Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Lander Majuelo eta Angel Erro, liburuaren aurkezpenaren aurretik. Iñigo Royo
«Gorputza, desira eta sexualitatearekiko» zalantzak jasotzen dituen eleberri autobiografikoa
Yukio Mishima | Maskara baten aitortza

«Gorputza, desira eta sexualitatearekiko» zalantzak jasotzen dituen eleberri autobiografikoa

Iker Alvarezek Yukio Mishimaren 'Maskara baten aitortza' ekarri du euskarara Igela argitaletxearentzat

Jon Agirre

Donostia

Martes, 27 de junio 2023, 15:50

Argitaratu eta gutxira «fenomeno» bihurtu zen Yukio Mishimaren 'Maskara baten aitortza' eleberria, Japoniara lehenik eta nazioartera ostean «eztabaia berriak» ekarri zituelako. Orain, Iker Alvarez itzultzaileak euskarara ekarri du Igela argitaletxearentzat, «sekulako poza» Lander Majuelo editorearentzat.

Testua «oso autobiografikoa» da, astearte honetako aurkezpenean azaldu dutenez, eta Bigarren Mundu Gerraren osteko urteetan Japonian kokatua dago. «Gaztetxo baten loratzea kontatzen du, gizarte inperial batek markatzen dizkion muga guztiekin». Besteak beste Kochan nerabeak «bere gorputza, desira eta sexualitatearekiko» dituen zalantzak jasotzen dira, egiatan «autorearenak direnak» Majuelorentzat. Ez dira keinu autobiografiko bakarrak: amonak zaintzen du protagonista eta arreba hil zitzaiola aipatzen du, biak ala biak idazlea bezala.

Eleberri honekin Literaturako Nobel Sarirako hautagaitza eskuratu zuen -beste bitan ere izendatua izango zen Mishima-, baina ez zuen sekula jaso. Hala ere, «idazle nazional nagusienetako» bilakatu zela eta «XX. mendeko idazle nagusienetako baten gisara» hartzen dela nabarmendu du Majuelok. Testuinguraketa ez da alferrikakoa, idazle japoniarraren heriotzak bere bizitzari buruzko perspektiba iluna utzi baitzuen eta haren irudia asko markatu. 1970ean aurrez sortu zuen Tatenokai miliziaren laguntzarekin militarren base batean sartu eta komandantea bahitu zuen. Soldaduei Mendebaldearen eta 1947ko Konstituzioaren aurka altxatzeko deia egin zien, baina kasu zipitzik ez zioten egin eta bere buruaz beste egin zuen Seppukuaz. Literaturan, ordea, arrakasta, lehen unetik lortu zuen. Eta baita leku berezia literatura japoniarrean.

Tarteka «oso gai biolentoei edo fantasia oso bortitzei» buruz idazten badu ere, hauek kontatzerakoan darabilen idazketa fina eta sotila nabarmendu ditu Majuelok. Bereziki pertsonaia baten garapen psikologikoa edo pertsonaia baten hazteko pausuak kontatzean. «Eguneroko detaile, usain edo bizi dituenarentzat shock bat izan diren gertakariak baliatzen ditu». Estilo hori lortzeko iturri desberdinak nahasten dituela xehatu du Alvarezek: Batetik, japoniar literatura zaharra, tradizioarekiko lotua; bestetik europar literatura itzulia; eta, azkenik, psikologiaren zirujau bate hizkera dirudiena. Hala ere, ez da ausartu estilo batean kokatzen.

'Maskara baten aitortza'

'Maskara baten aitortza'
  • Egilea: Yukio Mishima

  • Itzultzailea: Iker Alvarez.

  • Argitaletxea: Igela.

  • Orrialde-kopurua: 225.

  • Prezioa: 24 euro.

Aurkezpenean izan da ere Angel Erro idazlea, eleberriaren gibelsolasa egin duena Majuelok eskatuta. Maskara kontzeptua nola erabiltzen zuen azpimarratu du Errok, aurkeztutako eleberriaren izenburuak -batetik, maskara, performatiboa edo antzezpenetik duenera gerturatzen gaituena; eta, bestetik, aitortza, konfesionala edo biografikoa denera hurbiltzen gaituena- edo Mishimaren biografia ia kanona aurkeztu zuen John Nathanek jasotakoak erakusten duen bezala. «Lagunei liburuetako ia dena asmatua zela sinetsarazten zien, gizartea probokatzeko trikimailuak zirela, baina amak gertakari asko liburuan kontatuak bezala gertatu zirela esan zion».

Liburua bera ere maskara baten kentzearekin amaitzen da, adierazi du Errok, nahiz eta «ostean etor daitekeenarekin» bukaera irekia uzten duen.

Majuelo oso pozik azaldu da Mishima euskaraz irakurtzeko aukera eskaini ahal izateagatik. Izan ere, oso liburu gutxi dira zuzenean japonieratik euskarara itzuli direnak, gehienak «japoniar euskaldunek» eginak eta Mishimaren lan oparotik bakarra ekarri da aurrez, 'Arratsaldeko atoiontzia' (1994), hain justu ere Majuelok aipatutako bat, Hiromi Yoshidak itzuli baitzuen. «Ia 30 urte itxaron behar izan ditugu bere hitzez berriro ere euskaraz gozatzeko», amaitu du Igelako editoreak.

Alvarez egun Tokion bizi da. Ez da euskarara ekartzen duen lehen lana, aurrez Manga ere itzuli izan baitu, baita Dylan Thomasen antologia ere.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Gorputza, desira eta sexualitatearekiko» zalantzak jasotzen dituen eleberri autobiografikoa