Secciones
Servicios
Destacamos
Leihotik botatako paperezko hegazkin sorta eta barnean dituen mezuak, «desafiotxoak», dira astelehen honetan aurkeztutako 'Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez' ikuskizunaren eta album ilustratuaren abiapuntua. Proiektu «pekuliarra» bi sortzaileek, Harkaitz Cano idazleak eta Fernando Bernués eszenografoak, adierazi duten bezala, «normalean obrak liburuetan oinarritzen» direlako eta kasu honetan, alderantziz izan delako.
Azkenaren «ideia eta bizipena» izan da haria, eta antzezlanetik abiatuta sortu du Canok testua. «Antzezlanean protagonistak liburu bat aurkezten du eta liburu hori egiazkoa izatea nahi genuen, ez atrezzokoa». Hartatik hainbatetan izan dute mintzagai proiektua, eta tarteka-tarteka Cano ideiak biltzen joan da, baina Bernuések azaldu bezala ez du azken forma hartu Valentziako konpainia baten deia jaso arte, familia osoari bideratutako obra egiteko eskariarekin. «Horrek ere ahalbidetu du bai liburua zein antzerki-emanaldia euskaraz, gaztelaniaz, galegoz eta valentzieraz egitea», xehatu du eszenografoak. Euskarazkoa Tanttakak oholtzaratuko du Miren Arrieta, Sara Cózar eta Asier Fernandez aktoreekin eta gaztelaniazkoa Nafarroako In extremis konpainiak.
Bernuésen arabera «konplizitate horretatik eta jolas editorial eta eszeniko bikoitz horretatik» mamitu da istorioa. Lehenik Canorekin eta ostean Isabel Herguera artista donostiarrarekin, libururako zein antzerkirako ilustrazioen egilea. Apirila edo maiatza aldera batu zen proiektura, 'Sultanaren ametsa' zinta oraindik amaitu gabe zuela. «Ez zeukan denbora asko, baina eskuzabaltasun handik hartu du liburuak eskatzen zituen ilustrazioak egiteko», eskertu dio Canok.
Egilea: Harkaitz Cano.
Ilustratzailea: Isabel Herguera.
Argitaletxea: Erein.
Materia: Haur literatura.
Adin gomendatua: 8-12 urte.
Orrialdeak: 104.
Prezioa: 24,5 euro.
Hala ere, ez zuen inolako zalantzarik izan Herguerak, bi proiektuek funtsezko ideian bat egiten dutelako. «Abiapuntu bera dute, liburuari omenaldia egitea, eta niretzat liburuak beti izan dira, batez ere haur nintzela, ihes egiteko modu bat eta pelikuletan bezala amets egiteko aukera bat. Proiektua perfektua». Bere lanetik lanetik ilustrazioek duten «formatu zinematografiko» nabarmendu ditu Canok, «apaisatu eta luzangagoak», eta horiei esker 'Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez' liburuak zein obrak «beste geruza garrantzitsu bat» lortzen duela gehitu.
Proiektuaren bi aurpegiek istorio bera lantzen badute ere, antzezlanak badu ezberdintasun txiki bat. Izan ere, liburuan hastapenetik Oihana protagonistak hamar urte ditu eta obran, aldiz, Oihana idazlea da eta bere lehen album-ilustratua aurkezten du txikitan hain kuttun zuen liburutegian. Une horretan batzen dira bi aurpegiak: alabarekin nola komunikatu ez dakien aita hegazkinaz jaurtiz.
Bi sortzaileek aurreratu bezala, paperetako mezuak literarioak dira, esaterako Jutta Bauer, Sylvia Plath, Julio Cortázar edo Chinua Achberen aipuak eta horiek deszifratu beharko ditu protagonistak Agata liburuzainaren laguntzarekin. Canok adierazi duenez aita «gertakari lazgarri baten ondorioz kolokan edo galdua» dagoen harremana hegazkinen eta literaturaren bitartez «berreraikitzen» saiatzen da.
Ez da 'Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez' proiektuaren ildo bakarra, egileek «liburutegien gorazarrea» ere egin nahi izan baitute, euren esanetan «liburutegietan oso gauza bereziak» gertatzen direlako, «esaterako bila zoazen liburuaren ondoan dagoena behar duzula, literatur zaleek ondo dakiten bezala». Hala, Canoren aburuz bizi dugun sasoian «liburuak ezkutatzeko joera» dugu eta, beraz, «liburuaren eta hurrenkera alfabetikoaren do sailkapenaren zera» aldarrikatu du.
Patxi Presa Koldo Mitxelenako arduradunak azaldu duenez lehen unetik ikusi zuten «obraren egokitzapena aukera bikaina» zela eta hainbat pisuzko arrazoi nabarmendu dute. Lehena, proiektuak «liburu eta liburutegiei egiten dien gorazarrea» dela-eta; bigarrena, antzezlanak Kultura Eskola programaren baitan ikastetxeei bideratutako paseak eskaintzeko aukera baliatuko dielako eta, azkenik, obra bitartean egoitza aldatu denez eta programazioa Santa Teresa komentura eraman denez publikoak espazioa ezagutzea erraztuko duelako.
Paseei buruz, saioak hamar izango direla xehatu du. Gehienak esandako ikastetxeei bideratuak izango dira, 9 eta 12 urte bitarteko haurrek antzezlana ikus dezaten azaroaren 14, eta beste bi publiko orokorrari zabalduak. Azken hau abenduaren 16an izango da eta izen ematea azaro amaieran zabalduko da.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.