Borrar
Karmele Jaio, astearte honetan Donostian 'Maitasun kapitala eleberriaren aurkezpena baino lehen. Jose Mari López
Maitasun «hitz potoloaren» azpian zer topa dezakegun hausnartzeko gonbita
Karmele Jaio | 'Maitasun kapitala'

Maitasun «hitz potoloaren» azpian zer topa dezakegun hausnartzeko gonbita

Karmele Jaiok 'Maitasun kapitala' ondu du galderetatik abiatuta eta emakumeengan arreta berezia ezarrita

Jon Agirre

Donostia

Martes, 21 de noviembre 2023, 17:05

Maitasuna da Karmele Jaiok aurkeztutako 'Maitasun kapitala' (Elkar) eleberriaren gai zentrala, ez berau ulertzeko modu erromantiko hertsian, adiskidetasunak ere pisu handia baitu, bereziki hiru emakumeren artekoak. Izan ere, egileak defendatu bezala eta historian zehar «literaturan, artelanetan edo musikan etengabe jorratu» izanak erakusten duen bezala, maitasun hori alor ezberdinetakoa izan daiteke. «Bizitzan garrantzia ematen diogun zerbait da, eta errepresentatzeko edo ulertzeko hainbeste saiakera ostean ere batek daki zehazki zer den maitasuna», hausnartu du.

Horixe aurkituko du irakurleak orrietan barrena, hausnarketa eta gogoetak, galderetatik idatzitako lana baita 'Maitasun kapitala'. Horietako bat da «zer ezkutatzen den maitasuna hitz potoloaren azpian, zer ezkutatu daitekeen edo zer egon daitekeen. Pixka bat arakatuz gero zer topa dezakegun». Jaioren aburuz hala izenda baitaiteke «sexu erakarpen edo desira, bakarrik egoteari diogun beldurra, norberaren autoestimurako bitamina baten beharra edota ispilu bat bilatzea zu ederrago ikusteko».

Idazterakoan ere galderetatik abiatu da eta aurkezpenean esan bezala eleberriak berak ere erantzunak baino gehiago galderak egiten ditu. Funtsean 'Maitasun kapitala' norberak bere buruari «maitatzeko duzun moduan zer ezkutatzen den» galdetzeko gonbita da, «zer dagoen zure hitz horren azpian». Jaiok adierazi duenez « maitasunarekin dugun kontraesana gainditu gabeko azterketa» orokorra da eta bidean emandako hainbat pausu ukaezinak badira ere, esaterako«eremu publikoan, aktibismoan, rol eta estereotipoen» aurkakoak edota «botere harremanen aurrean matxinatu» izana, askotan Pandoraren kaxa kalifikatu duena irekitzeko beldurra hor da.

'Maitasun kapitala'

'Maitasun kapitala'
  • Egilea: Karmele Jaio.

  • Argitaletxea: Elkar.

  • Estiloa: Eleberria.

  • Orrialdeak: 240.

  • Prezioa: 21,5 euro.

Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak azpimarratu bezala «kapa ezberdineko» eleberria da 'Maitasun kapitala', batetik gertakariekin lotura gehiago duena; eta, bestetik, gogoetengandik gertuago dena. Bere ustez aniztasun hori «oso ona» da, era horretan «irakurle ezberdinentzat irakurketa maila ezberdinak eskaintzen dituelako. Entretenimenduko nobela bat nahi dutenek aurkituko dute eta sakonago bat edo gogoetak eginarazten duena nahi duteek ere», gehitu du.

Joko hori izenburutik beratik nabari da, kapitala hitzarekin bi kontu uztartu baititu idazleak. «Batetik maitasuna emakumeen bizitzan oso garrantzitsua dela, erdigunean jarri zaigula eta txikitatik ikasi dugula maitasun gabe ez garela ezer». Adibide modura jarri du «mehatxurik handiena» deitu duena, emakumeek askotan entzun behar duten 'ez egin hori bestela bakarrik geratuko zara'. Bigarren adiera merkatuko legeekin lotu du, politika eta ekonomiarekin zerikusi estua baitu egun maitasunak, jendea edo bikotea ezagutzeko aplikazioen garaian maitasuna elkarbanatu baino ez ote garen kontsumitzen ari, ea joera ez doan horretarantz. «Gero eta indibidualistagoa den gizarte batean gure maitasunak ez ote diren gero eta berekoiagoak, narzisistagoak».

Hileta bat abiapuntu

Abiapuntua Olga protagonistaren maitale izandako Martinen hileta da eta Jaiok azaldu bezala bertatik hasteko erabakia «ez da kasualitatea», azken gertakarien ostean «maitasun mota baten bukaera eta beste baten hasiera» aldarrikatzen duelako Olgak. Izan ere, oroitzapenetan murgilduta Martinekiko bere mendekotasun emozionalaz ohartzen da protagonista eta maitatzeko modu berrien bilaketan atzera begiratu nahi du bere maitasuna disekzionatu eta ordura arte nola maitatu duen ulertzeko, «zergatik sentitu den menderatua, batzuetan txiki, galduta maitasun baten baitan, zergatik onartu zuen maitasunaren izenean».

Prozesua ez da erraza izango eta «zailtasunei» aurrei egiteko eta «sentitzen dituen askori izena» jartzeko oso lagungarri izango zaizkio Literaturako irakasle bezala zuzentzen ari den tesi bateko teoria feministak zein bi adiskideren gertutasuna. Azken ideia hori, emakumeen maitasuna, azpimarratzea izan da Jaioren asmoetako bat. Hala, maitasuna berea soilik ez dela ikusteak eta «sozialki erakutsia» dela barneratzeak aurrera egiten lagunduko dio. «Maitatzeko erakutsi dizuten modu hori barneratua duzula onartzea zaila da eta botere harreman asko daude, baina maitasunarenak berezitasun bat dauka aurre egitea zailago egiten duena: suposatzen dela dominatzaileak eta dominatuak elkar maite dutela», sakondu du. Gainera, plano «oso intimoen» gertatzeak oztopoa are handiagoa egiten du idazlearen esanetan. «Asko interesatzen zait intimo eta sozialaren arteko intersekzio hori», azaldu du.

Azkenik, argi utzi du ez duela maitatzeko modurik aldarrikatzen eta eleberrian ez dela esaten bata edo bestea ondo edo gaizki dagoen. «Harremanak izateko modua alda daiteke, atzean dagoen galdera da barnean duten tokia eta rola aldatu den kanpokoa aldatu bada».

2019an aurkeztutako 'Aitaren etxea' (Elkar) lanean maskulinitatearen eraikuntza eta transmisioa nola egiten den aztertu zuela oroitu du Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak eta, harekin alderatuz, oraingoan maitasunaren sentimendua emakumearengan nola sortu eta transmititzen den jaso duela, nahiz eta gizonaren prozesua ere agertzen den, «maitatzen nola ikasi dugun».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Maitasun «hitz potoloaren» azpian zer topa dezakegun hausnartzeko gonbita