![Liburutegi Nazional faltan «kontrol bibliografikorako» zitazio sistema aurkeztu dute](https://s1.ppllstatics.com/diariovasco/www/multimedia/2024/05/20/autoritateak-kBbH-U220202068388J8E-1200x840@Diario%20Vasco.jpg)
![Liburutegi Nazional faltan «kontrol bibliografikorako» zitazio sistema aurkeztu dute](https://s1.ppllstatics.com/diariovasco/www/multimedia/2024/05/20/autoritateak-kBbH-U220202068388J8E-1200x840@Diario%20Vasco.jpg)
Secciones
Servicios
Destacamos
Antoine Thomson d'Abbadie ala Anton Abadia. Luis ala Koldo, Michelena ala Mitxelena. Euskarazko Liburutegi Nazional baten eta, beraz, euskarazko pertsona-izenen autoritate arautu baten faltak buruhauste ugari sortu ditu azken urteetan eta estandarizazio bidean «funtsezko» ekarpena da astelehen honetan Donostian Eusko Ikaskuntzak eta Euskal Autoritateak erakundeek aurkeztutako autoritateak.eus euskarria. Agerraldian izan dira Ana Urkiza, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria, eta Idoia Sobrino, Euskal Autoritateak lantaldeko kidea eta amaitzean sinatu duten lankidetza-hitzarmenaren bitartez Eusko Ikaskuntzak beharrezko azpiegitura teknologikoa eskainiko du lau urtean eta lantalde bat arduratuko da edukia osatzen joateaz.
Urkizak adierazi duen bezala «profesionalek ez ezik liburutegien, katalogoen edo dokumentu funtsen erabiltzaile orok daki oso garrantzitsua dela autoreak bilatzea eta berreskuratzea, haien izenak, izengoitiak edo aipamenak modu desberdinetan agertzen direnean». Arrazoia sinplea da, orain arte ez da izan «kontrol bibliografikorako euskal autoritateen zitazio sistemarik irizpide komun, normalizatu eta nazioarteko araudiekin» bat etorriz oro har eremu guztietan ezarri zitekeena. Adibide modura jarri du aipatutako Mitxelena, lau sarrera baititu idazle eta euskaltzale handiak.
Jada erabiltzailearen eskura den lehen laginak 134 sarrera baditu ere Sobrinok azaldu duenez bi erakundeen arteko elkarlana 2021ean hasi zen eta, beraz, lantaldeak autoritate gehiago ditu prest, 500 bat. Hauek udarako eskegita egotea espero da. Orain, hitzarmenaren barnean, prozesua azkartuko dela espero du Euskal Autoritateak lantaldeko kideak. Eta epe laburrera «autoritate klasikoekin» amaitu nahiko luketela azaldu du -garaikideekin ez dira hasi-, baina identifikatzen diren heinean bestelako autoritateak ere lantzen direla «beharraren arabera».
Autoritateak bi multzotan sailka daitezke, pertsona izenak eta gaiak, eta oraingoz esku artean lehenak dituzte. Hauek, aldi berean, bi azpimultzotan banatu dituzte, egile edo sortzaileak (idazleak, itzultzaileak, musikariak, margolariak...) eta pertsona gaiak, «deus idatzi edo sortu gabe, dokumentuetan aipatuak direnak», besteak beste erregeak edo pertsona historikoak.
Euskal grafia finkatzerakoan hiru bloke kronologikotan zehaztu dira. Lehenik, klasikoak, 1900 urtea baino lehenago zendutakoak jasotzen dituena; 1900 eta 1978 urteen artean zendu zirenak, hau da, euskara hizkuntza bezala arautu aurrekoak; eta garaikideak 1978 urteaz geroztik zendu direnak eta egun bizirik daudenak. Urte hautaketa justifikatzeko Sobrinok irizpidea argitu du. «Lehen arau multzoak 1968an eman ziren eta estimatu dugu 10 urteko epea nahikoa erabilera finkatzeko edo egileek berek arau horien arabera izena emateko».
Euskal Autoritateak lantaldeak 2017an identifikatu zuen arazoa, «autoritate zerrenda eskasa» zela, euskal bibliografia katalogatzerakoan. Euskal Autoritateak lantaldeko kideak azaldu duenez gaztelaniaren eta frantsesaren kasuan Liburutegi Nazionalek egiten dute lan hau, baina euskaraz «lan bateratu hori» falta da, erakunde ezberdinek autoritate katalogoak egin baitituzte, baina ez dira «ez orokorrak ez transbertsalak», bakoitzak sortu duen autoritate multzoa bere bildumaren eta funtsen arabera eratu baitu.
Autoritate horiek «modu bateratuan estandarizatzeko» xedearekin, hau da, autoritate horiek hizkuntza horretan mundu guztiak horrela ematea, eratu zen lantaldea eta egun hamahiru kidek osatzen dute: Ipar Euskal Herriko euskal liburutegiak biltzen dituen Bilketa Sareko bost kide, Eusko Jaurlaritzako lau kide, Nafarroako liburutegietako bi kide, Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekako kide bat eta Renoko Jon Bilbao liburutegiko bat. «Erreferentzia fidagarria, iturri bateratua, izango den zerrenda sortu nahi dugu», azaldu du Sobrinok.
Metodologia aldetik, lantaldea hilabetean behin batzen da autoritate berriak sartzeko. Sobrinok xehatu duenez, bilera bakoitzean hamar bat autoritate onartzen dira batez beste, betiere «bileretan sortzen diren zalantzen arabera». Autoritate bakoitzaren txostena osatzen da egileari buruz izan diren aipamoldeak, egileak berak erabilitako formak, honen heriotza ostean erabilitako formak edota egitura normatiboek sortutakoak (VIAF, ISNI...) bilduz. 'Fitxa' horrekin eta Euskaltzaindiak ezarritako arauekin adosten da euskarazko forma, nahiz eta salbuespenak ere badauden. Adibide modura jarri dute Pio Baroja, euskararen akademiak ezarritako arauen arabera Baroxa izan beharko lukeena. «Inoiz ez da hala azaldu, izen handiko autoritatea da eta hori guztia kontuan izanda salbuespenerako bat da».
Hartzaileak orokorrean profesionalak izango badira ere, liburutegi eta dokumentazio zentroetan lan egiten dutenak, beste askorentzako ere erabilgarria izango dela aurreratu dute agerraldian. Batetik, tokiko entitateek autoritate bat kale izendegirako erabili nahi badute orain estandarizatu denez nola islatu jakingo dutelako. Bestetik, komunikazio profesionalentzako ere. Atal honetan umoretik jo du Sobrinok, nabarmenduz autoritate garaikideek interes gehiago sor dezaketenaren jakitun, oraindik ez baitira egungo garaira heldu. «Bukaerarik gabeko lana da, egunero egile berriak sortzen direlako», gehitu du.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.