Borrar
Aste honetan aurkeztu du liburua Donostian Maixa Zugastik. e.a.
«Zahartzaroko maitasuna landu nahi izan dut, batere idealizaziorik gabe»
Liburuak

«Zahartzaroko maitasuna landu nahi izan dut, batere idealizaziorik gabe»

Hirugarren nobela ekarri du Maixa Zugastik, Erein argitaletxearen eskutik: 'Atarian', «su geldoan egindako istorio iluna»

nerea azurmendi

Sábado, 4 de junio 2022, 14:20

Maixa Zugastik (Tolosa, 1974) orain arte argitaratuta zeuzkan bi eleberrietan –'L.A.A.' (Irun Hiriko Kutxa Literatura saria. Algaida, 2017) eta 'Ahotsak eta itzalak' (Erein, 2018)– osagai garrantzitsua da intriga, Zugastiren literatura-lanaren funtsa, prosan zein poesian, beste bat bada ere.

Ereinen eskutik ekarri duen 'Atarian' nobelak ere hortik heltzen dio irakurleari aurreneko orrialdetik. Nor da Juan hori? Zertan dabil kalean egunsentia etorri aurretik? Zergatik erre zitzaion etxea? Zer darama maletan? Zeri ematen dio su? Zer gertatu da bizi den adinekoen egoitzan?

Pertsonaia nagusien izaera sendoak lotzen ditu halaber elkarren artean Zugastiren nobelak, ez baitira liburua itxi orduko ahazten diren horietakoak. Uxue Razkin Ereineko editoreak 'Atarian'-ren aurkezpenean azaldu zuenez, alegia, pertsonaietan du indargune nagusia «su geldoan egindako istorio ilun» honek, zeinari, mantso-mantso sukaldatzen den eltzekoari bezala, zaporea bizkortzen dioten «intrigazko elementu» bizigarriek.

Sei egun eta hiru ahots

'Atarian'-eko pertsonaien galeria zabala bada ere, hiru ahots nagusiren bitartez kontatzen dira nobelak barne hartzen dituen istorioak. «Bi zahar eta nerabe batenak» dira ahotsak, Juan, Leandro eta Paularenak. «Hiru narratzaile daude, eta ahots horiek kontatzen dute istorioa, katebegien moduan lotuta», zehaztu zuen egileak.

Sei egunetan gertatzen den trama nagusiak «ezkutuan gordetzen diren eta bat-batean azaltzen diren gai oso interesgarriak azaleratzen ditu», editorearen ustez. Horien artean daude familien sekretu gordeak, unea iristen denean azaltzen direnak; interes ekonomikoak; oinordekotzak; adineko pertsonekiko jarrerak...

Alde horretatik, bilatu gabeko kointzidentzia bat irten zitzaion bidera Maixa Zugastiri: «2020ko itxialdiaren hasieran bidali nuen testua argitaletxera, eta berehala hasi zen pandemia agerian uzten adinekoen egoitzetako egoera».

Jatorria, baina, beste nonbait du liburuak: «Guztia sortu zen paisaia baten inguruan, leku baten inguruan. Duela urte batzuk gure baserria hutsik geratu zen, eta ezagutu nuen mundu itxi hura desagertu egin zen». Edonola ere, aspaldi honetan bizi den Hernanin umetako leku haietara bidaiatzen laguntzen dion beste toki bat aurkitu zuen. «Buxkando, etxe berriz inguratutako baserri bat».

Espazio horien guztien artean badago bat maila sinbolikoan ere Maixa Zugastirentzat oso berezia dena: ataria. «Guretzat ataria zen etxearen eta baserriaren artean zegoen lur eremua. Han zeuden hurritza, pikondoa, sahatsa... Nire familiako emakumeek eta adinekoek aulkiak ateratzen zituzten, eta hor egoten ziren arratsalde pasa. Ni ere bai, panpinarekin jolasten, josten ikasten, helduen kontuak jaten...».

Liburua

  • Izenburua. Atarian.

  • Idazlea. Maixa Zugasti.

  • Agitaletxea. Erein.

  • Orrialde kopurua. 336.

  • Salneurria. 21 euro.

Nobelako pertsonaia nagusiak ere atarian elkartzen dira. Irakurleari ez zaizkio arrotzak egingo. «Juan eta Leandro bezalakoak denok ezagutzen ditugu. Beren borondatez edo borondatez kontra adinekoen egoitzetan sartzen diren adinekoak dira. Leandro, esaterako, oinordekotza kontuengantik sartu dute egoitzan, eta hortik abiatzen da thriller ukitua ere baduen istorioa. Larrimin hori adierazten saiatu naiz».

Garrantzitsuena, maitasuna

Ataria, baina, toki bat baino gehiago da. «Esan daiteke elkarren atarian bizi garela, eta pertsonaia hauek ere bai». Ataritik etxera igarotzeko beti dago ordea ate bat. Hori irekitzeak asko alda ditzake gauzak, ekar dezakeelako elkarri laguntzea, elkar maitatzea...

Intrigaz harago, alegia, maitasuna da eleberriko gai garrantzitsuena. Gutxitan ikusten eta erakusten den maitasuna, adineko pertsonen artekoa. «Zahartzaroko maitasuna izango litzateke gai nagusia –argitu zuen Zugastik–. Duela urte batzuk 'la vida es amor y amistad, el resto es una mierda' esan zuen Lobo Antunesek. Bat nator. Zahartzaroan ere hala da, baina aurreiritzi asko dauzkagu eta ez dugu horrela ikusten. Zahartzaroko maitasuna landu nahi izan dut, idealizaziorik gabe».

Gainerako lanetan bezala, hirugarren eleberri honetan badu tokia gaizkileak, idazleak ere izan duelako guztioi tokatzen omen zaigun psikopata dosia –«bizpahiru gizon eta beste horrenbest emakume»– eta ez duelako ahaztu, nahiz eta nobelan maitasunak gaina hartu gaizkiari. Azken batean, Maixa Zugastik adierazi bezala, «bikote maitasunaz eta pandemiaz harago joanda, eta adinekoei begiratuta, bizitzen jarraitzeko zerbait maitatu behar duzu».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Zahartzaroko maitasuna landu nahi izan dut, batere idealizaziorik gabe»