Borrar
Mikel Markezek Mecca Recording Studios-en grabatu du 'Biribilean' zuzeneko disko berria. GAIZKA PEÑAFIEL
Mikel Markez: «Nahi duguna kantatzeko askatasuna ez da negoziatzen»

Mikel Markez: «Nahi duguna kantatzeko askatasuna ez da negoziatzen»

Musikariak 30 urteko ibilbidean sortutako zenbait kanta berrikusi ditu Mecca Recording Studios-en grabatutako 'Biribilean' diskoan

Juan G. Andrés

DONOSTIA.

Sábado, 7 de diciembre 2019, 09:03

Musikagintzan 20 urte betetzean, bere kantak moldaketa berriekin berriz grabatu zituen. 30 bete dituen honetan, berriz, zuzenekoaren alde egin du Mikel Markezek (Errenteria, 1971). Nonbait, azken urteotako kontzertuetan egindakoaren «argazki bat» utzi nahi zuen, eta Durangoko Azokan aurkeztu du. Berarekin batera aritu dira Arkaitz Miner (biolina, mandolina, gitarra), Julen Alonso (trikitia eta soinua), Esti Markez alaba (ahotsa) eta Andrea Bidart (ahotsa).

- Zergatik erabaki zenuen estudio batean grabatzea eta ez kontzertu areto batean?

- Soinu kalitateari dagokionez alde handia dagoelako eta presio txikiagoarekin grabatu ahal izateko. Hemendik kanpo asko erabiltzen den formula da eta probatu nahi nuen.

«Euskaldunon artean ere antzematen ditut diskurtso arrazista-populista horiek»«Erromantiko deituko naute baina uste dut kanta onak egitea dela bide bakarra»

- Nola izan zen grabazioa?

- Berrogei bat lagun gonbidatu genituen, familiakoak, lagunak eta zaleak tartean, eta denak gure bueltan jarri genituen: jendea zuri begira izateak beste tentsio bat lortzera behartzen zaitu. Taldekideok ere biribilean jarri ginen, denak elkarri begira -horregatik jarri diogu 'Biribilean' izenburua diskoari-. Ez genuen toma askorik egin behar izan. Oro har, diskoan entzuten dena jendaurrean egin genuen pasea da.

- Zortzi kanta gutxi dira 30 urteko ibilbidea laburbiltzeko. Zaila izan zen hautaketa?

- Esango nuke kantek beraiek gu aukeratu gintuztela: batzuk Estik eta biok gustura kantatzen ditugulako, beste pare bat Andréa Bidartekin kantaldietan ematen genituelako, besteak konponketak oso eginak zituztelako... Ez nituen bost minutu baino gehiago pasako zein kanta sartu behar nituen erabakitzen.

- 'Zure begiek' eta 'Baina berdin dio' 20 bat urte zenituela idatziak dira. Egun, ia 50 urte dituzu. Zer sentitzen duzu horiek berreskuratzean?

- Bi horiek kanta nerabeak dira, nerabe batek egin zituen eta! Hainbeste aldiz kantatu ditut, non argazki bat diruditen, postal bat, gutun bat... Hegan egin zidaten. Beren osotasun bat dute eta neurri batean gainditu ere egin naute. 30 urte pasatu dira eta jendeari oraindik ere balio diote.

- Oso inozoa ikusten al duzu zeure burua kanta horietan?

- Kanta horiek ez ditut epaitzen dagoeneko. Noski, orain ez nukeen idatziko «Zu gabe ez naiz ezer, zu gabe zertarako bizi», baina une hartan seko maiteminduta nengoen hori idazteraino. Nire bizitzako une baten kronika desesperatua, gordina eta zintzoa dira. Ni ez naiz inor koma bat bera ere aldatzeko.

- Baina noizbait onartu duzu nazkatuta bukatu zenuela kantautore erromantiko irudi horrekin...

- Une batean beste zerbait izan nahi nuen, beste zerbait egin, beste irudi bat eman, baina gaina hartzen zidan kantautore erromantiko horrek. Ez nintzen konturatzen nire aurreiritziak baino ez zirela, ez duela zentzurik izan zaren hori gorrotatzeak. Esentzian, beti gara berdinak, nahiz eta desberdin jantzi eta nahiz eta jendeak gurekiko irudi desberdina izan.

- Zein izan zen etapa hartatik beste aro berrira pasatzeko gakoa?

- 'Kantu erotikoak' (1997) diskoa kaleratzeak aldaketa bat ekarri zuen. Zenbait jende kanta erromantikoak entzutera joaten zen kantaldietara eta ni kanta erotiko-pornografikoekin ateratzen nintzen. Jende altxa eta martxa egiten ere ikusi dut. Normala, beraiek gauza bat entzutera zihoazen eta nik beste bat ematen nien. Beraiek alde egitea normala zen, baina nik ere eskubidea nuen nahi nuena kantatzeko. Hori bai, abisatu egin behar nuen aurretik. (Barreak)

- Askatasun sexualaren aldeko 'Zertarako mugak jarri' 1995. urtekoa da. Tamalez, bere mezua beharrezkoa da egun.

- Atzeraka goaz diskurtso askotan eta ez naiz Espainiako Vox alderdiri buruz ari. Euskaldunon artean ere antzematen ditut diskurtso arrazista-populista horiek: kanpotik datozenek ogia kenduko digutela, laguntza sozialak beraientzat bakarrik daudela... Ezkerreko boto emaileetan ere bai, e? Badirudi oraindik 'nobedadea' dela bi aita edo bi ama dituen haur bat. Zoritxarrez, aipatu duzun kantak gaurkotasunik ez du galdu eta berriak ere egin beharko ditugu.

- 'Herrimina' da diskoaren kanta berri bakarra. Ukitu mexikarra du, festarako aproposa...

- Kanta hori Washingtonen entzun nuen Smithsonian jaialdian geundela. Texmaniacs taldekoak gure hotel berean zeuden eta gauean festa giroan jo zuten. Entzun eta berehala pentsatu nuen euskaratu behar nuela. Herriminaz hitz egiten du, bere herria utzita halabeharrez bizitza hobeago beten bila joan behar duen horrek bere lurrarekiko duen atxikimenduaz. Gure aita Huelvatik etorri zen Euskal Herrira lan bila. Euskaldunok hemen gaizki geundenean Argentinara, Venezuelara, Mexikora edo Estatu Batuetara joan ginen eta herrimin hori gure gurea dugu denok.

- Denbora honetan guztian leiala izan zara beti kantautore klasikoaren esentziari...

- Kantak egiteko abiapuntu gitarra dut beti. Sortzen ditudan kantak ezin baditut gitarra soil batekin defendatu ez dute balio niretzat. Nire ustez, kanta batek hiru gauza behar ditu ezinbestean: zerbait ekarriko duten hitzak, hitz horiekin hezur-haragi egingo den melodia eta dena biribilduko duen armonia musikal egoki bat. Hori ongi josten bada, altzairuzkoa da kanta.

- Ez al duzu inoiz tentazioa sentitu beste eremu batzuetara gerturatzeko? Rockera, adibidez?

- Tentazioa bai, baina nagikeria handiagoa. Halere, inoiz ez da jakiten noiz!

- 30 urteko esperientziarekin alderatuta, zu bezalako egile batek oso ezberdin jokatu behar du gaur egungo kantagintzan?

- Gu hasi ginenetik hona pentsa gauzak zenbat aldatu diren... Disko bat ateratzen genuen eta hiru urtez nobedadea zen; orain, berriz, hiru aste pasa eta nobedadeak iraungitzen dira. Dena den, erromantiko deituko naute baina uste dut kanta onak egitea dela bide bakarra, kantek beraien kabuz aurkitzen dute bidea.

- Azken diskoetan autoekoizpenera jo duzu...

- Bidea hortik doa. Orain 30 urte adina musika entzuten da, edo agian gehiago, baina digitalean entzuten da ia erabat. Auto berriek eta ordenagailu berriek ez dute disko irakurgailurik ... Gero eta pisu gutxiago du diskoak berak eta horrek autoekoizpenera garamatza. Halere nik ez dakit noiz arte baina badirudi objektua ere behar dugula, disko fisikoa, argazkiak ikusi, letrak irakurri...

- Egun, kodeak eta baloreak aldatu dira, arreta gehiago jartzen da kanten hitzetan, jendea askoz errazago mintzen da... Hori kontuan izaten duzu idazteko garaian?

- Hemen bi gauza nahasten dira beti. Mintzen diren horiek gizartean zapalduta daudenak eta ahalduntzen ari direnak baldin badira, ni beraiekin nago. Letra matxisten edo homofoboen kontra nago, nahiz inkontzienteki eginak izan. Ikasiak ditugun kode asko desikasi behar ditugu oraindik. Bestalde, boterearen kontra hitz egiteagatik norbait zentsuratzea ez dut onartzen. Tira, imajinatzen al duzu orain 30 urte Evaristoren kontzertu batera polizia kargu hartzera joatea mikrotik esan duen zerbaitengatik? Mesedez! Horretan ez dugu atzera pausu bat ere eman behar: nahi duguna kantatzeko askatasuna ez da negoziatzen.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Mikel Markez: «Nahi duguna kantatzeko askatasuna ez da negoziatzen»