Borrar
Uma Ulazia idazlea eta Jule Goikoetxea editorea, aurkezpenean. F. de la Hera
«Probetxuzko zerbait» egitea buruan, «borroka feminista indartzen jarraitzeko ongarria»
'Euskal Herriko greba feministak' | Lisipe

«Probetxuzko zerbait» egitea buruan, «borroka feminista indartzen jarraitzeko ongarria»

2019ko eta 2023ko greba feministen «gakoak, ertz eta ideia nagusiak» eta, hauen bitartez «idealismo patriarkala gure diskurtsoetan nola hedatzen den antzemateko» hausnarketa plazaratu du Ulaziak

Jon Agirre

Donostia

Jueves, 17 de octubre 2024, 17:59

2019ko martxoaren 8an eta 2023ko azaroaren 30ean Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituriko grebak ardatz izanda 'Euskal Herriko greba feministak' saiakera plazaratu du Uma Ulazia idazleak, Susa argitaletxearen Lisipe bildumaren baitan. Hitzaurrean Lore Lujanbiok dioen bezala Ulaziak «trebetasunez» azaltzen ditu bi greba feministen «gakoak, ertz eta ideia nagusiak» eta, hauen bitartez «idealismo patriarkala gure diskurtsoetan nola hedatzen den antzemateko» hausnarketa plazaratzen du. «Borroka feminista materialista indartzen jarraitzeko ongarria da», dio testuan.

Mugimendu feministaren barnetik eta honi buruz idatzitako liburua dela azaldu du Ulaziak. Hasieratik argi izan zuen norberak militatzen duen espazioaren analisia egitea ez zela erraza izango, «azkura» sor dezakeelako, «ekarpena zerk egiten duen eta zerk ez» bezalako kezka edo ardurak sor ditzakeelako. Hala, «autokritikatik planteatutako» hausnarketa gauzatu du «diskurtso feminista fintzeko eta barne eztabaida politikoak hauspotzeko».

Ulaziak kontatu du Gradu amaierako lana «probetxuzko zerbait» egiteko baliatu nahi zuela, eskuratuko zuen «jakintza hori militatzen nuen espazioan baliagarria» izan zedin. Abiatu zenean, 2023ko otsaila, mugimendu feministak zaintza zuen ardatzetako bat, baina diskurtsoa ordenatzeko beharra zegoela ikusi zuten. «zer, nola, noiz eta zergatik» esan nahi zen erabakitzeko. «Ikusten genuen konnotazio negatiboa ematen geniola, batzuetan aldarrikatu, besteetan utzi, greba egiten geniola zaintza ereduari...», azaldu du.

'Euskal Herriko greba feministak'

'Euskal Herriko greba feministak'
  • Egilea: Uma Ulazia.

  • Argitaletxea: Susa.

  • Bilduma: Lisipe, 15 zenbakia.

  • Estiloa: Saiakera

  • Orrialdeak: 124.

  • Prezioa: 12 euro.

Egitura aldetik, lau atal nagusi ditu saiakerak. Lehen atalean irakurleak greba feministen testuinguratze orokorra aurkituko du, baita egileak analisia planteatzeko eraren azalpena. Bigarren atalean patriarkatua azaltzeko bi modu ezberdin jaso ditu, analisiak egiteko ikuskera, zehazki zaintza eta sexua -emakumetasuna, gizontasuna, heterosexualitatea- ulertzekoak. Hau da, «sinbolikoa edo idealista, problematikoa eta patriarkatua perpetuatzera kondenatzen gaituena vs. materiala». «Ikuskera horien arabera analisia ezberdina da eta, beraz, ortzi-mugak eta borroka norabideak eta estrategiak». Horregatik, egileak patriarkatuaren aurkako analisiak bigarren pentsamendu markotik egitea proposatzen du. Atal honetan, azkenik, estatuaren potentzialtasun eta mugei buruzkoak aurkituko ditu irakurleak.

Hirugarren atalean 2019 eta 2023ko greba feministek erabilitako diskurtsoa marko batetik ala bestetik eratortzen den aztertzen du Ulaziak, eta beraz, planeatzen diren borroka estrategiak nondik datozen. Laugarren eta azken atalean greben inpaktu politikoaren analisia egin du. «Desberdinak izango dira bi greben inpaktu politikoak diskurtso ezberdinak erabiltzen direlako eta, ondorioz, borrokak ezberdinak direlako». Hala, sortu ziren dossierretako bakoitzak helburu bati erantzuteko balio duela defendatzen du Ulaziak eta diskurtsoaren erabilgarritasuna ezberdina izango dela.

Testuinguruaren eragina

Testuinguruak zaintza definitzeko moduan eragin handia du egilearen hitzetan, berau lantzeko erak bezala. «Gai orokor bezala ikusten genuen, bollerismoak gai partikular bezala eta ez hizpide zentral bezala, eta ez genituen diskurtso bolleroak idazten». Distantzia horren kausen artean kokatu du bollerismoan familia nuklearraren proiektuak pisua galdu duela eta, beraz, zaintzak ere gal dezakeela. «Baina ez da hori soilik», azpimarratu du, «araua -hau da, heterosexualitatea- ez problematizatzea» ere badelako atzean. «Araua ez bada problematizatzen araua erreproduzitzea dakar».

Militantzia horretatik bi grebetan esandakoa «koherentzian» joateko beharra eta, nola ez, bollerak «subjektu aktibo» izatekoa nabaritu zuten. Ordena hori argitzeko kezka horretatik abiatzen da lana.

Ardura uneak ere bizi izan ditu Ulaziak, lan akademikoak ez zeudelako pentsatuak publiko orokorrarentzako. «Mugimendu feministaren indarguneez baina kontraesan posibleez ere mintzatzen naiz». Liburua fintzeko lanak, batik bat, azaroaren 30eko greba orokorrak izandako inpaktua aztertzeko aukera eman dio, «diskurtsoak nola lur hartzen duen, analisi konplexuagoa egiteko», baita duen atal teorikoagoa, sexuaz, zaintzaz eta estatuaz jarduten duena, «dibulgatiboago» egin eta «publiko zabalarentzat erabilgarri» izan dadin.

Feminismo materialista

Liburuari buruzko azalpenetan murgildu aurretik, testuinguratze lanetan Jule Goikoetxea Lisipe bildumako editoreak azaldu du feminismo materialistak Marxismotik edo hark erabilitako lanabes teorikoak hartzen dituela patriarkatua aztertzeko eta, honen arabera, produkzio sistema kapitalistaz gain badira beste batzuk, familiarra deiturikoa esaterako. «Egiten den lana edo ezartzen den ekoizpen harremana familian desjabetzeko moduko bat dela diote eta, gainera, lan hori ez dela erreproduktiboa, produktiboa baizik», azaldu du Goikoetxeak.

Horretaz gain, feminismo materialistarentzat 'Emakume' eta 'gizonezko' kategoriek menderatze sistema patriarkal batean soilik dute zentzua, hau da, ez lirateke «ezberdintasun biologiko, esentzial edo kulturala, ekoizpen harremanen esplotazioan oinarritutakoa baizik». Horregatik, mugimenduak, egun Euskal Herrian Goikoetxearen aburuz «urrezko aroa» bizitzen ari dena, «ezberdintasun sozial guztiak klase gatazka bezala» ulertzen ditu.

Goikoetxeak kokatu bezala, 'Euskal Herriko greba feministak' hausnarketa-liburua ez da Ulaziak gaiari buruz landutako lehen lana, aurrez gai bera mintzagai izan baitzuen bai Gradu- zein Master-Amaierako lanetan. «Azken bi urteetan jorratu dituen gai horiek era dibulgatiboago batean komunikatzeko helburuarekin aritu da, badakigulako lan akademikoak gauza nahiko aseptikoak izan ohi direla, ez oso dibertigarriak eta normalean ulertzeko zailagoak ere».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Probetxuzko zerbait» egitea buruan, «borroka feminista indartzen jarraitzeko ongarria»