Secciones
Servicios
Destacamos
Hautsaren moduan pilatu zen isiltasuna drogen biktimen eta euren sendien gainean. Bazterrak garbitzera datoz. Aretoak betetzen ari da 'Zaldi urdina' antzezlana. Luhuson taularatu zuten aurrenekoz, urri hasieran. Gero, Angelun. Donostiako bost emanaldietan txartelak agortu zituzten, eta igande honetan, azaroaren 17 honetan, Oreretako Niessen Kulturgunean ikusi ahalko da lana. Ekainera arte, 70 emanaldi inguru egingo ditu Euskal Herri osoan zehar Artedrama, Axut eta Dejabu Panpin Laborategiaren produkzioak, areto bakoitzera moldatutz antzezlana. Webgunean kontsultagarri daude data guztiak.
«Bizi den materiala» sortzen saiatu dira 'Zaldi urdina'-rekin, toki zein ikusleetara moldatuko dena. «Euskaldun guztiei mintzo gara, izan gizon, izan emakume, heterosexual, homosexual, amona, nerabe...», azaldu du Ximun Fuchs zuzendariak. Aktore taldea ere askotariko lagunek osatzen dute, bai adinari dagokionez, eta baita lurraldekotasunari ere. Dejabu konpainiako kideak dira, Ainara Gurrutxaga zuzendari laguntzaileaz gain, Urko Redondo eta Miren Alcala; Ximun Fuchs eta Manex Fuchs Axut-ekoak; Ander Lipus Artedramakoa; eta Edurne Azkarate, Olatz Beobide eta Oier Zuñiga ditugu aktore gonbidatuak.
Ondo lotutako lana da. Elkarrizketa sortu nahi du obrarekin zuzendariak. Euskal Herrian drogek eragindako sarraskiaren sakontasuna ulertzen lagundu. Heroinak eragindako mina eraldatu. Izan ere, batzuetan, arteak argitzen du kalezulotik irteteko bidea, eta estigmen ondorioz alboratutakoei ahotsa emateko ere balio dezake. Uste du, gainera, «drogen inguruan badugula ardura kolektibo bat».
«Euskal Heriko toki batean« gertatzen den istorioa kontatzen dute. Aingeru, 17 urteko mutil gaztea, desagertu egin da tekno jaialdi batean gazte bati bihotzekoak eman ondoren. 'Zaldi urdina' deitzen den droga berri batek eragin dio, eta Polizia Aingeruren bila dabil, berak saldu diolakoan. Gauzak horrela, ikerketa hasiko dute Amets, Aingeruren 22 urteko arrebak, Karmen amonak eta Simon udaltzainak.
Ikerketan murgildu ahala azaleratuko dira betiko drogak kontsumitzeko modu berriak, gazteriaren ondoezak, familia sekretuak, interes ekonomikoen boterea edota indar poliziala. Gizarte osoari eragiten dion gatazka, gizartea irudikatzeko neurri txikienarekin erakutsiz, familiarekin, hain zuzen.
Dena euskara batuan, baina aktoreen azentuetara moldatuta, «askatasun osoz gure euskaltasuna bizitzeko, euskaltasun horretan pentsatu gabe». Aktoreen gorputz eta nortasunak erakutsi nahi ditu Fuchs-ek. Ezkutatzea ez du gustuko zuzendariak.
Izan ere, uste du hizkuntz bakoitzak gorputz bat dakarrela bere baitan, eta euskaldunak ere baduela gorpuzteko bere bidea. «Imajinario bat, mundua ikusteko molde bat» daramala berekin identitate bakoitzak, artearen bidez erakutsi eta ikusten dena. Nolako arrastoa utzi du historia zehatz batek, euskal gizarteak, norberaren gorputzean? Horretan nahi izan du sakondu obrarekin; etxeko trapu zikinak etxean garbitzen dira ala norberarenak denon artera zabaldu eta amaitzen?
Euskal gatazkaren kontakizunean drogak sartu nahi izan ditu. Estigma, lotsa eta mina familien gainetik kendu eta gizartean izan duen pisua nabarmendu. «Azken euskal sarraskia» deritzona apur bat garbitu, «familia bakoitzera sartu den gaitzaren motxila pixka bat arindu eta komunitatearen babesa eskaini alternatiba gisa».
Hala ere, mezurik ez du luzatu nahi Fuchs-ek lanarekin, baizik eta galderak sortu. Lorpenik handiena ez da obraren inguruko elkarrizketa sortzea antzezlana amaitzean -nabarmendu du-, norberak bere bizipenetatik hitz egitea baizik. Eta hori lortu dutela uste du, jendea jarri duela aurrez aurre hizketan, iragana mahai gaineratzen, gaurkoak ere erakusten.
Drogak aitzakia dira familia, laguntasuna, identitatea, minak jorratzeko. Antzerkia intimitatearen ispilu izan daitekeela deritzo. Era berean, esperientzia kolektiboen alderik intimoenak erakusteak, uste du, balio duela arakatzeko minaren barrenak. 'Zaldi Urdina'-ren baitan toki handia hartzen du minak eta. Gidoiak galdera errepikatzen du behin eta berriz: nora doa mina desagertzen denean? «Ahuleziek uste dut kontatzen dutela asko. Utzi behar dira agerian».
Izenburuaren inguruan galdetutakoan erantzun zehatza dauka Ximun Fuchs-ek: «gure hizkuntzan zuria urdina da. Ile urdina eta ur urdina, adibidez. Horrek kontatzen du imajinario bat, eta nik uste gure gaitzak sendatzeko gure imajinarioarekin egin behar dugula».
Antzezlanaren alde dibulgatzaileago horrekin bat eginez, ikasleekin emanaldiak ere egin dituzte. Bilboko Arriagan, adibidez, 600 gazteren aurrean erakutsi dute, eta Azpeitian ere harrera ona izan zuten. Ikusleez gain, aktoreak ere obra era sakonagoan ari dira ezagutzen. Miren Alcala aktoreak uste du, hain zuzen, bira egiten hastean deskubritzen direla antzezlaneko gauza asko, kontaktuaren kontaktuaz elkar ezagutu eta elkarri neurria hartuz.
Aingeru eta Ametsen ama da Alcala antzezlanean. Pertsonaia osatzeko, lan dokumentala eta memoria ariketa egin ditu. Batetik, kontuan hartu dituzte Justo Arriolaren 'A los pies del caballo', Pepe Rei-ren 'Intxaurrondo, la trama verde' eta Uxue Alberdiren 'Jenisjoplin'-en tankerako eleberriak, eta bestetik, bizipen pertsonalak. «Oso presente dauzkat eskolara bidean topatzen genituen xiringak, hiesaren presentzia ikaskideen bizitzetan, gazte garaian bizi izandako drogen agerikotasuna...», nabarmendu du Alcalak.
Uste du memoria ariketa hori ikusleek ere egiten dutela, ahal duten heinean. Batzuek atzera begiratuta, beste batzuek entzundako istorioak gogoan, edo ikusitako epe luzeko ondorioen eraginez.
Besteen ongizaterako arduraz ere ari da 'Zaldi urdina'. Alcalak uste du, horregatik, «nolabait denek daukagula barnean pertsonaiaren zatitxo bat, eta horrekin zintzoak izanda, enpatia garatu ahal izan duela pertsonaiarekiko, eta baita beste pertsonaiekiko ere». Bakoitzak ikuspegi batetik begiratzen badio ere gertatutakoari, min bat daukate komunean. «Minak elkartu egiten gaitu askotan, besteen mina ikustean zurearekin ere konektatuz«.
«Konexio hori -zehaztu du-, desberdina da herriz herri. Toki bakoitzaren iraganak eragin handia du horretan. Iparraldean ez zuten bizi izan sarraski hain handia, eta ziur naiz, Errenterian lana erakustean, adibidez, agerian geratuko dela min horrekiko gertutasuna».
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.