Borrar
Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatea, ondare harrigarri eta ezezaguna

Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatea, ondare harrigarri eta ezezaguna

José Antonio Azpiazuren 'Oñatiko Sancti Spiritus Unibertsitatearen historia soziala' liburua argitaratu du berriki Kutxa Fundazioak

Lunes, 4 de enero 2021, 13:53

Orain dela aste batzuk, José Antonio Azpiazu historialariak idatzitako 'Oñatiko Sancti Spiritus Unibertsitatearen historia soziala' liburua aurkeztu zuen Kutxa Fundazioak Oñatiko Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan. Gaztelaniazko ordaina den 'Historia social de la Universidad Sancti Spiritus de Oñati'-rekin batera, Gipuzkoako historia berreskuratzen egindako ibilbide luzea 69. eta 68.argitalpenetara heldu da, hurrenez hurren.

Lan hau, alegia, «XVI. mendean Avilako gotzain Rodrigo Mercado de Zuazolak sortutako Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitateak izan zuen garrantzi historikoa aitortzearekin euskaldunok dugun zorraren zati bat ordaintzera dator«. Aurkezpenean nabarmendu zutenez, «benetan deigarria da, hainbat mendetan zehar, Espainiako iparraldeko unibertsitate bakarra izatea». Salamanca, Valladolid edo Zaragoza urrun zeuden eta garestiak ziren, arriskutsuak izateaz gain, ikasleen bizitzaren kontrolik ez zegoelako eta tentazioak asko zirelako. Hala, Rodrigo de Zuazolak aipatutako ikastetxea sortu zuen zailtasun horiek alde batera uzteko. Oñati ez zen herri handia, nahiz eta garai hartan 5.000 biztanle baino gehiago izan.

Goi mailako ikasketak, merkeago

Gotzainaren asmoa Salamancaren edo Alcalaren eskumen berberak izango zituen ikastetxe bat sortzea zen, euskal probintzietako ikasleak, baita Nafarroakoak, Burgoskoak eta Santanderrekoak ere, erakartzeko. Sortzaileak berak adierazi zuen bere asmoa zela goi mailako ikasketak beste unibertsitate batzuek baino askoz merkeago eskaintzea, Oñatiko bizimodua hiriburu handietakoa baino askoz merkeagoa baitzen.

Gainera, herri horretan kontrol soziala ez zen lan nekeza, eta, beraz, horrek lagundu egiten zion errektoreari beregain hartzen zuen karguan, ikasleak hartzen zituzten ostatuak zaintzeko eta gaueko errondak egin eta ikasleak behartzeko harrera-etxeetara erretiratzera. Gainera, baliabide gutxien zutenei ikasteko aukera ematen zitzaien, ikastetxeko zeregin jakin batzuetan laguntzearen truke.

Unibertsitate hartu zuen eraikina, gaur egun.

Sancti Spirituseko alderdi akademikoak aztertuta daude. Arreta gutxiago jarri zaio Oñati bezalako herri batean hainbat lekutatik etorritako bizitasun handiko gazte talde batek zuen eraginari. Asko ziren ikasleak hartzen zituzten etxe eta baserriak, eta horrek elkarbizitza bultzatzen zuen bertako gazteekin, zeinek talde handi bat ere osatzen baitzuten unibertsitatean ikasten zutenen artean. Talde haren presentziak nahitaez eragin behar zituen indarkeriazko jokabideak, eta zaila izaten zen liskarrak, borrokak eta abusuak ebaztea, alkatearen agintaritzari Errektorearena kontrajartzen zitzaiolako, kontuan hartuta edilena baino adeitsuagoa zela haren jarrera, eta horrek, aldi berean, bi agintarien arteko liskarrak sortzen zituen gainera.

Nola lortu zuen bizirautea?

Nola lortu zen unibertsitate hau mantentzea XX. mendearen hasierara arte, behin baino gehiagotan itxita egon zela eta gerra garaiak ezagutu zituela kontuan hartuta? Hainbat faktorek lagundu zuten horretan, baina gotzainaren ekarpena oso garrantzitsua izan zen, nahiz eta kapital hori gaizki kudeatu izan zen hasieratik. Askotan ezin izan ziren katedrak mantendu, eta horrek bizitza akademikoa ia desagertzea zekarren berekin.

XVIII. mendetik aurrera, euskal probintziak eta Nafarroa ikastetxea zutik mantentzearen garrantziaz jabetu ziren, eta haien ekarpenei esker biziraun ahal izan zuen. Oñatiko Udalaren aldetik babes handia lortu zen unibertsitateak jarrai zezan, eta diru-kopuru handiak eman zituen helburu horrekin; horrez gain, krisialdietan irakasleek janariaren truke ematen zituzten eskolak. Janaria, neurri handi batean, kanpotik zetorren: ardoa, Nafarroatik eta Errioxatik; arraina, kostaldeko herrietatik; kakaoa, Indietatik, eta askotan hornitzaile haiekiko harremana eten egiten zen gerren ondorioz; beraz, ikastetxeak bere elikagaiak (barazkiak, arrautzak, txerria) ekoizteak berealdiko garrantzia izan zuen, eta auzotarren borondate onak ere lagundu zuen horretan, beti prest baitzeuden landako produktuak opari emateko.

Oñatin ikasketak egin zituzten graduatuen zerrenda garrantzitsuak berreskuratu dira, gonbidatu egiten gaituztenak Sancti Spiritus unibertsitatean titulua lortu zuten askok Euskal Herrian, Penintsulan eta Amerikan zer postu bete zituzten ikertzera. Irakaskuntzaren kalitateari dagokionez, ez litzateke gehiegi bereiziko penintsulako gainerako unibertsitateetatik. Eta bere izaera modernoa eta irekia, antza denez, bermatuta geratu da XIX. mendearen hasieran Oñatiko ikasgeletan emakume bat zegoela jakitean.

Kutxa Fundazioak nabarmendu duenez, «liburu honek gogora ekartzen digu lehen izan ginena eta orain garena, unibertsitateko prestakuntza hain garrantzitsua den une honetan herritar kritikoak hezteko, baliabideak eskueran izango dituztenak ingurune aldakorrei zein desafiatzaileei aurre egiteko. Aldaketa handiko garaiak bizi ditugu, eta horiek, gainera, abiadura bizian gertatzen ari dira. Hala, batzuetan merezi du etenaldi bat egitea eta iraganera begiratzea, gure historia hurbilera, bertatik ikasteko, agian gure oraina eta etorkizuna argitzeko gako batzuk izango dituelako bilduta».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatea, ondare harrigarri eta ezezaguna