Secciones
Servicios
Destacamos
Arbaso baten ibilerak abiapuntu hartuta eta informazio exkax horren hutsuneak imajinazioari tiraka literaturaz bete du Unai Elorriagak asteazken honetan aurkeztutako 'Francesco Pasqualeren bosgarren arima' (Susa) eleberria. Egileak zein Leire Lopez Ziluaga argitaletxeko editoreak nabarmendu bezala izenburutik dakigu nor den protagonista. «XIX. mendeko gure arbasoetako bat da, Italiatik Bermeora ezkondu zena. Eta eskerrak etorri zen, bestela ez ginen egongo», bota du umorez Elorriagak.
Abiapuntu horretatik haren bizitzari jarraika ibiliko da irakurlea narratzailearekin batera, Italia hegoaldeko Saprin ume zenetik Bermeon 80 urtetik gora dituen arte. Ibilbidea hogei atalez osatua dago eta ia esan daiteke hauetako bakoitza «ipuina» ere badela Lopez Ziluagak azaldu duenez, «bakoitzak modu independente bezala funtzionatzen» baitu. Zehazki, hamaika dira zuzenean Pasqualeri buruzkoak, nahiz eta guztietan ez den protagonista eta batzuetan «bigarren mailakoa pertsonaia baino ez den». Horiez gain, beste hiru kontakizun nagusitik kanpora geratzen direla aurreratu du, hain zuzen Pasquale garaikide izandako konpositoreei buruzkoak, harekin «oso zeharkako lotura baino ez dutenak.
Hiru ipuin solte edo bereizi horiek Franciscoren garaikide izan ziren Wagner, Schuman eta Verdiri buruzkoak dira, edo horiek ditu protagonista, eta gainerako ipuinetan bezala errealitate dute abiapuntu, baina ostean «literatura bihurtu ditu» egileak. Adibide modura jarri du Elorriagak lehena, 7-8 urte zituenean gertatutako gertakari edo anekdota bat baita abiapuntua. Ildo horretan, aurreratu du sortzaileen hautua «ez dela ausazkoa» izan eta liburua bere osotasunean irakurtzean irakurleak hobe ulertuko duela. «Azkenean sei biografia labur horiekin batera borobiltzen da». Ildo horretan, irakurleak nahi duena egingo duenaren jakitun, hasi eta buka irakurtzea gomendatu du Elorriagak. «Hala pentsatu eta eraiki nuen, detaile gehiago harrapatzeko modua dago», aholkatu du.
Eklektikotasun horren barnean, atalak nobelari jarraitutasun bat ematen dioten moduan antolatuta daudela xehatu du Susako editoreak eta atal bakoitzak modu independentean funtzionatzeak irakurketan eragina duela iritzi, irakurri ahala kontua ez delako soilik nobelak aurrera nola egitean duen jakitea, atal bakoitza nola amaitzen den jakin nahi duelako ere irakurleak. «Bi plano horietan irakurtzen da liburua, osotasunean eta atalez atal», laburtu du.
Agerraldian azken emaitzarekin oso gustura azaldu da Elorriaga eta izenburuan azaltzen den arimaren ideiari tiraka, zazpigarrena duen eleberri honekin lehenarekin lortutako sentsazio bera erdietsi duela azaldu du. «Oso gustura nago lortu dudan hau oso gauza nirea delako, oso berezia. Orduko hartan aitona eta aitonaren anaiari buruz jardun nuen. Oso familiakoa zen eta hau ere, batetik bestera ibili naiz XIX. mendean eta osaba bezala dut azkenean», azaldu du.
Informazio gutxi zuen abiapuntu bezala. Familian jakina zen jatorria eta maiz izan zuen buruan zerbait idaztea, baina 2016an familiar batek zenbait datu zituela esan arte ez zen abiatu. «Hasi nintzen irakurtzen eta liburua idazteko eta hainbat gauza hausnartzeko mamia zegoela ikusi nuen». Hori bai, informazio gutxi zen -data batzuk, gurasoen izenak, etab.- eta bigarren pausua, beraz, «mamitzea, hutsuneak literatura bihurtzea» izan zen. Umorez onartu duen bezala, tranparen bat ere egin du jasotako informazioko konturen bat eraldatuz «literaturan mesedetan eta denak bat egiteko».
Egilea: Unai Elorriaga.
Argitaletxea: Susa.
Orrialdeak: 216.
Prezioa: 19 euro.
Azala Alex Orbe.
«Zerbait berezia» egiteko asmo horrek urrundu du, era berean, nobela historiko izan zitekeena idaztetik. Hala, atal bakoitzean bizitzako aro bat kontatu du, haurtzaroa, gaztaroa, nerabezaroa eta helduaroa, «bakoitzean dugun arima ezberdina» dela iritzita. Bosgarren arima edonork migratzen duenean bereganatzen dena dela gehitu du eta, honela, osatu duela Patxiku Perurenak dioen «mugagabe zaharra», egun hamaika erabiltzen den adieran
Azkenik, estilo aldetik, eleberriarekin hasi eta berehala irakurleak Elorriagaren testu batekin ari dela nabarituko du, haren idazkera begi-bistakoa baita, besteak beste «mendebaldeko euskararen berbaera, doinuak edo esapideak testura ekartzeko modu oso berea» baitu idazleak.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.