Viernes, 18 de junio 2021, 14:00
Urtebetean bi liburu ekarri ditu Amaia Telleriak (Idiazabal, 1993), biak Alberdaniaren eskutik. Orain urtebete, 'Haize-lekuak' eleberria argitaratu zuen, Gerra Zibilaren itzalpeko garaietan baserria utzi eta hamairu urterekin familia dirudun baten etxean neskame jarri zuten Mikelaren bizipenak kontatzen zituena.
Publicidad
Aurkeztu berri du bigarren liburua, 'Zuhara. Itsasoaren deia', hamar urtetik gorako gaztetxoei zuzendutako eleberria da. Jorge Giménez Bech Alberdaniako editoreak aurkezpenean gogoratu zuen moduan, «ez da batere erraza tokirik bilatzea gazteentzako literaturaren eremu zabalean. Euskal letren errepublikan ez dira gutxi, ezta kalitate maila apalekoak ere, adin horietako irakurleentzat idazten duten sortzaileak, eta, horrez gain, ugari dira beste hizkuntzetatik euskarara ekartzen dena. Horrek erronkaren neurria areagotu egiten dio idazleari, eta Amaia Telleriak tinko eutsi dio desafioari».
«Literatura fantastikoaren eremuetan dabil Amaia eleberri honetan, mundu oso bat sortu duelako, egunerokotasunetik apartekoa, ezagutzen dugun errealitatetik hurbilekoa eta, aldi berean, urrunekoa» azaldu du editoreak. Bilduma baten ernamuina ere izan daiteke, alegia.
Zuhara, historiaren protagonista nagusia, hamahiru urteko neskatxa bat da –bere adinean askotxo bezala– lekuz kanpo sentitzen dena, bai eskolan, bai lagunartean, bai bere eguneroko bizimoduan. Arraroa sentitzen da, berezia, eta iruditzen zaio ez duela sekula asmatzen ingurukoekiko harremanetan. Halako batean, ordea, amaren eskutik, bere familian ondo baino hobeto gordeta egon den sekretu baten berri jakingo du, eta sekretu horrek hankaz gora jarriko dio bizitza: Zuhara, bere ama bezala, bere amona bezala..., itsaslamina bat da, eta iritsi zaio itsas azpiko mundua ezagutzeko ordua. Itsasoaren deia, alegia.
«Historia iniziatiko bat da Zuhararen kontakizun hau –adierazi zuen idazleak–, ezinbestez. Izan ere, bilatzen dituen irakurleak orduantxe hasten ari dira bizitzan oin propioez ibiltzen. Adin horretan, hamar urteen bueltan, urrats bakoitzean agertzen hasiko dira gerora bakoitzaren ni heldua izango denaren lehen islak. Halaxe gertatzen zaio Zuharari ere: ez dabil gustura bere munduan, bazterrean sentitzen da maiz, ez da inguruan duen errealitatean egokitzen. Edo hori sentitzen du berak behintzat. Asko eta asko dira – gehienak, esango nuke nik– adin horietan sentsazio horiek bizi dituztenak, eta haiei zuzentzen da nire eleberri hau, Zuhara bidaide baliagarria izan dezaketelako. Hori nahi nuke nik behintzat».
Publicidad
Kontakizunaren abiapuntuan, itsasotik gertu bizi den amonarengana eramango du amak Zuhara, honi azalean atera zaizkion orban-edo batzuentzako sendabidea bilatzea aitzakia hartuta. Han sentituko du neskatoak, gordin-gordin eta aurretik batere abisurik gabe, itsasoaren deia. Dei horri jarraituz ezagutuko du itsas azpian gainerakoontzat ikusezina den mundu oso bat. Bere mundua ere badena. «Eta han bilatu beharko du Zuharak bere burua –azaldu du idazleak–. Han, eta hango legeen arabera, erantzun beharko die neskatilak bidera ateratzen zaizkion galdera ugariei. Eta den-dena abentura ikaragarri bati dagokion erritmoan. Hori baita, azken batean, liburu hau: abentura eleberri bat, irudimenezko mundu batean gauzatzen dena, baina gu guztion munduaren giltzarri nagusiak, edo antzekoak, dituena. Bizitza arriskuan jarriko du Zuharak mundu berrian, eta, era berean, lehorrean ez bezalako harremanak lortuko ditu ingurukoekin. Bere mundua ere baden eta lehenago ezagutzen ez zuen mundu horretan».
Laida Ruizen ilustrazioen kalitatea ere nabarmendu zuen editoreak. «Lan fina egin du Laida Ruizek libururako, bai Zuhararen beraren irudia sortuz, baita haren munduaren alderdi grafikoa landuz. Era berean, liburuko kapituluburuen errotulazioaz ere arduratu da. Bikain interpretatu ditu idazlearen ideia eta liburuaren premiak».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.