Secciones
Servicios
Destacamos
Gutxi izango dira Xabier Montoia idazle eta kantariak duen sortzeko gaitasuna dutenak eta, horregatik azpimarratu du ostegun honetan Jose Anjel Irigarayk, Pamiela argitaletxeko kideak, 'Hiriak eta urteak' poesia-liburuaren argitalpena «oso berri ona» dela. «Zorioneko liburua da», hasi du bere hitzartzea.
Azken bi urteetan ondu du Montoiak lana eta agerraldian azaldu duenez izenburuan azaltzen diren bi terminoak dira ardatz edo gai nagusiak, «espazioa, tokia eta denbora». Argitaratutakoetatik hamar bat hirien kontzeptuarekin edo hiri konkretuekin lotuak daude eta denboraren isla guztietan nabarituko du irakurleak. Azkenik, batzuk ingelesez ere aurkeztu ditu, Irigarayrentzat «beste literaturei» buruz dakien guztiaren seinale.
Egilea: Xabier Montoia.
Argitaletxea: Pamiela.
Estiloa: Poesia.
Orri kopurua: 120.
Prezioa: 15 euro.
Egileak azaldu duenez 'Hiriak eta urteak' «nire XXI. mendeko poesia da, nire uzta» eta hemezortzi urteko bolada «apetatsuaren» ostean sortu du. «Poesia berak nahi nahi duenean etortzen zait eta gero alde egiten du», azaldu du eta bi adibide argirekin ilustratu: udazkenean paseatzen ari zela euria zela-eta espaloia hostoz betea, lurrean inprimatuak, ikusi zuenean ikusi zuela hor poema bat edo egunkaria irakurtzen ari zela basurde batek turista batzuei hondartza batean egindako erasoan ikusi zuenekoa. «Halakoan bolada bat izan nuen, superheroi bat bezala izango banintz bezala neureganatu nuen begirada poetikoa», amaitu du.
Irigarayk aurreratu duenez Montoiak erabilitako poetika «artifiziorik gabekoa» da eta azken emaitza gehiago ala gutxiago gustatu, «oso bilduma interesgarria» dela defendatu du, «mikatza, bortitza, kritiko eta autokritikoa» baita, «biluzia eta esentziara joanda» hartarako beharrezkoak diren hitzak soilik erabilita. «Poetikaren taupada nabari da», argudiatu du. Bestetik, iruditegi aldetik hiri hustuek garrantzia handia dute, liburuan datozen ilustrazioekin are indartuagoa dena.
Aurkezpenean Irigarayk oroitu bezala Montoiak lehen poesia-liburua, 'Anfetamiña' (Susa, 1983) duela 40 urte kaleratu zuen ibilbide oparo baina intermitente bati hasiera emanez. Orduko kritikarien hitzak gogora ekarriz «sekula kolpea» izan zela azaldu du Pamielako editoreak eta ordu arte euskal poesian ez zen «mota, ikuspegi, lexiko eta gauzak esateko manera» erabili zuela egileak. Hala, «konformista, disidentea, joera estetikoaren kontrakoa, probokatzailea, hizkera estilo oso berezikoa, eliptikoa baina zehatza eta indartsua, freskoa eta mikatza» izan zela gehitu du.
Bigarren lanean, 'Likantropo' (Susa, 1985) aurreko lanean mundu urbanotik jasotako «eflubioetatik» aldendu eta naturarantz gerturatu zen, metafora gehiagoren presentziarekin. Azkenik, hamarkada hartako hirugarren poesia-liburuan, 'Narraztien mintzoa' (Susa, 1988) erdibideko lana plazaratu zuen, aurreko bien arteko «sintesia, hizkera depuratuagoarekin».
Urte askotako isilune poetikoa -tartean ipuina eta eleberria jorratu baitzituen- Berlinera egindako bidaia batek hautsi zuen, han musa itzuli baitzitzaion. Hala, 2005ean plazaratutako 'Bingo' poesia-liburuan aurreko hiruak aztertu zituen «begi autokritikoarekin» eta Alemanian sortutakoekin Irigarayk «antologia» bezala kalifikatu zuena argitaratu zuen, lexiko aldetik «helduagoa, dezepzioaren bazterretik idatzia, estoldatik datorren lurrin horren baitan, eta garatuagoa, artifiziorik gabea».
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.