Borrar
Garikoitz Mendizabal eta Gorka Hermosa, aurkezpenean. Lobo Altuna
Txistua eta akordeoia «beste unibertso sonoro» batera daramatzan diskoa
'Sustraien matxinada' | Garikoitz Mendizabal eta Gorka Hermosa

Txistua eta akordeoia «beste unibertso sonoro» batera daramatzan diskoa

Garikoitz Mendizabal eta Gorka Hermosa musikariek 'Sustraien matxinada' aurkeztu dute, Carles Benavent eta Tino di Geraldorekin grabatua

Jon Agirre

Donostia

Lunes, 11 de septiembre 2023, 18:07

Elkarrekin jotzeko gogoari erantzun eta aspalditik bata bestearekiko zuten zorra kitatzeko nahitik sortu da Gorka Hermosa eta Garikoitz Mendizabal musikarien 'Sustraien Matxinada' (Elkar) diskoa. Kostata, duela lau bat urte lortu zuten errepertorio bat osatzea eta lortutakoarekin «flipatu» zuten biek Hermosaren hitzetan. «Garikoitzek (Mendizabal) esan zidan, 'diskoa grabatu behar dugu', baina diskoen mundua nola dagoen ikusita ez nuen argi. 'Edo munduko disko onena grabatzen dut edo paso, ni ez nago denbora galtzeko' bota nion». Eta une horretantxe eman zuen benetako jauzia proiektuak. «Zeinekin jo nahi nuen galdetu zidan, nire idoloekin noski, Paco de Lucíaren sextetoko kideekin, Carles Benavent (baxua) eta Tino di Geraldorekin (bateria-jotzailea)». Horretaz gain, aurkezpenean hiruek nabarmendu bezala, Camarón artista iraultzailearen musikari izan ziren eta jazz-eko hainbat izarrekin -Miles Davis, Chick Corea...- lan egin dute.

Ametsa zirudiena egia bihurtu zen bi musikariek Santanderren zuten emanaldi bat eta ezagun eta lagunak baliatuta. «Aste intentsibo bat egin genuen etxe rural batean, lehen egiten zen bezala, estudiora joan eta egun eta erdi batean grabatu ia lehen edo bigarren toman». Emaitzarekin oso pozik azaldu dira bai bi egileak zein Andres Camio, 'Jitu' Elkar Musikako arduraduna. «Nahasketa bat da, izan daiteke folki, jazzi, klasiko, garaikide...». Aipatutakoa gutxi balitz, 'Jitu'-ren esanetan «maila handiko grabaketa» da 'Sustraien Matxinada', azken urteetan «mundu mailan akordeoiaren erreferente» den Hermosak eta txistuari «sekulako zukua» atera dion Mendizabalek egina. «Txistua ez den edozein gauza jotzen ari dela dirudi». Ados azaldu da Hermosa. «Garikoitzek jartzen dion tokea pasada bat da, euskal kulturaren erraietara, funtsera, bihotzera eramaten gaitu. Eta daukan birtuosismoarekin eta soinu noblearekin instrumentua beste maila batera eramaten du, beste unibertso batetara, euskal musikan bera iritsi arte posible ez zirenak».

'Sustraien matxinada'

'Sustraien matxinada'
  • Egileak: Gorka Hermosa & Garikoitz Mendizabal.

  • Diskoetxea: Elkar.

  • Abestiak: 11.

  • Prezioa: 15,95 euro.

Maila hori lortzea «erronka» izan dela aitortu du Mendizabalek. «Estilo asko daude. Izan zitekeen klasikoa, garaikidea, folklorea, piazzola, flamenkoa. Denetarik dago». Hori dela-eta, izenburua ezin hobea dela iritzi du. «Matxinada zentzu artistikoan, onenean, bilatu du Gorkak estilo horien guztien fusioarekin, denetatik zerbait egon dadin». Lanak hamaika kantu ditu, nahiz eta lehen fasean «30 edo 40» sortu zituzten. Nola aukeratu duten? «Ez da irizpiderik egon, bihotzak eskatzen zizkigunak daude».

Hala, 'Jitu'-k «txikitatik buruan dugun sonoritatea ahaztea» aholkatu dio entzuleari eta 'Sustraien Matxinada' jartzerakoan beste zerbait entzuteko prestatu dadila eskatu. «Gure folklorearekin eta musika tradizionalarekin hain estuki loturik dauden bi instrumentu hauek, txistuak eta akordeoiak, beste unibertso sonoro batera eramaten gaituzte bi maisu hauen eskutan», aipatu du Elkar Musikako arduradunak Hermosari eta Mendizabali erreferentzia eginda. «Musika klasikoen parametroetatik abiatuta euskal folklore erritmo eta doinuak jazzaren askatasunarekin batzen ditu», laburtu du.

Aurkezpenak, prest

Behin diskoa kaleratuta, aurkezpen ofiziala irailaren 23an izango da Zumarragako Antion, euskal baselizen katedralean. Ostean helduko dira azaroan Gasteizko Antxina Folk, otsailean Madrileko Sala Galileon hasiko den biratxoa eta 2024ko martxoan Bilboko Loraldia jaialdian 'Emakumeak eta matxinada' lelopean izango den emanaldi berezia. Diskoa laukotean grabatu bada ere, aurkezpenak molde ezberdinekoak izango dira«aurrekontua edo espazioa» bezalako faktoreen arabera. «Askotan biok arituko garela ulertzen dugu, nahiz eta laukotean ere. Eta Benavent edo di Geraldorekin jotzeko atea ere ez dugu ixten», nahiz eta honetarako haien agenda oztopo izango den jakitun diren. Azkenik, Loraldiko formatuan ere bira egingo dutela aurreratu dute. Bertan «euskal literaturan erreferente diren hiru emakume» gonbidatu dituzte, zehazki Nerea Arrien, Leire Bilbao eta Toti Martinez de Lezea, «sustraien matxinada kontzeptuari buruz duten gogoeta literarioak» parteka ditzaten, tarteka Hermosa eta Mendizabalek euren piezak sartuz.

Prentsaurreko amaieran bi pieza eskaini dituzte Hermosak eta Mendizabalek, 'Amore' eta 'Zelaia' zehazki.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Txistua eta akordeoia «beste unibertso sonoro» batera daramatzan diskoa