'Basking Beat & Bite'

Euskadi eta Finlandia laugarrenez batuko dituen jaialdia

Abuztuaren 29tik 31ra Zea Mays, Nøgen eta Janus Lester Helsinki eta Tamperen izango dira

Jon Agirre

Donostia

Lunes, 26 de agosto 2024, 11:43

Tampereko GLiveLab aretoan, Ravintola Emoko terrazan eta JunkyVegan espazioan. Hiru euskal taldek hiru zita dituzte abuztuko azken astean, 29tik 31ra, Finlandian 'Basking Beat & Bite' jaialdiaren baitan, Helsinki eta Tamperen. Nazioartean euskal sortzaileen zabalkundea sustatzearen helburuarekin bat eginez Zea Mays, Nøgen eta Janus Lester izango dira aurten.

Publicidad

Laugarren edizio honetako egitaraua honela garatuko da: abuztuaren 29an, Tampereko GLiveLab aretoan, 19:00etan (Finlandiako ordua) Nøgenek emango dio hasiera emanaldiari eta Janus Lesterrek itxiko du, 20:30etan. Aldi berean, Helsinkin, Zea Maysek kontzertu akustikoa eskainiko du Ravintola Emoko terrazan, 17:45tan. Jaialdiari amaiera emateko, abuztuaren 31an, hiru taldeek ikuskizun bateratua eskainiko dute JunkyVegan espazioan: Nøgenekin hasiko da, 18:45tan, jarraian Zea Mays 20:15etan eta Janus Lesterrekin amaituko da, 21:45tan.

Hiru taldeek jada ibilbide oparoa egin dute euskal eszenan. Beteranoenak Zea Mays bilbotarrak dira eta 1997an hasitako ibilbidearen tamaina erakusten du 2023an Adarra Saria jaso izanak 27 urteko musika ibilbidean «eman duten guztia eta jarritako bihotzagatik». Kaleratutako diskoak ez dira gutxi izan eta horietako single asko aipatuta Aiora Renteriak, Piti Imazek, Ruben Gonzalezek eta Asier Basabek sortu duten energia-iturri amaigabearen erakusle dira.

Pop eta folk nahasketatik gertuago koka daitezke Nøgen eta Janus Lester. Estilo fusioa abiapuntu, donostiarrek jauzi nabarmena eman dute hirugarren diskoarekin, 'Åben Cirkel', eta Donostiako Aste Nagusian emandako kontzertuan hainbatetan azpimarratu bezala «Groseko garajetik Sagueseko agertokirako» bidea egin dute.

Bide laburragoa eginagatik ez da atzean geratzen Janus Lester, folka, rocka eta musika esperimentala uztartzen dituen taldea. 'Ez gaitzala loak harrapatu' eta 'Maitasuna Tabu' albumetan erakutsi bezala emozioak pizteko gaitasun berezia dute.

Publicidad

Musika eta gastronomia

Jaialdiak, aipatutako kontzertuez gain, euskal gastronomiari eskainitako atal bat ere badu, bite (mokadua) izenpean. Abuztuaren 13an hasi eta irailaren 7ra arte sukaldaritzari loturiko jarduerak burutzen ari dira, euskal kulturan murgiltzeko hilabete oso bat eskainiz.

Horrela, Helsinki eta Tampere hirietan Euskal Herriko pintxoak ezagutzeko eta dastatzeko aukera eskainiko duten bi ekitaldi daude Basking Beat & Bite-ren barruan: Helsinki Pintxo Festival, abuztuaren 13tik 17ra egin zena, eta Tamperrada: Tampere Pintxo Festival, 27tik 31ra. Ekitaldi horiez gain, Euskal Gastronomia Jaialdia egingo da abuztuaren 29tik irailaren 7ra Helsinkin, zeinetan Ricardo Pérez eta Borja Etxebarria sukaldariek Finlandiako sukaldari ospetsuekin lan egingo duten

Publicidad

2024ko edizioa 'Basking Beat & Bite' jaialdiaren laugarren edizioa izango da. Bertan parte-hartzen duten taldeak deialdi ireki baten bidez hauek aukeratu ohi dira eta hala izan dira aurrez, Gatibu, Zetak, Olatz Salvador, Izaro, Skakeitan, Bulego ETS, Huntza eta Mikel Urdangarin bezalako izenak.

Basking Euskal Etxeak sustatutako ekimen honek Finlandiaren antzera, kultura eta gastronomiaren bitartez, Euskadiren eta beste herrialde batzuen arteko harremanak estutu nahi ditu, herrialdean bizi diren euskaldunentzako topagune bat ere eskainiz. Etxepare Euskal Institutuaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad