Borrar
Asun Agiriano, Maite Gurrutxaga eta Marina Garcia.
'Klak' eta 'Atzamarra', bi album irakurle helduentzat

'Klak' eta 'Atzamarra', bi album irakurle helduentzat

Maite Gurrutxagak hitzik gabeko liburua ekarri du, eta Biko-Teka ekimenaren emaitza da Asun Agiriano eta Marian Garciak elkarrekin osatu dutena

n. azurmend'

Lunes, 17 de octubre 2022, 12:04

Beste askok bezala, Elkarrek argitaratu berri dituen 'Klak' eta 'Atzamarra' albumek berretsi dute argitalpen mota hori ez dela soilik haurrentzat, irakurle ororentzat baizik. Maite Gurrutxagaren (Amezketa, 1983) 'Klak', «album ilustratu mutu bat» da, «hitzen morrontzatik» askatu den proiektu oso pertsonala, onomatopeia horren bidez islatzen duena «zerbaitek gure ardatzetik ateratzen gaituen momentua».

«Ez dut gehiegi esan nahi liburuaz, hustu nauen liburua izan delako eta orain joaten utzi behar dudalako, bere bidea egiten. Orain sentitzen dut irakurlearena gehiago dela nirea baino», azaldu zuen Gurrutxagak. «Liburu ireki bat egiten» saiatu da, eta sorkuntza-prozesua ixtea ere kostatu zaio. «Bi urte izan dira, aldaketa askorekin, eta bitarte horretan hasieran zituen hitzak galdu egin ditu. Prozesu guztian bizirik egon den lan bat izan da. Berak esaten zidan zein zen hurrengo pausoa», zehaztu zuen. Funtsean, ipuin klasikoen eragina duen lanak bidaia bikoitz bat jasotzen du: «Pertsona batek egiten duen bidaia fisikoa, eta bere oinarrietara bueltatzeko egiten duen barne bidaia. Geruza asko ditu lanak, irakurlea nahi duenean geldituko da».

Haur eta gazte literaturaren munduan ibilbide luzea badu ere, orain arte idazketarako urratsa egin gabe zeukan Asun Agiriano Arrasateko liburuzaina eta Marina Garcia ilustratzailea Galtzagorri elkarteak Iruñeko Udalarekin lankidetzan garatzen duen Biko-Teka ekimenak elkartu zituen, eta handik sortu zen 'Atzamarra'. «Testua besapean hartuta abiatu nintzen Iruñera, bikotekide artistiskoaren bila. Bizitzan loteria handia da konplize on bat aurkitzea, eta nik hori aurkitu nuen Biko-Tekan», gogoratu zuen Asun Agirianok, eta Mariasun Landa ere izan zuen gogoan: «Bera izan zen testua irakurri zuen lehen pertsona, bere txinpartek ekarri naute honaino».

Ez du hitz askorik erabili Agirianok aitona-amonen garaiko istorio bat –«egiazko historia bat, haur batek eraldatua», zehaztu zuen Antxiñe Mendizabal editoreak– kontatzeko. Istripu berean amona eta hatza galtzen dituen protagonistaren istorioa, azken batean, galeraren inguruko kontakizuna da. Marina Garciak segituan harrapatu zuen, eta lana burutzeko guztiz ezezaguna zuen baserri giroan murgildu behar izan zen, Agirianoren eskutik.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco 'Klak' eta 'Atzamarra', bi album irakurle helduentzat