Borrar
Haritz Garmendia, Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen atarian. Jose Mari López
Haritz Garmendia: «Aurrekoari jarraitura egiten eta garaietara egokitzen jakin duelako iraun du trikitiak»
Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko kidea

Haritz Garmendia: «Aurrekoari jarraitura egiten eta garaietara egokitzen jakin duelako iraun du trikitiak»

Instrumentua estilo askorekin «nahasirik» eta Aristerrazu «indarturik», bizitasuna mantentzea eta ekosistema osatzea dira jomuga

Jon Agirre

Donostia

Sábado, 5 de abril 2025

Egungo egoera urte luzez, maiz isilpean, egindako lanaren emaitza dela argi du Haritz Garmendia Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko kideak. Garain garaiko erreferenteak oroituz instrumentu «bizi» izaten jarraitzea da harentzat erronka nagusia.

–Trikitiak asko eman dio euskal musika zein kulturari. Badu merezi duen aitortza eta errekonozimendua?

–Trikitiak badu aitortza Euskal Herriaren aldetik, ikusi besterik ez daude asteak joan eta etorri antolatzen diren ekitaldi guztiak. Gaur Agurainen esaterako 700 pertsona izango dira bazkaltzen. Horretaz aparte urtean zehar antolatzen diren ehunka ekitaldi. Beste gauza bat da kristalezko bi sabai badituela: euskal kultura da, minorizatua handiagoekin alderatuta; eta, bestetik, euskal kulturaren baitan kultura jasoaz arduratzen direnak errekonozimendu falta baino, ezagutza falta dute.

–Euskarari hain lotua izanik, debeku eta jazarpen aroak bizi izan ditu trikitiak. Eragina izango zuen horrek ere.

–Bai, noski. Trikitiaren historia ulertzeko sustraietara joatea funtsezkoa da. Guk soinu txikiarekin lotzen dugu, baina izatez panderotik dator, Juan Mari Beltranek esan bezala onomatopeiatik, «triki-triki-triki» hartatik. Lehen idazleek esaten zuten zela emakume bat panderoa jotzen, koplak abesten eta dantza. Hitza, gorputza, soinua... Guztiak barnebiltzen ditu trikitiak. Lehena panderoa zen, garai hartan dultzaina, txistua edo gitarrarekin ere nahasten zena. XIX. mendean akordeoi diatonikoa etortzen denean panderoa horrekin gurutzatzen da, apurka-apurka nagusitzen da bikote instrumental gisa eta 1924an soinua eta panderoa ateratzen den lehen diskoa dugu. XX. mendean bikotea nagusitzen da eta honen baitan ere soinua gailentzen da, erromeriatara panderojole gabe ere joaten delako.

–(...).

–Horrela eboluzionatzen doa trikitia. Soinua gailentzen den unetik, lehenago panderoarekin gertatu zen bezala, bestelako instrumentuekin nahasten doa: pop, rock, tekno... eta aurrekoa mantenduz. Horregatik moderno/tradizional, hiritar/landagune dikotonomiak baino gehiago interesatzen zaizkit jarraitura eta irekidura bezala ulertzea. Trikitia mugimendu bizia da, nahasten doa eta garaian garaiko gustu eta joeretara egokitzen.

–Egokitzapen horretan lehen erreferenteetako bat 'Elgeta' izan zen, bertsotan Txirrita izan zenaren mailan.

–Trikitiak garaian-garaian bere erreferenteak izan ditu, ditu eta izango ditu. Instrumentua ezagutzen dugun bezala 'Elgeta' –trikitilaria– eta Martzelino Larrinagak –konpontzailea– egin zuten. 'Elgeta'-k 21 botoi izatetik 23 izatera aldatu zuen eta irakaslerik ez zegoen unean baserriz baserri eskola bat atera zuen. 1970ean ez ziren 100 trikitilari izango, gehienak 'Elgeta'-rekin ikasiak, eta egun 4.000 dira. Transmisio soka horretan mugarri garrantzitsua izan zen. Baina ez hori bakarrik, errepertorioa aberasten ere izugarrizko lana egin zuen 'agarrau' eta bestelakoekin.

–Hurrengo belaunaldiari aipatutako filosofia ere transmititu zien: aurrekoa mantendu, ahal dela berritu eta hurrengoei pasa.

–Trikitiak gaur arte iraun badu da jakin duelako datorren korronte horren jarraitura egiten baina aldi berean garai berrietara egokitzen.

–Nolako bultzada izan zen erromeria poparekin nahastea 80 eta 90eko hamarkadetan?

–Mugimendu bat bizirik badago ibili egiten da, eta ibiltzen bada kontaktuan dago garaiko kontu eta beharrizanekin. Erantzuten eta nahasten saiatzen da. Hori pasa zen. Eta 2000koetan, 2010 edo egun berdin erreferente ezberdinen eskutik.

– Egun elkarteen existentzia normaltzat ematen da, baina Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen sorrera nola izan zen?

– Elkartea 1972an Usurbilen sortu zen eta garai hartan ez ziren 100 trikitilari izango Euskal Herri osoan. Garai hartako kultur susperraldia ohartzen da ondare handi bat dagoela, zaindu eta sustatu beharrekoa, eta 50 urte beranduago 4.000 ikasle ditugu eta elkartea bera mugimendu horren indartze eta suspertze prozesuan eragile garrantzitsua izan da, trikiti komunitateari kultur proiektu bat eskaini dio, bai hezkuntza zein ikerketa landuz, transmisiorako ekimen edo ekitaldiak antolatuz eta komunikazio eta hedapenean esku bat emanez. Jende anonimo askoren isilpeko lanari esker izan da, hori azpimarratu nahiko nuke.

– Ikerketa lanean nabarmentzekoak 'Elgeta'-ri buruzko 'Sasi artean' komikia edo 50. urteurreneko liburua.

– Iraganean bilatu behar ditugu helduleku batzuk, etorkizuna izateko argiak, eta 'Elgeta'-ren heldulekua utopia bat da, egungo gazteek erreferente bat izateko modu aparta.

– Osasun puntu onean dira trikitia bera zein elkartea?

– Ikasle aldetik ederki gaude eta elkartean ere gazteak badira. Proiektu interesgarriak ditugu eta ilusionatuak gaude. Jasotzen ari garen fruitua urtetan borondatez askok egindako lan isil horren emaitza da, horri esker egin dugu aurrera.

– Aristerrazun ia igandero plaza betetzea seinale ona da, baita estilo berrietara egokitzeko erakutsi duen gaitasuna.

– Lehena pozgarria da, indarberritua dago eta erakusten du egindako lanak bere emaitzak ematen dituela. Instrumentuak-eta iraungo du, etorkizunari begira erronka nagusia herri kultur bizi bezala mantentzea izango da eta horren inguruan ekosistema osasuntsu bat osatzea.

– Musikako irakaskuntza profesionalen barruan trikitiaren espezialitatea sortzea bultzada izan da?

– Erabakia jakin genuenetik gogoeta prozesuan murgilduta gaude. Elkarte bezala 50 urte hauetan hezkuntza proiektu bat izan dugu eta datorren garaia garrantzitsua izango dela argi dugu, etorkizuna markatuko duela.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Haritz Garmendia: «Aurrekoari jarraitura egiten eta garaietara egokitzen jakin duelako iraun du trikitiak»