

Secciones
Servicios
Destacamos
Sei urte isilik egon da baina Saioa Garinek (Legorreta, 1978) bere laugarren diskoa kaleratu berri du: 'Ateak' (2019). Musikariak berak ekoitzi du, soilik formatu digitalean, Moonpalace Records zigiluak ateak itxi zituelako. Ez du zuzenean aurkeztuko.
- Zer egin duzu azkenaldian?
- 'Natura' (2013) atera eta segituan utzi nion zuzenekoak emateari. Ez neukan berriro abestiak sortzeko motibazio handirik eta gauza berririk sortzeko gaitasunik ez nuela sentitu nuen. Nolabait, nire kreatibitatea agortuta ikusi nuen. Abestiak sortzeko gitarrarekin eseri eta lan konstantea egin behar da, nahiz eta askotan emaitza politik ez lortu.
- Eta nola lortu zenuen inertzia hori gainditzea?
- Iazko abenduan Birkit bakarlariarekin hizketan aritu nintzen eta abestiak sortzen jarraitzera animatu ninduen. Bere gomendioak idazteko gogoa sortu zidan. Nire harridurarako, urtarrilean abestiak konposatzen hasi nintzen eta, gainera, erraz ateratzen joan ziren. Maiatzerako 11 abesti nituen, nire ahots eta gitarrarekin eginak. Kantuen eskeletoa, garrantzitsuena dena, hor zegoen baina Joseba Irazoki (gitarrak, banjoa...) eta Felix Buff (bateria) ezagunak ditudanez, nire abestietan kolore pixka bat sartzeko gonbita luzatu nien eta haiek baiezkoa eman zidaten: tamaina horrelako musikarien laguntza izatea luxu bat izan da niretzat.
- Noiztik ez duzu zuzenekorik eman?
- 'Natura' atera ondoren zuzeneko bakarra eman nuen 2013an Bilbon antolatu zen jaialdi berezi batean. Pony Bravo eta Los Separatistas-ek ere parte hartu zuten, jotzeko irrikan zeuden eta jaialdi osoan zehar asko gozatu zuten. Oso eroso eta pozik zeuden denak, ni izan ezik. Uste dut orduan hartu nuela kontzerturik ez emateko erabakia. Ez baduzu jendaurrean ezer ere gozatzen, zertarako jo?
- Ez dakit erosoa zaizun gaiaz hitz egitea baina, saiatu zinen nolabait gainditzen?
- Naturaltasun osoz onartzen dut nire beldur eszenikoa. Hala ere, pena handia ematen dit jendaurrean jo ezin izateak, ezertxo ere gozatu ezin ahal izateak. 2007. urtean musika munduan 'estreinatu' nintzenetik beldur hori izan dut. Nolabait ere, hasieran laino artean nengoen, jendeari nire musika gustatzen zitzaiolako eta kontzertuak jotzeko dei egiten zidatelako. Gainera, txikitatik izan dut jendaurrean jotzeko fantasia hori. Baina laster jaitsi nintzen 'lurrera'. Neure burua primeran ezagutzen dut eta, egun, muga hori gaindituko duen niretzako terapiarik ez da existitzen oraindik.
- Zeintzuk ziren sintomak?
- Nire kasuan, kontzertuaren eguna hurbiltzen zenean, nahiz eta hilabete oso bat tartean egon, oso urduri jartzen eta argaltzen hasten nintzen, lo egiteko arazoak nituen, umore txarrez egoten nintzen... Neure burua agertokian irudikatzen nuen gitarrarekin akatsak egiten, besteak beste. Ziur asko, bakarlari askok izango dute oholtzan hanka sartzeko beldurra, baina sintomaren intentsitatea handiegia denean, orduan sortzen da benetako arazoa. Horrekin batera, agertokian nengoenean, ez nuen batere gozatzen eta saioa bukatutakoan neke psikologikoa eta gozatu ez izanaren atsekabea sumatzen nituen.
- Konposatzen jarraitzeko indar nahikoa izan duzu, zorionez. Beharra al da zuretzat?
- Nere egunerokotasunean, kantak sortzeko benetako beharrik ez dut sentitzen. Are gehiago, niretzako kantuak sortzen hastea lan astuna eta frustragarria da. Hori bai, oraindik abesti osatua ez den baina ona izan daitekeenaren irudipena dudanean, asko gozatzen dut abestia bukatzen. Kreatibitatea muskulu bat bezalakoa da, zenbat eta gehiago erabili, orduan eta errazago aktibatzen da eta emankorragoa da.
- «Atea itxita / ta giltzaren faltan / begiak zerrailan / iltzatuta... Maite nahi dut!», dio 'Oihukatzen du' diskoaren lehen kantak. Zer dela eta aukeratu duzu 'ateak' kontzeptua?
- 'Ateak' ez da disko kontzeptuala, ez behintzat kontzienteki intentzio horrekin egina, baina abesti guztiak bildu nituenean, konturatu nintzen 'Ateak' izan ditzakeen esanahi desberdinen erreferentziak abesti dezentetan agertzen zirela. Abesti ezberdinetako hitz batzuk esatearren: kaiolaren ateak, barneko giltza, ataria, ate giltzatua, bihotz hesitua, oskoletik atera, pasaportearen prezioa, bota etxetik at...
- Horretaz gain, abesti gehienek tonu iluna dute...
- Ados nago. Nire abesti gehienek izan ohi dute tonu hori: batzuk tristeak dira, malenkoniatsuak, baina argi-izpiren bat agertu ohi da une batzuetan. Esan dezakedan gauza bakarra hauxe da: ez dut intentzio malenkoniatsuz idazten, barnetik horrela ateratzen da eta nire pasioa barneko horretan arakatzea da, eta ez soilik abestiak sortzeko garaian. Nik esan ohi dudan bezala, barrura begira bizi naiz. Gizakiaren psikologiak eta bere galderek izugarri erakartzen naute, bai eta bertan nolabaiteko erantzun edo egia bat aurkitu nahi izateak ere.
- Argi-izpiak aipatu dituzu eta badaude zenbait kanta argiago, bai soinuaren aldetik (Irazokiren banjoa nagusi da 'Bakoitzak bereari' abestian), bai hitzen aldetik («Pena merezi al du / biziminari eutsi / ala tristuraz gaixotu / Bizitza motza da», kantatzen duzu 'Bizimina' izenekoan). Oreka hori bilatu al duzu?
- Ez dut uste iluntasun-argitasun arteko oreka bat bilatu dudanik, ez behintzat kontzienteki. Modu naturalean ateratzen zait. Soinu aldetik 'Bakoitzak bereari' kasik alaia da, banjo jostalari horrekin, baina hitzak gogorrak dira. Kontraste hori kuriosoa iruditzen zait: musika hasten da eta dantzan hasteko modukoa da, baina gero hitzak entzunda... Jakin nahi nuke jendeak zer erreakzio izan dezakeen kontraste horren aurrean.
- Zalantzak, beldurra eta inkomunikazioa diskoaren gai nagusiak dira. Besteak beste, 'Galbaheak' eta 'Gau bat' kantetan agertzen dira...
- Nire abestietan gai horiek atera izan dira beti, ez soilik orain. Azken finean, nire bizitza pertsonalean ere hor daude, pertsona gehienen bizitzetan dauden bezala: pertsonak bereizten gaituen ezaugarrietako bat da beldurra. Nire sormenerako sustraiak hor daude eta sustrai horiek egonezin eta indar handia dute, baina hori dena jakina da artearen munduan. Edozein sortzaileri (kantari, idazle...) galdetuz gero, askok esango dizute nolabaiteko indar edo egonezin batek bultzatzen dituztela zerbait sortzera.
- Zirrara handiko kanta da 'Heltzea' eta testu itzela du: «Zer den heltzea / oskolatik ateratzea / ta lozorroan zeuden beldurrak / esnatzen hasten direnean / besteen oinazea hil nahi / norberarena akabatzeko / ta maskarak sortzen hastea / egiak ezkutatzeko».
- 'Heltzea' abestiarekin oso harro nago. Hitzak eta musika elkarrekin batera doaz nolabaiteko 'in crescendo' momentu bateraino. Hitz sakonenak dituen abestietako bat dela uste dut, metafora politekin azaldua. Gainera, badu ironia puntu bat zenbait esalditan, irri txiki bat ateratzen dit...
- Edozein musikarik kontzertuak erabiltzen ditu haren jarraitzaileekin harremanetan egoteko. Nola egiten duzu zuk?
- Niretzat oso garrantzitsua da jarraitzaileak ditudala jakitea, noski baietz, eta kontzerturik ez emateak zaildu egiten du hori. Baina tira, horrela onartzen dut. Egunero ikusten ez dudan arren, kontu bat daukat Facebook-en, Saioa Garin Aranburu izenpean, baina ez dakit jendeak ezagutzen duen. Hor eskegitzen ditut nire musika kontuak, besteak beste. Nahi duenak kasu egin lasai. Asko poztuko nau.
- Eta gustatuko litzaizuke noizbait berriz ere taula gainean egotea?
- Bai!!! Askotan amets egiten dut berriro kontzertu bat ematen ari naizela eta gozatzen ari naizela, baina esnatuta amestea da hori, momentuz behintzat. Ea egunen batean posible den. Ez dira ateak inoiz itxi behar. Bitartean, abesti berrien sormenean eta horiek argitaratzean jarriko dut nire ahalegin guztia.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.