Secciones
Servicios
Destacamos
Dilema, zalantza eta «auzi ideologikoa» lehen geruza batean dituen, baina funtsean «giza kondizioari eta harremanei buruz» diharduen antzezlana da Patxo Telleriak sortu eta Mikel Martinezekin batera oholtzaratu duen 'Kortxoaren dilema'. «Endredozko thriller politiko» bezala definitua, ostegun eta ostiral honetan izango da Donostiako Antzoki Zaharrean. Mireia Gabilondok zuzendu du eta eszenografiaren diseinua Fernando Bernuések sinatzen du.
«Errealitatetik abiatzen den gaia da, neurri batean ideologikoa eta politikoa. Protagonistaren dilema mamitsua eta interesgarria da edukiaren aldetik, baina dramaturgikoki eraginkorra izatea nahi nuen, antzerkirako ikuskizun potentea izatea», dio Telleriak. Jomuga horrekin thriller egitura jo «zuen» egokientzat « intriga, jakin mina, suspensea, zer gertatuko den, zalantzak, ezustekoak, bihurguneak... Ikusleak pertsonaiekin batera egiten du bidea».
Abiapuntua sare sozialen bitartez filtratutako albiste bat da, ezkerraren erreferente intelektuala den irakasle batek -Mikel Martinez-, 70 urteko Etika eta Filosofia Politikako katedratiko jubilatuak, prostatako minbizia duela. Hala, ezustean sendatzeko aukera bat eskaini diote eta hor azalduko zaizkio dilema eta zalantzak, erreferente bezala gogor kritikatu eta salatu baititu osasun sistema publikoari aberats ospetsu batek egindako dohaintzak «zergak behar bezala ez ordaintzeko trikimailua» direla iritzita, eta horietako bat, erradioterapia ekipamendua, baita ahalbidetuko duena. «Mundu guztiak zer egingo duen argitzea eskatuko dio, gorroto zein miretsi zutenek», aurreratzen du Telleriak.
Noiz: apirilaren 25ean eta 26an, 19:30ean.
Non: Antzoki Zaharrean (Donostia).
Aktoreak: Mikel Martinez eta Patxo Telleria. Tartean konpainia.
Prezioa: 14 eta 22 euro artean.
Antzezlana tonu arin batean hasten da, aktore eta sortzaileak azaldu duenez, eta hein batean «engainosoa da. Komedia dela dirudi, 'La cena de los idiotas' filmaren, oinarrian antzezlana zena, antza du. Pertsonaia bat oso jantzia eta inteligentea da eta besteak inozo samarra dirudi». Thriller komiko bezala hasten dena, aldiz, tupustean thriller politiko bihurtzen da eta hasierako dilema gutxi balitz, erabakia publikoki azaldu behar duen unean, ikasle ohi bat -Patxo Telleria-agertuko zaio ezustean «aspaldiko kontuak garbitzera». «Haien artean harreman oso estu eta esanguratsua egon da, orain azaldu ezin dudana, konkretua eta euren bizitzan asko markatu dituena. Eta pertsonaien hierarkia aldatzen da eta giza harremanei buruzko gatazkak plazaratzen dira egia gordinenak esateko», xehatzen du Telleriak.
Ikusleari gaiak oihartzun egingo dio, Amancio Ortegak egindako antzeko dohaintzek hauts asko harrotu baitzuten. Aspalditik argi zuen zerga sistema ardatz zuen antzezlana egin nahi zuela Telleriak, nahiz eta jakitun zen ez dela «oso teatrala». «Jendeak duen jarrera landu nahi izan dut, esaterako YouTuber ezagun batzuk Andorrara bizitzera joateko erabakia jakinarazteko erakutsitako harrotasuna, euren burua modelo bezala jarriz, amorru handia eman zidan». Era berean, osasun sistema aipatzen bada ere obran «anekdota, beste gaiak lantzeko detonantea» dela azaltzen du. Hori bai, testua osatzerakoan hausnarketa eta eztabaida mordoa izan ditu bere buruarekin «zer kontatu nahi nuen eta nola zehazteko».
2023an lehen aldiz oholtzaratu zutenetik «ardo onak bezala emanaldi bakoitzarekin» hobetzen joan dela dio Telleriak eta guztira egindako 20 zitekin «lasaitasuna, berme edo segurtasun» bat lortu badute ere oraindik «tripetan kirria» nabari dutela azaltzen du. «Gorde behar dena gainera, hori galtzean ilusioa galdu duzunaren seinale baita». Ildo horretan, testu edo dramaturgia aldetik «itxia» da 'Kortxoaren dilema', «erloju makinaria bezala diseinatua» baitago eta, beraz, ez du uzten inprobisaziorako tarterik. «Oso zehatza da eta pauso bakoitza landua dago. Ez du bide askorik ematen aldaketarako, hasieratik frogatu dugu planteamenduak funtzionatzen duela eta eraginkorra dela. Hori bai, interpretazioa sendotzen doa eta antzezlana aberasten».
Esperientzia horrek, gainera, Telleriari erakutsi dio obrak «hizpiderako eta eztabaidarako» aukera ematen duela. «Helburuetako bat da, baina hori ez dago nire esku, gonbidapen bat da. Ikusle bakoitzak irakurketa bat egiten du, batzuk antzezlanaren makinariarekin liluratuta geratzen dira».
Publicidad
Ángel López | San Sebastián e Izania Ollo | San Sebastián
Fermín Apezteguia y Josemi Benítez
Fernando Morales y Álex Sánchez
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.