Erakusketak lau atal orokorretan sailkatzen du Basterretxearen ekoizpena. IGNACIO PÉREZ

Nestor Basterretxearen trazu eta diseinuak, Durangon ikusgai

Testigantza baliotsua. Durangoko Arte eta Historia Museoak sortzaile bermeotarraren alderdi grafikoan ardazten den erakusketa ireki berri du

Josean Morlesín Mellado

Miércoles, 4 de diciembre 2024, 01:00

Nestor Basterretxea jaio zeneko mendeurrena dugu aurten eta erakunde askok urtean zehar antolatu dituzten egitasmoei esker euskal artista nabarmen honen lanak berriz ere begiesteko edo lehen aldiz ezagutzeko aukera ezin hobea zabaltzen zaigu. Ospakizun hauen azken etapan, Basterretxearen izaera poliedrikoaren alderdi zehatz bat ezagutzera gonbidatzen gaitu Durangoko Arte eta Historia Museoak, irudigintza eta diseinu grafikoan kokatzen diren lanak erakutsiz.

Publicidad

Museoko zuzendariak berak, Garazi Arrizabalaga Cabrerizok, komisario eta koordinazio lanak egin ditu 'Nestor Basterretxea: Diseinatzaile grafikoa eta ilustratzailea' izeneko erakusketan. Ezin dugu ahaztu eskultura, zinemagintza, arkitektura, diseinu industriala eta beste hainbat diziplina jorratu zituen sortzaileak, lehenik eta behin, marrazkilaritzat zuela bere burua. Hau da, ideiak proiektatzen hastea marrazten hastea zen. Esan beharra dago ere ikusizko komunikazioaren arloan zuen esperientzia urrunetik zetorrela. Gaztea zela, irudigile gisa lan egin zuen Argentinako publizitate agentzia batean.

Durangon otsailaren 2ra arte bisita dezakegun erakusketak, paper gainean egindako trazuetatik abiatuz, lau atal orokorretan sailkatzen du Basterretxearen ekoizpena: diseinu grafikoa, kartelak, ilustrazioak eta marrazkiak. Lehenengoari dagokionez, logotipo eta ikusizko nortasun-zeinuetan zehazten dira ikusgai dauden piezak. Ekimen handiko gizona, berak proposatutako diseinuez gain, jasotako enkarguak ere bete zituen. Proiektu komertzialez gain arlo sozialetan ardaztutakoak ere interesgarriak dira, artistaren konpromiso sozial eta politikoarekin lerrokatzen baitira. Euskararen aldeko 'Bai euskarari' kanpainarako 1978an gauzatu zuen diseinua oso interesgarria da. Uso zuri eta gorri baten irudikapen eskematikoa da, abstrakziotik hurbil dagoena. Euskararen aldeko itxaropen sinbolotzat har dezakegu, egilearen hitzetan fenix hegaztiaren antzekoa da eta. Izan ere, sugar gorrietatik hegan irteten da, berpiztuta. Artistaren planteamendu eskultorikoetan nabariak diren forma irmoak ikurraren konfigurazioan ere antzematen dira. Bistan da Basterretxearen eskuetan adierazkortasun artistikoak diseinuaren muinean dagoen funtzionaltasunarekin bikain egiten duela bat.

Kartel askoren kasuan aurreko bereizgarri hori ere maiz betetzen da. Ez hori bakarrik, prozeduren aldetik, aipagarria da collagea, argazkia edota offset-aren erabilera. Amnesty International erakunderako 1989an egindako kartelak, kolore gorria, zuria eta beltza maisuki konbinatzen ditu. Konposizioa bi zatitan banatzen da. Goiko aldean 'No a la pena de muerte' esaldiak mezu argia helarazten digu, itzulingururik gabe. Hizkien estilizazio geometrikoak Europan 1920 eta 1930. hamarkadetan ugaritu ziren esperimentazioen oihartzuna zabaltzen du. Azpiko aldean, gorriz markatuta dagoen pertsona baten zuri-beltzezko marrazkia kokatzen da, urratutako hainbat zatitan banatuta.

Lehen aipatu dugunez, Basterretxeak ilustrazioan ere jardun zuen. Oso interesgarriak dira Juan Garmendia Larrañagaren argitalpenen orrialdeetan tartekatzen diren marrazkiak. Euskal folklore eta tradizioen irudikapenak estiloz aldatzen dira liburu bakoitzera egokitzen diren heinean, planteamendu grafikoen erakusgai aberatsak eskainiz.

Publicidad

Azkenik, aurreko ataletan gauzatu ez diren marrazkiek borobiltzen dute erakusketa. Sortze-prozesu ororen atzean paperak eusten duen substratu grafikoaren eredu apartak dira. Zirriborroak edota gai ezberdinen inguruan trazatutako hurbilketak ikusiko ditu bisitariak.

Ekimen honi lotuta, Durangoko Azokan Gerediaga elkarteak bere esker ona adieraziko dio bermeotarrari abenduaren 7an ospatuko den ekitaldian. Horren ostean, Katrin Alberdi Egües-ek 'Nestor Basterretxea: marrazkitik abiatutako sormena' izeneko hitzaldia emango du, artikulu honen aztergaia den erakusketaren testuinguruan. Izan ere, Katrin katalogoaren testuaren egilea dugu eta Basterretxearen obrarekin duen lotura ez da berria, EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasle eta ikerlari honek bere doktorego-tesia Basterretxearen ondare artistikoaren katalogazio eta kontserbazioan zehaztu zuen eta.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad