieren bildumara gehitu dituzte estatu batuarraren eta iraniarraren liburuak, Ane Garcia Lopez eta Miren Agur Meabek itzulita

Amalia Ibargutxi

Donostia

Viernes, 22 de mayo 2020, 18:46

«Hitz hauek / harri dira ihesi doan / uretan». Erresistentziaren ahotsak dira, hain zuzen, Munduko Poesia Kaieren bildumaren baitan argitaratu berri dituzten bi liburuak, sistemaren aurkako harrikadak. Besteak beste, lehengo hitz horiek agertzen diren 'Poema hauek' izeneko olerkiaren egilearena, June Jordan estatubatuarrarena, eta Forugh Farrokhzad iraniarrena.

Bi ahots sendo eta argirekin dator bueltan Beñat Sarasolak koordinatzen duen bilduma, Susa etxeak kaleratzen duena. Miren Agur Meabek euskaratu du Farrokhzad-en liburukia, eta Ane Garcia Lopezek Jordanena. Bildumako 33. eta 34. aleak dira.

Sarasolak berak nabarmendu duenez, Mendebaldetik kanpoko idazleak behar zituzten mundukoa bilakatzeko, «benetan», kaieren bilduma. Horrela, ekialde hurbileko idazle bat eta guraso jamaikarrak zituen estatubatuar bat ekarri dituzte euskarara. Aurreratu du, bestalde, udazkeneko argitalpenekin, Afrikako poesiagintzara bidaia egin ahalko duela irakurleak.

Jordan eta Farrokhzad-en olerkigintzak desberdinak badira ere, bizitzaren argi-ilunak seinalatu omen zituzten biek ala biek, eta badute komunean kontu bat: lehen pertsonan idatzi zuten, arriskuak arrisku, eta jaso zituzten, horregatik, jazarpena zein aitortza.

Farrough Farrokhzad Irango XX. mende erdialdeko berpizkunde kulturalaren zutabeetako bat izan zen, sapai ugari hautsi behar izandako emakumea. «Kontzientzia femeninoaren kriseilua», finean. «Ahots bakarti eta bakarra», Meabek nabarmendu duenez.

Bost poesia liburu argitaratu zituen, 32 urterekin hil aurretik. 'Gatibu', 'Horma', 'Matxinada', 'Beste jaiotza bat' eta 'Izan dezagun fedea urtaro hotzaren hasieran'. Izenburu horietan antzeman daitezke, jada, bere bizitzako gorabeherak, bere testuetan ere esplizituki jorratzen dituenak. 1962an, 'Etxea beltza da' film dokumentala zuzendu zuen, Irango zinemagintzako adituek goraipatu dutena.

Estilo «ulerterraza eta garbia» duela uste du Meabek, eta azpimarratu ditu testuetan aurki daitezkeen adjektibazioa, enumerazioak, sinboloen erabilera oparoa «Artzereren lehengusuak izan daitzekeen txoriak, kasu» edota askotariko erreferentzia kulturalak. Liburua idazteak «hazten lagundu» omen zion.

Hemeretzi urterekin kaleratu zuen lehen liburua iraniarrak. Bertan, kaiolan dagoen txoritzat du bere burua, eta kritika egiten die pentsamolde tradizionalei, gizonezkoek gorpuzten zuten figura horri eta egitura finkoei, besteak beste. Iritzi publikoak lotsagarritzat jo zuen haren lana, liburua plazaratutako argitaletxea itxi eta adituek baztertzeraino.

Hurrengo lanetan bakardadea eta heriotza jorratu zituen, eta abandonua, inkomunikazioa, errua, fedea edota etorkizunarekiko esperantza, bere semeak gorpuzten zuena maiz, etorkizuneko gizartearen isla. Opresioaren gainetik gailentzen da azkenean, burututako sakrifizioei zentzua harrapatuz, bere buruari eutsiz.

«Aro onetan oso festiboa da bere olerkigintza, arnasa bildu nahi du hurrengo olatuei aurre egin ahal izateko -esan du Meabek-, eta txarretan, dena da itzala». Horren harira, Meabek gogora ekarri nahi izan du idazleak berak erabilitako esaldia: «Hondoan murgildu behar da perla topatzeko».

Pertsaz idatzi zuen Farrokhzad-ek. Meabek, berriz, frantses eta gaztelaniazko edizioetako testuak euskaratu ditu.

Pertsonala eta politikoa

Pertsonala bezain politikoa da June Jordanen literatur lana. New York-eko Harlem auzoan jaiotakoa da, 1936an, eta guraso jamaikarrak zituen. Beltz izatearen kontzientziatik idatzi zuen, eta baita bisexualitatetik ere. Bigarren olatu feministarekin lerrokatutako sortze lana burutu zuen, «unibertsala bezain jendearengandik gertukoa». Bere lana euskaraz irakurtzeko lehen aukera sortu du Garciak.

Itzultzaileak nabarmendu du indarkeriak zeharkatzen duela Jordanen poesiagintza, irakurleari ihesbiderik utzi gabe. «Gogorarazten dizu etengabe biolentziaren alde batean edo bestean zaudela, eta beti aldatu daitekeela posizio hori: eragile edo sufritzaile izan zaitezkeela, edozein zarela ere». Garciak nabarmendu du, hain zuzen, idazleak berak maiz egin ziola erreferentzia arazo horri. Olerki batzuetan salatzen zituen estatubatuar bezala eragindako sarraskiak, barkamen eske ia, eta beste batzuetan, aldiz, berak gorpuzten zituen zapalduek bizi dituzten egoerak.

«Panfletotik gertu hasten dira testu batzuk, berehala bere intimitatera ekarri arte kontatzen duena, horrela lortzen duelarik intimitateari lotzea jasandako indarkeria», gehitu du itzultzaileak.

Jordanen hizkera, «bera bezala», anarkikoa suertatu zaio maiz Garciari, eta halako idazkera euskarara ekartzea izan du lanik zailena, ez baitu uste parekiderik dagoenik gurean. Testuen hautaketa egiteko, ingelesezko antologia orijinalak baliatu ditu, eta bere gustu pertsonalen arabera sartu ditu liburuan. Horrela, hasiera garaiko testuak aukeratu ditu gehienbat. Izan ere, «pultsu politikoari eutsi zion bularreko minbiziarekin gaixotu arte».

Guztira hamar poesia liburu argitaratu zituen, haurrentzako ipuinez eta saiakera liburuez gain. 'Poetry for the people' (Poesia jendearen-tzat) proiektua ere jarri zuen abian.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco June Jordan eta Forugh Farrokhzad-en erresistentzia poetikoa euskaratu dute