Irrimarra bikotearen txanda Aieteko Ilustratzaileen Txokoan

Irailaren 19ra arte egongo dira bertan ikusgai 2016 urteaz geroztik elkarrekin lan egiten duten Irene Irureta eta Karmele Gorroñoren lanak

Martes, 11 de mayo 2021, 19:21

Irrimarra bikoteak hartu du datozen hilabeteetarako ostatu Donostiako Aiete Kultur Etxeko Ilustratzaileen Txokoan, haien lanak egongo baitira bertan ikusgai asteazken honetatik, maiatzak 12, irailaren 19ra arte. Bost urte daramatzate hain zuzen Irrimarra izenarekin eta elkarrekin lanean Irene Irureta zumaiarra eta Karmele Gorroño galdakaoarra. Biak Arte Ederretan lizentziadunak dira Euskal Herriko Unibertsitateank, eta bertan hasi ziren elkarlanean, lan kolektiboaren alde apustu eginda.

Publicidad

Erakusketaren berri emateko zabaldu duten oharrean zehazten denez, «prozesu osoan zehar elkarlanean aritzen dira, hasierako ideiatik eta ilustrazioaren emaitzara iritsi arte. Beraien imajinarioan ilustrazio koloretsu eta organikoak aurki daitezke, bolumen nabarmenduekin eta estanpatuak erabiliz. Horrez gain, proportzio eta formekin jokatzen dute estereotipoak apurtzen dituzten pertsonaiak sortuz».

Haien lanak esparru askotan ikus daitezke, ilustraziotik abiatuta betiere. Horma-irudiak egin dituzte (Urnieta, Bilbo, Donostia, Itziar…); eskoletan banatzen diren hainbat agenda (Emakunde, Debegesa…); prentsarako kolaborazioak (denbora-pasak, irrimarrak…); kartelak eta esku orrietarako ilustrazioak... Aipatzekoa da ere haurrei zuzenduriko tailerrak eskaintzen dituztela eta gazteekin elkarlanean horma-irudi kolektiboak sortu izan dituztela.

Liburuetako egin dituzten ilustrazioak ere ugariak dira, eta ederrak. Altzoko Handia-ren album ilustratuen bilduma nabarmendu daiteke, sei alez osatua, Koldo Izagirre idazlearekin elkarlanean sortua eta Erein argitaletxearen bidez kaleratua (2018-2020). Elkar argitaletxearen Ametsen basoa (2019) ilustratu dute halaber, Pello Añorgaren testua landuz. Urte berean, 2019an, Peru Abarka lehiaketa irabazi zuten. Karmele Mitxelenaren hitzek osatzen dute Erakusleihoan izeneko helduentzako istorioa, eta ilustrazioak Irrimarrak sortuak.

2020an argitaratu zuten, berriz, Badauzkat nire zulotxoan Alaine Agirrek idatzia, Ikaselkar argitaletxearekin eta 2021ean Kuoi Fito Rodriguez-ek idatzia, Txalaparta argitaletxearekin.

2012ko urrian Aiete Kultur Etxean Txokoa ireki zenetik, bertatik igaro dira ilustratzaile klasiko eta berriak: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalón, Jon Zabaleta, Belén Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena «Mattin», Ainara Azpiazu «Axpi», Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty, Dani Maiz, Lorena Martínez, Idoia Beratarbide, Tomás Hernández Mendizábal, Iraia Okina, Dani Fano, Andrea Escargot, Iker Ayestaran, Yolanda Mosquera, Asier Iturralde, Miren Asiain Lora, Paul Caballero.

Publicidad

Orain, Irrimarra bikotearen lanak ikus daitezke honako ordutegian: asteartetik ostiralera: 16:00-20:30 / Eskola oporretan: 10:00-14:00, Larunbatak: 10:00-14:00 / 16:30-20:00. Igandeak: 10:00-14:00, Astelehen eta jaiegunetan itxita dago.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad