Secciones
Servicios
Destacamos
Ez da erabaki erraza izan Kike Amonarrizentzat musika disko bakarra hautatzea. Melomano eta hein batean disko eta liburuen «fetitxista», elkarrizketan zehar hainbat dira lau diskoez gain aipatutako lanak, besteak beste X5 kolektiboak plazaratutakoak. «Pena ematen dit kanpoan uzteak». Baina lana jarrita, Hertzainaken 'Salda badago' (Elkar, 1988) hautatu du tolosarrak partikularki bere «panorama musikala aldatu» zuen taldea izan zelako eta, orokorrago, «bere garaian euskal musikara iraultza bat ekarri» zuelako.
Kaleratu zutenean Frudisk dendan erosi zuen eta ordutik haren ondoan joan da Hertzainak taldearen beste diskoekin. «Haien sorrera ezagutu nuen eta desagertu den arte nire bizitzaren musika bandaren zatirik garrantzitsuenetakoa izan da. Amaiera ez nuen zuzenean ikusterik izan, baina telebistan entzun nuen eta emozionatu nintzen». Zorionez zuzenean ikusteko aukera izan zuen, bai Hertzainak zein Garik ostean izandako proiektuak. «Oso momentu atseginak izan ziren, batzuk handiagoak eta besteak beste era batekoak». Gari, aldiz, Victoria Eugenian entzun zuen eta haren indarra azpimarratzen du. «Proposamen oso berritzaileak ekarri ditu, neurri batean haustura bat eta probokazio puntu bat izan du bere musikak eta bere kantuak eta hori ere maite izan dut».
Oroitzapen hartaz eta nostalgiaz harago, Amonarrizek ukatzen ez duena, egun ere oso presente du diskoa. «Biniloan daukat eta badiot maitasun berezi bat, beharbada Hertzainak taldearen ibilbidean heldutasun berri bat suposatu zuelako hasierako diskoen aldean». Lehen disko horiek kasetean entzun zituen gehiago eta ondorengoak ere gertutik jarraitu zituen. «Bada bizitzako fase oso bat islatu dezakeen talde bat eta horregatik aukeratu dut».
Bere hitzetan 'Salda badago' diskoak «belaunaldi oso bat markatu, hunkitu eta dantzarazi» zuen eta, horregatik, «musika bizipenetara txertatu da, neurri handi batean herri honek egin duen bidaia egin du ere Hertzainakek». Letrek erakusten duten indar horrek eta ametsak islatzeko gaitasunak azaltzen du, tolosarraren aburuz, «izan duen garrantzia, hainbeste urte iraun izana edo despedidako kontzertuetan bildu zuen jendetza eta eragindako emozioak».
Amonarrizek ere gozatu du hautatutako diskoaren ondoren etorritakoekin eta askotan kantatu izan ditu etxean, festetan edo afarietan. Hori bai, 'Salda badago' ahaztu gabe. Egun diskoa bere osotasunean entzutearen aldekoa da, are gehiago «larunbat goizetan edo bestelako etxeko lanak» egiten ari denean. «CDak edo jarri beharrean –eta horiek ere jartzen ditut, asko ditut eta gustatzen zait– biniloak jartzen ditut. Eta hor azaltzen dira altxor batzuk». Hori bai, ez du ukatzen disko honek altxor zehatzak ere badituela. Zehazki B aldean dauden 'Ez dago ilusio faltsurik', «kanta mitikoetako bat» edo 'No time for love' abesti irlandar baten egokitzapena. «Bi abesti horiek bereziki hunkitzen naute».
Xarma. «Lluís Llach-ek ireki zidan katalanezko musikara taldea eta azken boladan Manel entzuten dut oso gustura».
Inauteriak. «Momentu on asko bizi izan ditugu honekin, ez soilik Tolosan, tarteka etxean jarri eta entzuten dugun musika da
Etxe-giroan. «Aitona naizenetik asko entzuten dut. Haurrentzako diskoak entzutean konturatzen zala nolako aberastasuna dugun euskaran».
Emozio horiek «elkartzen gaituzte eta komunitatea bat sortzen dute» eta, horregatik, «euskararen biziberritze prozesuan eta gure herrigintza prozesu honetan ere musikak eta abestiek sekulako garrantzia izan dute. Jende askori entzun diot euskara ikasi duela abesti, talde edo kantari batekin maitemindu zelako, 'nik nahi nuen jakin zer esaten zuen letra horrek, kantari edo talde horrek eta euskarara gerturatu naiz horregatik'. Hor ikusten da musikaren indarra eta abesti eta letra batzuen indarra».
Publicidad
Ángel López | San Sebastián e Izania Ollo | San Sebastián
Fermín Apezteguia y Josemi Benítez
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.