

Secciones
Servicios
Destacamos
«Itzulpen guztiek dute bere koxka eta honek erabakiak hartzera behartu nau, sekula baino gehiago». Ursula K. Le Guin eleberrigilearen The Word for World is Forest lana euskaratzea ez da erraza izan Amaia Apaulaza itzultzailearentzat. «Orain arte egokitu zaidan zailena da, hainbat buruhauste ekarri dizkit». Hala azaldu du gaur goizean Donostian egindako agerraldian.
Apaulazaren esanetan, «itxuraz Ursula K. Le Guinek ez du prosa konplexua, oso apaindua edo kargatua, baina soiltasun horretan aberatsa eta oso poetikoa da. Doinu horren bila aritu naiz une oro». Bereziki pertsonaia edo gertakari jakin batzuetan, orduan agertzen baita lirikotasun hori.
'Oihan hitzean mundua' –hala da itzulpeneko izena– hirugarren pertsonan kontatua dago, baina narratzailea ez da orojakilea. Hiru pertsonaien azalean sartzen da horretarako: Davidson kapitaina, Selver atshetarra eta Raj Lyubov antropologoa. Haien ikuspuntutik kontatua dago istorioa, «oso ezberdinak» bata bestetik. Hainbeste non «erregistroak bereiztea» izan den itzulpeneko «koska nagusia» Apaulazarentzat. «Hitzak eta terminoak asmatzen zituen Ursula K. Le Guinek eta horiek itzultzeak ahalegintxoa eskatu dit». Horrela sortu ditu, besteak beste, 'izanki' edo 'mezukaria' terminoak.
«Espazio-ontzi, izar arteko gerrak, estralurtarrak, Star Trek» eta bestelakoekin lotzen zuen Apaulazak zientzia-fikzioa eta itzulpen lan honi esker sakonago ezagutzeko «aukera» izan du. Iritzi bera azaldu du Leire Urbeltz ilustratzaileak, 'Oihan hitzean mundua' laneko azalaren egileak. «60-70 hamarkadetako estetikaren eta musikaren oso zalea naiz, baina zientzia-fikzioa arrotza egiten zitzaidan». Orain arte, hori bai. «Konturatu naiz Ursulak interes guztiak bildu dituela lan psikodeliko eta utopiko honetan».
Urbeltzek nabarmendu du irudi iturri «amaiezina eta iradokitzailea» dela eleberria, eta horregatik xehetasun batekin geratzeko apustua egin duela: atshetarrek zuhaitzekin duten sinbiosia eta nola erabiltzen duten natura. Izan ere, nobelak gizakiak eragindako kolonizazio bortitz batek sortzen duen distopia ekologikoa deskribatzen du.
Azkenik, Lander Majuelo editoreak argitalpen honekin Igela argitaletxeak «zientzia-fikzioarekin zorra» kitatzen duela nabarmendu du. «Literaturan fama ona jaso ez duen alorra da, frikiena balitz bezala». Apustu horretan lehena Ursula K. Le Guin izatea «klabea» da Majueloren ustetan, alorreko «maistra nagusia» baita. «Oso maskulinoa zen ordu arte, alor teknikoei oso lotua. Bere lanetan gai zentrala, aldiz, gatazka moralak dira. Erabakiak hartu behar dituzte pertsonaiek, tentsioak bizi dituzte».
Argitalpena, gainera, zientzia-fikzioa modan dagoen unean heldu da. Editoreak azaldu duenez, «fuerte» dator beste literaturetan, «bereziki irakurle gazteen artean. Aukera ona iruditzen zitzaigun zientzia-fikzioko autore garrantzitsuenetako bat euskarara ekartzea, autore egokia baita jende asko zientzia fikziora lotzeko».
Zientzia fikzioan eta Le Guinen obran adituak diren Arrate Hidalgok eta Iban Zalduak idatzi dituzte aitzinsolasa eta gibelsolasa. Honetan sakontzeko eta itzulpenaren eta euskarara itzulitako zientzia fikzioaren inguruan hitz egiteko mahai-ingurua antolatu da Iruñeako Karrikiri liburu-dendan ostegun honetan 19:30ean.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.