Urgente Las 10 noticias clave de la jornada
Jon Alonso eta Koldo Izagirre, aurkezpen egunean. Gorka Estrada
Susa | Munduko Poesia Kaierak

Poesia «ospatzeko» beste hiru kaiera

Susak Jacques Prevert eta Manuel Vazquez Montalban poeten antologiak eta 10. urteurrena eta 50 aleak ospatzeko liburuki «berezia» argitaratu ditu

Jon Agirre

Donostia

Lunes, 30 de diciembre 2024, 09:22

Urteurren eta ospakizun urtea izan da Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bildumarentzat, bikoitza gainera. Batetik, 50. kaiera harrapatu duelako; eta, bestetik, 2024an 10. urteurrena bete delako. Urtean zehar egindako ospakizun, errezital eta ekitaldiak tamainako udazkeneko argitalpenekin osatu dituzte: Jacques Prevert eta Manuel Vazquez Montalban poeten antologiak, 52 eta 53 kaierak, eta «infiltratu» bat den 51.a.

Publicidad

'Biziei ere omen'

  • Egileak: Hainbat.

  • Argitaletxea: Susa. Munduko Poesia Kaierak 51 zenbakia

  • Orrialdeak: 64.

  • Prezioa: 10 euro.

Ale eta «zenbaki berezi» bezala definitu zuen Maialen Berasategi bildumaren editoreak, «harpidedunentzako esker onezko opari gisa planteatu eta kontzebitua», orain arteko 50 kaieretan bidaide izandako itzultzaileei «bizien poesia» itzultzeko aukera eskaini baitiete. Hortik dator, begi-bistakoa da, 'Biziei ere omen' izenburua. 39 poeta, 39 poema, 39 itzultzaile. «Modu oso eskuzabalean» aritu direla gehituta, esker hitzak besterik ez dituzte izan.

Beste bi kaieretatik, aurrez Prevert eta Vazquez Montalbanen poemak euskarara ekarriak izan badira ere, Berasategik esan bezala «bi autore hauen lehen antologiak» dira hizkuntzan. Biak «oso diferenteak, izanez oso ezagunak» izanik, ezagutzen ez dituenarentzat «oso interesgarriak» suertatuko direlakoan aukera bat ematera animatu ditu.

'Jacques Prevert'

  • Itzultzailea: Koldo Izagirre.

  • Argitaletxea: Susa. Munduko Poesia Kaierak 52 zenbakia

  • Orrialdeak: 64.

  • Prezioa: 10 euro.

Jacques Prevert (1900-1977, Frantzia) artista osoa eta diziplina anitzekoa izan zen: poeta, kantugilea, gidoigilea, antzerkilaria. Koldo Izagirrek itzuli du frantsesetik eta hitzartzean esan zuen bezala «surrealisten artean ibili zen gaztetan». Anai zinemagileak bere poesian eragina eta influentzia izan zuen, batez ere «estrukturetan». Bizitako esperientziak, zehazki mundu gerrak, gaitegian ere isla handia izan zuen. «Aurkako poemak egin zituen», azaldu zuen.

Hala ere, bestelakoak ere islatu zituen: umeak eta eskola, umeak eta amodioa, natura... «Poema narratiboak dira asko, ipuinak ez baina ipuinkarak batzuk, parabolatik ere hurbilak agian». Sonoritate handiko testuak, maiz eraman dituzte artista frantsesek kantuetara.

Publicidad

Jon Alonsok itzuli du Vazquez Montalban azken eleberrian Carvalho detektibea maileguan hartuta zuen «zorra kitatzeko». Idazleak iritzi zuen «Espainiako literaturan oso ezaguna» bada ere, jende asko «harritu» egingo dela poeta zela jakitean. «Ikaragarrizko obra luzea ondu zuen genero guztietan, berdin nobela, saiakera, prologoak, antologiak…», xehatu zuen. Gutxik dakite, aldiz, 1967an kaleratutako bigarren lana 'Una educación sentimental', poesia zela, baita 2001ean bota zuena. «Idazle asko dago hasieran poema liburua idazten duena, gero poesia ahaztu eta bestelako gauzak egiten dituela. Vazquez Montalbanek beti egin zuen, bere burua poetatzat zeukan».

Poesia horretan bi dira ardatzak, «poloak», memoria eta desioa. Hain zuzen azken bildumari izena eman ziotenak. «Atzean uzten dena, afektiboa, gerra galdu zutenen memoria, bera parte sentitzen delako bai pertsonalki eta inguruko familiagatik; eta aurrera bultzatzen gaituena, utopikoa».

Publicidad

'Manuel Vazquez Montalban'

  • Itzultzailea: Jon Alonso.

  • Argitaletxea: Susa. Munduko Poesia Kaierak 53 zenbakia

  • Orrialdeak: 64.

  • Prezioa: 10 euro.

Estilo aldetik, belaunaldi batean «poeta berezia» dela nabarmendu zuen Alonsok, «apurtzailea». Bai aurretik zeuden Blas de Otero edo Gabriel Celayaren poesia sozialarekin; bai garaikide zituenen «joera kultuarekin». «Herriaren aldeko elementuak, kopla, Conchita Piquerren aipuak, pop musika zinema mundutik erreferentziak, publizitatea... sartzen ditu collage-a sortuz».

'Biziei ere omen' kaiera ez da bildumaren ospakizunetako azken gertakaria izango, Susa argitaletxearen eta formol laborategiaren elkarlanari esker «ikuskizun, entzukizun, saio berezia» osatuko baita, aurreratu zuen Berasategik. «Adi oholtzei», bota zuen.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad