Borrar
Sara Santos
ETS, Nøgen eta Niko Etxart, Huntzaren agur kontzertuan
'Azkena balitz bezala'

ETS, Nøgen eta Niko Etxart, Huntzaren agur kontzertuan

Otsailaren 3an Bilboko Miribilla Arenan emango duen kontzertuko taldeen zerrenda osoa iragarri dute sareen bitartez

Jon Agirre

Donostia

Martes, 9 de enero 2024, 12:20

Aste bereziak eta emozioz beteak dituzte aurretik Huntza taldeko kideek. Ia urtebete da oholtzei agur esan eta «etenaldi mugagabea» iragarri zutenetik eta poliki-poliki otsailaren 3an Bilboko Miribilla Arenan eskainiko duten azken kontzertuaren xehetasunak iragartzen joan dira. Orain, haiekin batera zuzenean ariko direnen «euskal musika eszenako erreferenteen, artista eta lagunen» zerrenda osoa kaleratu dute. Hala, ETS (En Tol Sarmiento), Nøgen, Niko Etxart, Iraitz Aguirre, Ebri Knight, Stay Homas, Gurru, Iratxe Etxeandia eta Trompi izango dituzte alboan.

Aipatutako izen hauek aurrez jakinarazitako Maixa eta Ixiar, Alaitz eta Maider, Kristina eta Amaia, Xabi Solano, Olatz Salvador eta Tremenda Jauria taldeei batuko dira Huntzako kideentzat «hunkigarria» izango den azken kontzertuan, hamar urteko zikloa itxiko baitu. Eguna baliatu nahi dute «txikitako erreferente izan direnetatik hasi eta gaur egun lagun eta erreferente diren artistetaraino» haiekin biltzeko. Gainera, aukera berezia izango dela azpimarratu dute, «horietako asko erretiratuta baitaude gaur egun».

Unibertsitate-giroan sortu zen Bilbon eta urte hauetan trikiti doinuak eta euskara Euskal Herriko zein atzerriko txokoetara eraman dituzte Josune Arakistainek (trikiti eta ahotsa), Uxue Amonarrizek (panderoa eta ahotsa), Aitor Huizik (biolina), Aitzol Eskisabelek (gitarra), Inhar Eskisabelek (baxua) eta Peru Altubek (bateria). Bidean hiru disko kaleratu dituzte, 'Ertzetatik' (2016), 'Xilema' (2018) eta 'Ezin ezer espero' (2021); 30 abestitik gorarekin eta 250 kontzertu baino gehiago eskainita. Nazioarteko birek Japonia eta Ameriketara bidaiatzeko aukera eman dizkie, euskal musikaren eszenan aztarna ezabaezina utziz.

Taldearen ibilbide oparotik harago doazen kantuak utzi ditu boskoteak, guztien gainetik 'Aldapan gora' famatua, YouTuben erreprodukzio gehien dituen euskal kantua 14 miliotik gorarekin.

Kontzertu «berezia»

'Azkena balitz bezala' lelopean egindako biran izandako arrakastarekin oso pozik azaldu dira taldeko kideak eta plaza zein aretoak bete dituztenei eskerrak eman dizkie ohar bitartez. Besteak beste, Bartzelonako Razzmatazz Aretoan, Madrilgo Eslava Antzokian (Nøgen taldearekin batera) eta Valentziako Festardor Festivalen izan dira.

Bilboko kontzertuari begira sarreren %90a salduta dagoela jakinarazi dute eta azkenak oraindik eskura daudela Huntzaren webgune ofizialean (huntza.eus) eta WeGow plataforman.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco ETS, Nøgen eta Niko Etxart, Huntzaren agur kontzertuan