Borrar
Iñaki Alegria, itzulpenaren aurkezpen egunean. UEU
Khalidiren 'Ehun urteko gerra Palestinaren aurka' euskaratu dute

Khalidiren 'Ehun urteko gerra Palestinaren aurka' euskaratu dute

«Israel egiten ari den sarraskia salatzeko» lana Iñaki Alegria itzuli du eta UEUk argitaratu

Jon Agirre

Donostia

Viernes, 5 de julio 2024, 16:43

Iñaki Alegriak Rashid Khalidi-ren 'Ehun urteko gerra Palestinaren aurka' liburua euskarara itzuli eta Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) kaleratu du Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Testu originalari gehitzeko espresuki idatzi du egileak 'Azken hitza' hitzatzea. «Gustatuko litzaidake liburua baliagarria izatea Israel egiten ari den sarraskia salatzeko, eta aspalditik datorren historia lazgarria ezagutarazteko ere. Unibertsitatean zabaltzea oso garrantzitsua da alde horretatik», nabarmendu zuen.

'Ehun urteko gerra Palestinaren aurka'

'Ehun urteko gerra Palestinaren aurka'
  • Egilea: Rashid Khalidi.

  • Itzultzailea: Iñaki Alegria.

  • Argitaletxea: UEU.

  • Orrialdeak: 335.

  • Prezioa: 22 euro.

Itzultzaileak aurreratu zuenez izenburuak berak jasotzen ditu liburuaren hiru gakoak: Palestinaren auzoa aspalditik datorrela, «ez 1947tik, otomandar inperioaren desegin garaitik» baizik; ulertzeko gakoa «kolonialismoa» dela; eta, azkenik, herriaren «erresistentzia». Horiek, gainera, ez dira ohiko moduan plazaratzen, sei funtsezko une hautatzen baititu Khalidik, «sei gerra-aderazpen» egilearen hitzetan. Balfour adierazpena, NBEko zatiketaren erabakia eta Nakba delakoa, Sei eguneko gerra eta arabiarren porrota, Libanoko gerra Lehen Intifada eta Osloko itunaren porrota. Kapitulu bakoitzean egileak bizipen pertsonalak eta familiarrak gertaerekin eta analisiarekin «txirikordatzen» dituela goraipatu zuten. «Gainera, deskribapenarekin eta analisiarekin batera, palestinarrek historian egindako bidea eta hartutako erabakiei buruz bere iritzia ematen du egileak, eztabaidarako bidea ere irekiz», gehitu zuten.

Aipatutako sei ataletako bakoitzean irakurleak, aditua ez bada behintzat, ezagutzen ez dituen edo ahaztuak dituen «funtsezko» gai asko aurkituko ditu egungo egoera nolakoa zen eta atzean dauden zergatiak zein diren ulertzeko «argigarriak» direnak.

«Lan itzela»

Jatorrizko bertsioa 2023ko oporraldian irakurri zuen Alegriak eta «itzela» irudi zitzaion. Aurrez Palestinan ibilia, Mugimendu internazionalistarekin 1990ean, ez dira gutxi gaia ardatz duten irakurritako liburuak.

Aurrekoekin alderatuta, aldiz, 'Ehun urteko gerra Palestinaren aurka' liburuak zerbait berezia duela nabarmendu zuen eta horrek «bereziki erakargarria» egiten duela. Hori izan zen ernamuina. «Ohartu nintzen euskaraz ez zegoela Palestinako historia kontatzen duen libururik, eta jubilatuta nagoenez animatu naiz itzultzera», esan zuen. UEUri proposatzea izan zen hurrena eta haien baiezkoarekin jarri zen martxan.

Ez zen izan agerraldian Palestinaren historia ezagutzeko liburu hau euskaraz egotearen garrantzia azpimarratu zuen bakarra. Ildo beretik mintzatu ziren Gidor Bilbao eta Zihara Enbeita, UEUko Argitalpengintza Batzordeko eta komunikazio-taldeko kideak, hurrenez hurren. «Euskara mundu ikuskera ere bada eta horretatik irakurtzeko aukera izango dugu», eskertu zuten.

Itzulpen prozesuaz azaldu zuen zuzenean ekarri duela ingelesetik, nahiz eta gaztelaniazko bertsioa ere alboan izan duela kontsultak egiteko hainbat zalantzen aurrean. «Ez naiz ez historialaria ez itzultzaile profesionala». Horretaz gain, euskaraz jada kaleratutako zenbait lan ere ekarri zituen mahai gainera, «lagungarri» izan baitzaizkio. Besteak beste: Imanol Muruaren 'Palestina Zauritua', Perry Andersonen 'Palestinaren Okupazioaz eta Kolonizazioaz' edo Joe Saccoren 'Palestina' komikia, Julen Gabiriak berriki itzulia.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Khalidiren 'Ehun urteko gerra Palestinaren aurka' euskaratu dute