Urgente Cortada la N-121-A por una colisión entre dos camiones que deja dos heridos graves
Bertsolaritzak, hitzak jarraituko du izaten Maialen Lujanbioren «bizilekua, ofizioa eta pasioa». Jose mari lópez
Bertsolari Txapelketa Nagusia

Maialen Lujanbio: «Nire poza zen jende berria etortzean, batez ere emakumeak, han egotea»

Poz ari zaizkio bilakatzen nekea eta lana, eta txapelak bezainbeste poztu du, edo gehiago, igandeko finalaren irudiak

Martes, 20 de diciembre 2022

Ur oso sakonetan ibili diren urpekarien modura, pixkanaka ari da Maialen Lujanbio Zugasti igandeko murgilalditik itsas azalera irteten. Nafarroa Arenan gaitasun erakustaldia egin zuen Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitzan joan zen atzokoan elkarrizketa bat hurrengoarekin lotzen eta bezperan egindakoaz jabetzen, Amasa-Villabonako Subijana Etxean.

Publicidad

- Txapela jantzi eta berehalako agerraldian, esan zenuen luzea eta lantsua izan zela egunean zehar egindako bidea. Eusten diozu aurreneko inpresio hari?

- Esango nuke neke hori, lanaren sentipen hori, pixka bat bajatzen ari zaidala, eta bajatu ahala poza ari dela agertzen gehiago. Horrekin batera, agian igandean lantsua iruditu zitzaidanari gaur ikusten diot beste balio bat. Lan eginez baino kostata atera ziren ale haiek hasi naiz apreziatzen gehiago.

- Baduzu egindako lana errepasatzeko ohiturarik?

- Normalean ez ditut entzuten bertsoak berriz. Askotan zeharka tokatzen zaizkizu elkarrizketetan-eta, edo jendeak transmititzen dizunagatik. Gehiago izaten da sentsazioa, eta askotan, norberaren sentsazioa eta jendearena ez dira bat etortzen. Bertso bat sortzea asko kostatu bazaizu, emaitza ona izanagatik zu neke sentsazio horrekin geratzen zara. Jendeak, aldiz, horren berri ez daki, eta emaitzarekin gelditzen da. Azkenean, hori da inportantea: jendeari nola sartu zaion, haientzat zer suposatu duen.

- Bat etorri dira oraingoan jendearen sentsazioak eta zeureak?

- Irudipena daukat jendeak nik baino sentsazio hobea daukala. Nekeza eta lantsua izanaren sentsazioa neukan nik, baina jendeak itzuli didana ez da hori izan. Orain daukat bi sentsazioen arteko nahasketa, destilazio prozesu moduko batean banengo bezala.

- Zazpi txapelketa, Andoni Egañaren pare; hiru txapel, Egañak baino bat gutxiago, baina Uztapiderekin berdinduta. Nola ikusten duzu zure burua ohorezko koadro moduko horretan?

- Zorionez, zeure burua ez duzu ikusten bitrina batean. Kontaketa egiten denean hala agertzen da, bai: zazpi final, hiru txapel... Ez diot baliorik kentzen, baina egunerokotasunean, plazako saioetan, ez zara horrekin konturatzen. Bi txapel edo hiru izan, ez dut uste ezer aldatuko denik. Igual baterezetik baterakoa esanguratsua izan zen arrazoi askogatik, beste garai bat zelako. Bira gutxiago aldatzen da, eta hirura ere... Ni lehengoa izango naiz, eta nire kideek ez naute desberdin hartuko horregatik. Bertsolaritzak dauzkan mugarri inportanteak dira Txapelketak, esanguratsua da nor den txapelduna, baina horrek ez nau aldatu, betikoa naiz.

Publicidad

- Zer ekarri dizu txapel bakoitzak?

- Denak desberdinak izan dira. Lehenengoa garrantzitsua izan zen txapelagatik baino gehiago kontestuaren esanguragatik. Lehenengo emakumea izate hori, gure belaunaldiko gazte bat, Andoni Egañaren osteko lehena... Bigarrenaren irakurketa asko egin daitezke. Izan daiteke berrespen bat. Emakumeei asko eskatzen zaigu geure burua behin eta berriro erreibindikatzea, alegia.

Lehen txapela

«Garrantzitsua izan zen txapelagatik baino gehiago kontestuagatik: lehen emakumea, gaztea, Egañaren ondorengoa...»

- Eta hirugarrenak?

- Aurtengoak, hirugarrena izanik ere, beste zentzu bat zeukan, Txapelketak berak bezala. Ni ez noa inongo markaren bila, ez noa ez dakit zenbat txapelen bila, ez dut uste nire lanak bertsolaritzaren historian agertzeko geldituko direnik. Ezer izango bada esanguratsua bertsolaritzaren historian izango da 2022ko finalaren irudia: hiru emakumezko egotea, gazte belaunaldia sartzen hasi izana, ia hemen dela irudikatu izana. Niretzat aurtengo finalak esanahi hori zeukan, eta nire poza zen jende hori etorriko zenean, eta batez ere emakumeak, ni han egotea eta haiei harrera egitea. Final honek niretzat zentzu hori zeukan, ez hainbeste hirugarren txapela irabaztea, baizik eta han egotea.

Publicidad

- 'Aurreneko' asko izan dira final honetan: lehen aldiz Nafarroa, lehen aldiz hiru emakume, lehen aldiz hiru hasiberri...

- Finala Nafarroara eramatea garrantzitsua izan da, horren zentzua ez baita bakarrik ebaztea egun horretan bertsotan onena zein izan den. Baditu beste zentzu batzuk, hizkuntzari eta bertsolaritzaren sustapenari dagozkionak. Eramaten da efektu bat izan dezan, eta hango euskalgintzari eta bertsogintzari eskerrak emateko modu bat ere bada. 30 urtetik beherako bi gazte eta beste bi emakume finalean sartzeak, berriz, islatzen du bertso plazaren momentua. Plazetan aldaketa nabaria da orain dela urte batzuk, gu baino bertsolari gazteagoek guk adina edo guk baino protagonismo handiagoa dute, eta horien artean asko eta asko emakumeak dira. Plazetan gertatzen denari zilegitasun bat ematen dio finalak, baina gertatua zegoen zerbaiten errekonozimendua da.

Finala

«Plazetan gertatzen denari zilegitasun bat ematen dio finalak, gertatua zegoen zerbaiten errekonozimendua da»

- Alaia Martinek eta Nerea Ibarzabalek biek nabarmendu zuten emakume bertsolari gazteagoengan izan duzun eta duzun eragina, erreferentzialtasuna.

Publicidad

- Pila bat poztu nintzen bien hitzak entzutean. Nik ere asko dut haiei eskertzeko. Suertea ez da izan haiekin egotea finalean, baizik eta plazaz plaza eta bertso eskoletan beraiekin eta beste askorekin ibili izana. Goitik behera ez ezik behetik gora ere egiten du transmisioak, eta gu asko ari gara ikasten bertsolari gazteengandik: ikuspuntuetan, gaietan, beraien mundu erreferentzietan eta bizipenetan. Bertsolaritzari asko ematen diote, guk gure garaian, gazte sartu ginenean, eman genion bezala. Suerte handia da bizitzea bertsolaritzan gertatzen ari den den belaunaldien arteko dialogoa. Beraientzat ni pizgarri izango naiz, baina niretzat beraiek ere badira, eta ederra da horren parte izatea, suertea da zaharretakoa izanik gazteekin komunikatzea eta konplizitate handia izatea.

Transmisioa

«Goitik behera ez ezik behetik gora ere egiten du transmisioak, asko ari gara ikasten bertsolari gazteengandik»

- Oholtzatik, kontzentratuta, zer ikusi zenuen? Finaleko ze oroitzapen nabarmenduko zenituzke?

Publicidad

- Egia esan, ez nuen denbora asko pasa aurrera begira, gehiago egon nintzen behera begira, nire baitan sartuta. Kontzientzia gutxiena dut jendetzarena. Plaza bera baino presenteago dauzkat pasilloak eta zain egon beharreko denborak. Ondoen akordatzen naiz bukaeran, buruz burukoan, egon ziren momentu politekin, zaleen barre eta algarekin. Jendea disfrutatzen ikustea, eta hori lortzea txapelketa batean, oso polita da.

Bertsolaritzak, hitzak jarraituko du izaten Maialen Lujanbioren «bizilekua, ofizioa eta pasioa» jose mari lopez

- Zuek ere gogotik disfrutatu zenuten buruz burukoan.

Noticia Patrocinada

- Bai, aurreko tentsioa askatu izan balitz bezala sentitu ginen Amets eta biok. Saioa ondo joan zen, gustura ibili ginen, elkarri ondo lotuta, eta jendeak ere sumatu zuen hori. Nik buruz burukora igarota eginda neukan egin beharrekoa. Bestela ere bai, laugarren edo bosgarren gelditu izan banintz ere, eta nire buruarekin gustura, pozik bukatuko nukeen. Buruz burukora pasata, are gehiago. Ametsek irabazita ere, ni pozik. Uste dut hortxe eman genuela biok onena, lasaiago geundelako.

Oroitzapenak

«Ondoen akordatzen naiz bukaeran, buruz burukoan, egon ziren momentu politekin, zaleen barre eta algarekin»

- Azken agurrean, «txapela bete indar, mingaina dantzari, borroka irabazteko desesperantzari» kantatuz, ez zenuen txantxarako tarterik utzi. Entzuleak mezu horrekin geratzea nahiko zenuke?

Publicidad

- Azkeneko ganbarakoan planteamendu nahiko ezkorra egin nuenez, bizi dugun egoerak eskatu zidan nolabait desesperantzaren kontrako aldarri bat egitea. Bizi ditugun garai hauek oso zailak dira plano askotan, eta gure problematika linguistiko eta nazionalaz gain badaude beste problema asko. Eta gu ere bagara eskuindartzera doan mundu baten parte.

- Hemendik aurrera, zer?

- Nire bizilekua bertsogintza da, letren inguruko eta materia horren inguruko arlo desberdinak barnebiltzen dituen zentzu zabal batean hartua; nagusiki, bat-bateko bertsolaritza eta horren inguruan egiten ditugun hamaika gauza. Nire asmoa hor jarraitzea da, hor sentitzen naiz ondoen, hor eman dezaket gehien, hori da nire bizilekua, nire ofizioa eta nire pasioa. Gainera, horrenbeste denboran hain modu enkortsetatuan ibili ostean badaukat bestelako gauzak egiteko gogoa. Ikusiko dugu ze aukera sortzen diren, sortzen badira, baina argi daukat hor segiko dudala, eta txapelketa eta lehia ez direla betirako.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad