

Secciones
Servicios
Destacamos
nerea azurmendi
Jueves, 2 de junio 2022
1990ean Jonathan Swift-en 'Gulliver-en bidaiak' eleberria Iñaki Mendigurenen eskutik euskarara iritsi zenetik, beste hizkuntza batzuetatik euskararako ia 200 bidaia ahalbidetu ditu Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta EIZIE euskal itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteen elkartearen lankidetzatik sortutako Literatura Unibertsala bildumak.
184, zehazki, zenbaki hori baitarama oraingoz azkena den aleak: Gaizka Ugalde Blancok (Bilbo, 1976) euskaratu duen Leonardo Sciasciaren 'Todo modo' (184 orr., 17 euro) eleberriak. Joxe Mari Berasategi Zurutuzak (Zegama, 1955) itzuli duen Marina Tsvetaievaren 'Ene anaia femeninoa'-ri (52 orrialde, 9 euro) egokitu zaio 183 zenbakia.
Biak aurkeztu dituzte ostegun honetan Donostian itzultzaileek, Kultura Sailburuordetzako Joxean Muñoz, EIZIEren lehendakari Manu Lopez Gaseni eta bilduma argitaratzen duten Igela eta Ereinen izenean mintzatu zen Lander Majuelo editorea ondoan zituztela.
Bildumak euskarari, itzultzaileei eta irakurleei ekarri dizkien onurak nabarmendu dituzte sustatzaile nagusien ordezkariek, eta Lander Majuelok bista-bistakoak diren aldaketak izan ditu hizpide, zeren eta lehendik ere eguneratu izan da bilduma itxuraren aldetik, baina oraingoan zeharo eraberritu baitute.
Alain Urrutia artistak espreski egindako txuri-beltzeko azal dotoreek ematen dute atentzioa, baina mamiari ere eragingo diote egokitzapenek. Editoreak azaldu zuenez, «gaurko irakurleen zaletasun eta sentsibilitatearekin» bat etortzeko, eta «belaunaldi berriengana» iristeko, berariaz antolatutako batzorde batek argitalpenen zerrenda berritu du: «Anitzagoa izango da, ez daude hainbeste gizon eta hainbeste Europako lan. Hizkuntzak ere zabaldu egin dira».
2022ko bigarren entregan –Kate Chopin, Maryse Condé eta Edna O'Brienen lanak heldu ziren otsailekoan– «Marina Tsvetaievaren maitasunezko eskutitz luze bat eta Leonardo Sciasciaren eleberri ezagunenetako bat» ekarri dituzte.
«XX. mendeko errusiar idazle garrantzitsuenen» artean kokatu du Joxe Mari Berastategik batik bat poeta gisa ezaguna den Marina Tsvetaieva (1892-1941). Frantsesez idatzi zuen, baina, 1931ean argitaratutako 'Mon frère féminin: Lettre à l'Amazone', hamarkada bat lehenago Natalie Clifford Barney estatubatuarrak idatzitako 'Pensées d'une Amazone' lanari erantzuteko idatzia. Batak zein besteak, alegia, urte asko eman zituzten Parisen. 1925etik 1939ra artekoak, bizitza zaila eta heriotza tragikoa ian zituen Tsvetaievak. 1917ko iraultzaren ondotik ihes egin eta erbestean bizi ondoren, sorterrira iritsi eta gutxira Tartaristanera urrundu zuten, eta han egin zuen bere buruaz beste 1941ean.
'Ene anaia femeninoa' gutunaren gai nagusia, itzultzailearen hitzetan, «bi emakumeren arteko maitasuna da, bataren amatasun desira, eta desira horrek harremanean duen eragina». Tsvetaievaren garaian, alegia, «lesbiana izatea haurraren desirari dolu egitea zen». Konponbide bakarra, berriz, «nork bere buruari uko egitea, eta ituna egitea etsaiarekin, gizonarekin».
Hiru seme-alaba izan zituen berak senarrarekin, eta aitzindaria izan zen emakume bikoteentzat eta bikotekiderik gabeko emakumeentzat ugalketa lagundua eskatzean (Frantzian iaz onartu zen). Berasategik gogora ekarri zuen moduan, Tsvetaievaren eskutitza «kriptikoa, paranoidea eta ezin tentagarriagoa» dela idatzi izan da. Beretzat, «desesperazio kanta bezainbat amodio kanta da». Inoiz idatzi den testu lesbiko ederrenetakoa dela ere esan izan dute.
Joxe Mari Berasategik erruz daukan eskarmentua pilatzen hasi berria da Gaizka Ugalde. Alde horretatik, proposamenak aurkezten dituzten guztiei aukera berberak eskaintzen dizkien Literatura Unibertsalaren esleipen-formatua «nire moduko itzultzaile batentzat fikzioa idazteko aukera handia» dela adierazi zuen.
Leonardo Sciascia (1921-1989) idazle siziliarrak 1974an sona handiko Einaudi etxearen eskutik argitaratu zuen 'Todo modo' euskaratu du Ugaldek. Nahiago zukeen eleberria etiketarik gabe iritsi balitz, baina azalak zein egilearen eta nobelaren ospeak pista asko ematen dituzte, ustelkeriaren, Mafiaren eta kidetasun susmagarrien aurkako borrokalari nekaezina baitzen Sciascia.
Itzultzailearen aburuz, nobela «gauza ezberdinen nahasketa da, oso ondo nahastua». Impasse moduko batean dagoen artista arrakastatsua da narratzailea. Jomuga argirik gabeko bidaian, helduko da «leku berezi batera, han daudenengatik eta egiten ari direnagatik». «Pertsonaia gogoangarri bat» aurkituko du bertan, eta bien artean sortuko da satira tonuko norgehiagoka, funtsean dena «botereari eta azaleratzen diren gizartearen egitura batzuei» buruzko eztabaida, irakurleari zer pentsatua emango diona.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Recomendaciones para ti
Miles de irundarras reviven los años 80 y 90 en la fiesta Flashback
Fernando De la Hera
Favoritos de los suscriptores
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.