![Mina abiapuntu, hartatik «urrunduz eta zeharkatuz» egindako poesia](https://s2.ppllstatics.com/diariovasco/www/multimedia/2024/06/04/arruti-koMC-U220338075436Z7F-1200x840@Diario%20Vasco.jpg)
![Mina abiapuntu, hartatik «urrunduz eta zeharkatuz» egindako poesia](https://s2.ppllstatics.com/diariovasco/www/multimedia/2024/06/04/arruti-koMC-U220338075436Z7F-1200x840@Diario%20Vasco.jpg)
Secciones
Servicios
Destacamos
DV
Martes, 4 de junio 2024, 15:05
Minetik idatzi du Beñat Arrutik 'Arkeologia haragitan' (Balea Zuria) poema-liburua, VI. Donostia Kulturaren Poesia Sariko garailea. Hori bai, argitaletxeko Aritz Gorrotxategi kideak esan bezala «hartatik urrunduz eta zeharkatuz, tristea ez den tonuaz» ondu du. Egileak azaldu duen bezala egindako psikologia ikasketek nahiko pisu du azken emaitzan, gai edo ardatz nagusiak, «dolua edo saminarekin» batera, erakusten duen bezala. «Psikologia ikasi izanak dolu edo min horrekin hurbilkera bat eman dit, poesiarekin dudan harremana min hori asetzetik sortu dut».
Min horrek, hori bai, astearte honetan aurkeztutako liburuak dituen hiru ataletan bilakaera du, Arrutik xehatu duenez. Hala, ulerkera hasieran «barnerakoiagoa da, poemak sakonagoak» dira, eta orriak pasa ahala «ahalduntze» bat nabarituko du irakurleak, «kanpora begiratze bat gai sozialagoak landuta». Bilakaera hori, «oso sakon hasi, zulotik kanpora atera eta azkenak kanpora begira» islatu nahi du izenburuko analogiak, 'Arkeologia haragitan'.
Hiru atalen lehena, 'Hotzikarak' izenburukoa, da zarauztarraren ikasketekin, psikologiarekin, lotura gehien duena; bigarrena, 'Kilimez', «pertsona zein toki edo garaiekiko afektuak» lantzen dituen atala da, maiz «zentzu nostalgikoan»; eta hirugarrena, 'Azkurei', behar bati erantzuteko modua izan zen. Izan ere, lehen bi kapituluak eginda nabaritu zuen «liburu oso narzisista» ateratzen ari zitzaiola eta bertan kokatu ditu «sentitzetik harago poema arrazionalenak», besteak beste Bartzelonan egon zen boladan kanpora begira idatzitakoak, hein batean «sozialago» bezala aurkeztu dituenak. «Asko inspiratu ninduen. Sumatzen nuen miseria, kaleko bizitza... Zentzu arrazionalago batean pentsatuta egindako saiakera da».
Egilea: Beñat Arruti.
Argitaletxea: Balea Zuria.
Orrialdeak: 84.
Prezioa: 14 euro.
Ez da poema-liburuan hiriak izandako eragin bakarra, lanketa batik bat bertan gauzatu egin baitzuen Arrutik master ikasketak egiten ari zela. «Bizipen aldetik oso garrantzitsua izan zen. Lehen aldiz etxetik kanpo, Zarauztik Bartzelonara».Horiek osatzeko aurretik hitzaurre bat gehitu du egileak, liburuaren «sintesi» lana egiten duena ea, nolabait, «hasiera eta bukaera lotzeko jolas» bezala planteatu duena.
Barne antolaketa horrekin batera, zita eta aipuek garrantzia handia izan dute idazle zarauztarrarentzat. «Idazketa prozesuan erreferente izandako idazleak azaltzen dira». Hori bai, aukeraketa ez da ausazkoa edo politak zirelakoan izan, hutsalak ez izatea izan baitu une oro buruan. «Poemarekin zerikusia zutenak sartu ditut, zita eta poemen artean dialektika bat egoteko, osagarri izatea».
Azken emaitza, epaimahaiak ebazpenean nabarmendu eta Gorrotxategik oroitu bezala «ondo landutako liburua, irudi aberats eta bereziekin, eta erritmo aldetik oso landua» da. Egileak azaldu duenez, ez zuen lehen unetik egitura hau izan. «Prozesu osoan zehar berridatzi ditut poemak». Ildoa duela urte eta erdi-edo finkatu zuen, kapituluen sailkapena otu zitzaionean. «Hor ikusi nuen zentzua zuela eta okurritu zitzaidan izenburua». Hortik aurrera berridazketara bideratu zituen indarrak, moldeetan sartzeko poemak eta koherentzia bermatzeko.
Gorrotxategik gogora ekarri duen bezala 2008ko krisiaz geroztik «salbuespenen bat kenduta» hainbat literatur lehiaketa bertan behera geratu ziren eta, horregatik, oso pozik azaldu da Donostia Kulturaren Poesia Sariak zazpigarren ekitaldia duelako. «Txakalaldi hori eta gero argitaletxe bezala sumatu genuen bazela gazteen artean zaletasuna poesiarekiko, heltze bat bazegoela gogoz eta jakin minez betea». Sentipen horri erantzuteko egin zezaketen «gauzarik ederrena» lehiaketa antolatzea iritzi zuten, hori bai, ñabardura argi batekin. «Sari potoloa izaten da, baina argitalpena bigarren edo hirugarren maila batean geratzen da». Hala, Balea Zuriako kideek, idazle diren aldetik, garrantzia handia eman zioten publikazioari. Ildo horretan, sariaren barnean ere dago poesia eta pentsamendua jardunaldietan liburuko poemak irakurtzea.
Ildo berean mintzatu da Arantza Urkia Donostia Kulturako liburutegi zerbitzuko zuzendari teknikoa, «oso pozik» ere poesia lantzeko jaio zen ekitaldiak jarraipena duelako. Eta gazteen artean duen lotura edo heltze horren erakusle bezala oroitu du 2023ko deialdian 15 lan jaso zirela.
Lehiaketaren lehen edizioa 2017an antolatu zen eta Estibaliz Martinez idazle nafarra gailendu zen eta urtebete beranduago argitaratu zuen Balea Zuriak 'Azalberritze bat'. Osteko edizioetan nabarmendu ditu Gorka Salcesen 'Ego, demos, cosmos' proiektua, gerora 'Iraganaren izterrak' (2019) izenburupean argitaratu zena; Lizar Begoñaren 'Aro Beilegia' (2020); Maialen Berasategiren 'Eskuan beti zerbait' (2021); Izaskun Igoaren 'Hotza bazkatzen' (2022); eta Julen Apellaren 'Postal bat desertuan' (2023).
Balea Zuria Ariz Gorrotxategi, Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso eta Pello Otxotekok martxan jarritako argitaletxea da, urtean bi edo gehienez hiru olerki-bilduma publikatzeko. Plazaratutako lehen lana Luis Garde nafar idazlearen 'Barbaroak baratzean' poema-liburua izan zen.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.